Erreferenduma Katalunian

Sinfonia harmoniatsua konposatzen dihardu gizarte zibilak

  • Patxi Larrion Espanya contra Catalunya sinposioan harrapatu du erreferendumaren data eta galderak jakinarazi diren momentuak. Historialarien irakurketak eta kaleko giroa ekarri dizkigu kronikan. Arnau Carné Endavant alderdiko kideak ezkerreko ikuspegitik azaldu dizkigu prozesuaren argi-itzalak. Eta prentsako analisietik Manuel Delgado Ruiz eta Rafael Nadalen i Farrerasen artikuluak hautatu dizkizugu.

Patxi Larrion @plarrion
2013ko abenduaren 22a
Artur Mas (CiU) Generalitateko lehendakaria, ERC, UDC, ICV eta CUP alderdietako ordezkari politikoekin batera Generalitateko egoitzan 2014ko azaroaren 9ko erreferenduma modu ofizialean iragartzen.
Artur Mas (CiU) Generalitateko lehendakaria, ERC, UDC, ICV eta CUP alderdietako ordezkari politikoekin batera Generalitateko egoitzan 2014ko azaroaren 9ko erreferenduma modu ofizialean iragartzen.

“Aukeran galdera bakarra nahiago nuen, baina galdera adostua da eta gainera bi galderen formula inteligentea da” hitz hauek jaso nituen abenduaren 12ko arratsaldearen hasieran Jordi Fernandez-Cuadrench historialariaren ahotik. J. Fdez-Cuadrench ERCko militantea izateaz gain, Catalunya contra Espanya sinposioaren batzorde antolatzaileko partaidea da. Sinposioa Centre d´Història Contemporània de Catalunya eta Societat Catalana d´Estudis Històrics erakundeek antolatu dute eta Generalitateko Lehendakaritza sailaren sostengua izan du. Francesc Homs izan zen sinposioa abiatu zuenetako bat: aski ongi neurtu zituen bere hitzak, profil politikoa eman zion ekitaldiaren hasierari. Pentsatu nahi dut Homs lehendakaritza kontseilariak (CDC) jakinen zuela hitzaldia amaitu eta gutxira Artur Mas Generalitateko lehendakaria, Oriol Junqueras (ERC), Ramon Espalader (UDC), Joan Herrera (ICV) eta David Fernandez (CUP) ordezkari politikoekin batera Generalitateko egoitzan izanen zela 2014ko azaroaren 9ko Erreferenduma modu ofizialean iragartzen.

Sinposioan, arratsalde partekoan, une historikoa bizitzen ari zirela antzematen zen parte-hartzaileen solasetan. Inoiz anbiguotasun hitza entzun banuen ere, irribarre gozoa marrazten zen denen aurpegietan. Lluis Duran ere historialaria da, Òmnium Cultural-eko bazkidea eta sinposioaren batzorde antolatzailekoa. “Espainolismoa Katalunian” izan zen bere hitzaldiaren gaia. Lluis Duran klarki mintzo zitzaidan: “Mentalki eta espiritualki jada ez gara Espainian, ez gara ordezkatuak sentitzen Espainian”.

Azken hiru mendeotan, Kataluniak 1714an berezko erakundeak galdu zituenetik, Kataluniako ordezkari politikoak etengabe saiatu dira Espainiako politikan eragiten. Laburbilduz, Madrilen eragin Espainia berri bat eratzeko, Kataluniak berezko zituen eta dituen ezaugarriak atxikitzeko. Bide horretan bestelako antolamendua bilatu dute Madrilgo gobernuengan eraginda. Josep M. Sole Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedratikoa da. Solek bere hitzaldian aztertu zituen, besteak beste, 1901etik gaurdaino Kataluniako klase politikoak Madrilgo gobernuei harremanen markoa aldarazteko, autonomian sakontzeko egin dizkien proposamenak. Kataluniak konponbide demokratikoak eskaini dizkie Espainiako gobernuei, ezaguna da Madrildik maiz jaso duten erantzuna.

Paradigma aldaketa
Kataluniako gizarte zibilaren gehiengoak enpo egin du. Sinposioaren egitaraua aztertu ondoren paradigma aldaketa gertatua dela antzeman daiteke. Orain arte, historiaren alorrean ere, Kataluniak Espainiako historiografian eragin du, adibide gisa Solek bere hitzaldian ohartarazi zigunez, Madrilgo hedabideek Espanya contra Catalunya sinposioaren zuzentasuna zalantzan jarri dutenean kolokan jarri dute Espainiako Aro Garaikideko Historia katedratikoen erdia. Espainiako oposizio bat gainditu duten unibertsitateko katedratikoen erdia utzi dute ezeztatuta.

Egun helburua ez da Espainian eragitea, orain Kataluniak bidean aitzina egiteko beharrezko dituen tresnak nahi ditu atxiki, bide katalana landu eta eginkizun horretan lehen mailako eragilea izan da gizarte zibila. “Jendeak, orokorrean, mesfidantzaz begiratzen ditu alderdi politikoen egiturak, baina, aldiz, eroso sentitzen da, elkarte, plataforma eta gisa horretako antolamenduetan”. Lluis Duranek ohartarazi digunez, azken bi urteotan eta krisi garaian egonda ere, Òmnium Cultural elkarteak bikoiztu du bazkide kopurua. Jendeak lagundu, lan egin nahi eta helburu zehatzak ditu laketago laguntza hori emateko unean.

Duela bi urte arte eta inkestei erreparatuta Katalunian gutxiengo bat agertzen zen independentista. Zer gertatu da prozesu horretan? Zer dela eta daude prest egun ordezkari politikoen ia bi herenak azaroaren 9ko Erreferenduma bultzatzeko? Nork konposatu du Erreferendumaren sinfonia? Bat datoz Duran eta Fdez-Cuadrenchen gertakari horren azalpena ematerakoan: gizarte zibilak eraman ditu politikariak prozesua hau bultzatzera.

Poza eta ardura
Adierazpenen emaria etengabea izan zen Erreferenduma iragarri zen egunean. Kontsulta babesten duten ordezkari politikoek batasun itxura agertu zuten, sindikatuek begirunea adierazi zuten prozesuarekiko eta gizarte zibila, politikariak toki horretara eraman dituzten elkarte, plataforma eta gainerakoak poza ezin ezkutatuz agertu ziren komunikabideetan. Poza eta ardura, izan ere, jakin badakite hau guzti hau hasi besterik ez dela egin. Haiek berebiziko protagonismoa izanen dute Kataluniako gizartea pizturik mantentzen. Gisa honetako kontsulta batek parte-hartze handia behar du, eta tentsio puntu hori mantentzea haien lanetako bat izanen da.

Sinfonia Katalana konposatzen dihardu gizarte zibilak, eta obra ahalik eta armoniatsuena nahi du. Alderdien alorrean, CDCren hautua SiSi (bi galderei baiezkoa ematea) izan dadin ari da lanean, gizarte zibilak jakin badaki PSCren sektore zabalak limurtu behar dituela, horiek ere baiezko bikoitzaren aldekoak izan daitezkeelako. Kataluniako Gobernuak prest du zentso alternatibo bat egiteko plana, kalkulagailua martxan jarri dute, kontsultak izanen duen kostu ekonomikoa jakite aldera. Baina, antolamendu hori guztia alferrikakoa zatekeen ohiko hauteskunde baten maila bereko parte-hartzea lortuko ez balitz. Hori izanen da gizarte zibilaren beste arduretako bat.

Gogoangarria izan zen sinposioaren sarrera hitzaldia. Josep Fontanak Katalunian iraganean eta berriki gertatu diren berezko manifestazioak aztertu zituen, berezko manifestazio horiek agerian uzten dute segitu beharreko bidea. Katalunia badoa.

Bitartean, Madrilgo Gobernuak garbi utzi du kontsulta oztopatuko duela. Noiz arte? Eta oztopatuta ere lortuko al du Rajoyren gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren laguntzaz erreferenduma ez egitea? Arestian aipatu bezala Generalitatean lan talde bat ari da lanean zentso alternatibo bat egiten. Erreferendumaren iragarpenaren biharamunean Bartzelonako Gracia auzoko eskola batean afaldu nuen. Katalunian historikoki eskola izan da integratzeko biderik garrantzitsuena, gizartea kohesionatzeko tresnarik behinena. Afarian, kus-kus gozoa jaten eta sagardo freskoa edaten ari nintzela, Texas estatuko herritar batekin solasean aritu nintzen. Texasekoak botoa eman ahal izanen du azaroaren 9an.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Katalunia independentziarantz

Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude