Konfiantza eta presioa

Eitb.com

ZERGATIK egin ditu Idoia Nievesek Lourdes Goicoechearen aurkako salaketak orain eta ez lehenago? Ez da auzi honetan dagoen galdera garrantzitsuena, baina bai edozelako ikerketan aterako dena. Nievesek Goicoechearekin izan zuen lehenbiziko kontaktua 2011ko irailekoa izan zen. Goicoechearen gonbidapenez, elkarrekin bazkaldu zuten eta honek hasiera-hasieratik –Industria eta Enplegu sailburua zen artean, oraindik Ogasuneko ardura eskuratu gabe zuen– Ogasunak ikertu behar zituen subjektuen zerrenda eskatu zion. Ez zegoela sailburuaren eskumenetan informazio hori eskatzea eta berak ezin ziola halakorik pasatu erantzun ei zion tinko Nievesek. Ezezko borobilaren ondoren, ez zegokion informaziorik berriz ez ziola eskatuko pentsatu zuen Nievesek, baina erratu zen. Gutxienez beste sei alditan saiatu zen, azkena 2013ko apirilean, Yolanda Barcinaren aginduz eta CAN auziaren zurrunbiloan, aurrezki kutxaren enplegatu eta kontseilarien soldatak eta ordainketak eskatu zizkionean.

Ustelkeria salaketa, dena den, dimisioaren arrazoietako bat da. Beste bi ere azaleratu zituen Ogasun zuzendari ohiak: Nieves ez zegoen ados Gobernuaren defizit handia hobetzeko Nafarroako enpresei BEZaren itzulketa atzeratu izanarekin: ez ziren legezko epeak beteko eta gainera estu zebiltzan enpresak kaltetzen ziren. Goicoechea sailburuak esparru fiskalean aurrera begira helbururik ez izana jarri zuen dimisiorako hirugarren arrazoi gisa.

Nievesen esanetan, hainbat unetan hausnartu izan du egoera honi guztiari buruz eta irtenbidea dimisioa izan da. Sinesgarritasuna izan du bere azalpenak eta ausartzat hartu dira bere agerraldia eta salaketak. Baina zergatik ez lehenago? Ulergarria da asko eta asko pentsatu izana, ez baita txantxetakoa Nafarroako elite politiko eta ekonomikoari desafio egitea. Horrez gain, arrazoiak bildu ditu denboran. Ikerketak, dena den, emango du argibide gehiago.

Bat, Legebiltzarreko ikerketa, martxoaren 3an bukatzen dena. Bi, ELA eta Kontuzen salaketekin auzia epaitegietan dago jadanik. Eta hiru... non da fiskala? Nahikoa da bi bertsolarik euskal presoen aldeko kalejiran kantatzea Auzitegi Nazionalera joateko, Nieves bonbazoa ez da nahikoa antza, fiskaltzak oraindik ez du tutik ere esan. Ez dago dudarik, justizia berdina da guztientzat.

EURIA ari du bustiaren gainean: murrizketa basatiak –132 milioiko murrizketa izan zen UPN-PSN Gobernuaren apurketaren detonagailua–, Pegenaute sailburuaren dimisioa diru zuriketagatik, CAN auzia, Mediterrania de Catering, D ereduaren aurkako erasoa, ETB ikusteko oztopoak... Gobernuan gutxiengoan, kalea borborka, oposizioa etengabeko erasoan, UPN bitan zatitua eta Catalán-Sanz bikotea kale kantoian aiztoarekin zain... eta Barcina lehendakaria itzulera gabeko bidaian ihesi harrokeria iraingarrian.

Meritua badu, aitortu behar zaio errautsetatik berpizteko gaitasuna eta indarra. Alkate sasoian ere jakin izan zuen bere inguruan botere-kargu-diru taldea eratzen eta makulu hori funtsezko izan zaio alderdi lehian. Madrildik ere luzatu diote laguntza: Nafarroako Lurralde Auzitegiko Mari Paz Benito epaileak estu zuenean, auzia Madrilera eraman eta Espainiako Auzitegi Gorenak errugabe jo zuen.

Horietako arrazoi bakoitza berez da garrantzitsua Barcinak zutik jarrai dezan, baina ez dira erabakigarriak. Barcina eta bere Gobernuaren bizitza eta biziraupenaren arrazoi nagusiak hiru hizki ditu: PSN. Jaio, bizi eta hil, hori da edozelako bizidunen ibilbidea eta Roberto Jimenezen alderdia hori izan da Barcinarentzat: urte luzetan Legebiltzarretik sostengatu ondoren, koalizio gobernua eratu zuen UPNrekin; 2013ko zentsura mozioan ez parte hartzean biziraupenerako oxigenoa eman zion; eta 2014ko zentsura mozioarekin –Barcinak lehenago dimisioa ematen ez badu– hil egingo du.

Nekez balia –edo eraiki– daiteke hobeto abagunea. Europako hauteskundeak 2009, PSNk 62.000 boto; Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeak 2011, PSNk 51.000 boto. Ezin mozorroa hobeto hautatu. Baina mozorrotik egiazko trajera iragateko ordua da. Herritarrak mintzatuko dira maiatzaren 25ean eta oraindik inor ez da fiatzen PSNrekin. Inor. Konfiantza eta presioa, beraz, horra landu beharreko bi esparruak, zenbakiek emango dute eta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Goicoechea auzia
Roberto Jimenez badoa, PSN-n Madrilek agintzen duela adieraziz

Roberto Jimenez badoa PSNko buruzagitzatik eta zergatik azaldu nahi du. EFE agentziari egindako adierazpenetan, Yolanda Barcinaren aurkako otsaileko zentsura mozio ustela jo du kausa nagusitzat.


Politikari, dimititu demontre!

Politikari guztien artean bada oso sustraitua dagoen jarrera bera: ez dimititzea.


2014-03-18 | Iera Aranburu
Barcinak azalpenak emango ditu Parlamentuan ikerketa batzordearen ondorioez

Nafarroako Gobernuko presidentea Goicoechea auziko ikerketa batzordea ondorioez ariko da Legebiltzarrean. Batzordeak dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion.


Zein litzateke bide juridikoa EAEk eta Nafarroak bat egiteko?

PPk eta PSOEk Nafarroako egoeraz duten kezkari buruzko artikulua argitaratu du Manuel Sanchezek ElDiario.es-en. Une honetako egoeraz gain, Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa elkartzeko bide juridikoaz hitz egin du hainbat politikarirekin.


Eguneraketa berriak daude