Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen eta Ibon Sarasolaren dimisioak


Onintza Irureta Azkune @oirureta
2013ko abenduaren 15a
Eskuinetik ezkerrera Pello Salaburu eta Ibon Sarasola, Urkullu eta Goirizelaiarekin.
Eskuinetik ezkerrera Pello Salaburu eta Ibon Sarasola, Urkullu eta Goirizelaiarekin.www.irekia.euskadi.net

Egun esanguratsua aukeratu zuen Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak albiste iluna emateko, Euskararen Nazioarteko Eguna alegia, abenduaren 3a. Pello Salaburu zen batzorde horren arduradun eta haren esanetan erakundearen barruan kudeaketa ereduarekin ados jartzen ez diren egituratu gabeko bi talde daude. Hedabideei esan dienez, “batzuek gauzak era batean egin nahi dituzte, eta beste batzuek beste era batean. Dena den guk ez dugu gehiengoaren iritzia onartzeko arazorik. Beti ere errespetutik egiten bada. Ez dugu duintasuna galdu nahi”. Gramatika batzordeak zazpi liburuko gramatika proiektua aurkeztu berri du eta Euskaltzaindiak hiru liburuko lana nahiago zuen. Zurrumurruek diote botere lehia dagoela Euskaltzaindiaren barruan eta Salaburuk adierazi du gatazka akademikoa dela. Pello Salaburu buru zuen lantalde osoak dimititu du. Ondokoak dira: Pello Salaburu, Iñaki Amundarain, Miren Azkarate, Piarres Xarriton, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Patxi Goenaga, Alan King, Itziar Laka, Maria Pilar Lasarte, Céline Mounole, Jose Antonio Mujika, Beñat Oihartzabal eta Paskual Rekalde.

Dimisioaren berri jakinda, Ibon Sarasolak Hiztegi Batuaren ardura utzi du. Haren ustez, Gramatika batzordearen dimisioa berak Hiztegi Batuaren ardura uzteko azken tanta izan da. Berriari esandakoaren arabera, Euskaltzaindian batzuek akademiaren zeregin arau-emailea lehenesten dute eta beste batzuek euskaltzaleen elkarte bihurtu nahi dute.

Euskaltzaindia abenduaren 20an arituko da Gramatika batzordearen eta Sarasolaren dimisioaz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Euskaltzaindia

Euskaltzaindia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude