Donostia galdeketak sistematizatzeko gertu

  • Krisiak sistema politikoa auzitan jarri duen honetan, gero eta gehiago dira erakundeen erabakietan zuzenean parte hartzea eskatzen dutenak. Donostiako Udalak legegintzaldia amaitu aurretik bidea urratu nahi du arlo horretan. Arau organikoa aldatzeko asmoa du, partaidetza zuzena iraunkorra egin eta galdeketak antolatzeko. Lehenik eztabaida prozesua zabalduko du, urriaren 4an eta 5ean egingo diren jardunaldien bidez.

Donostiako Udalak bost teknikariz osatutako partaidetza bulegoa du. Datozen hilabeteetan arlo horretan jauzi handia egingo duela iragarri du, baina aurretik eztabaida prozesu bat zabalduko du herritarrekin.
Donostiako Udalak bost teknikariz osatutako partaidetza bulegoa du. Datozen hilabeteetan arlo horretan jauzi handia egingo duela iragarri du, baina aurretik eztabaida prozesu bat zabalduko du herritarrekin.Miren Berasategi (CC By-NC-SA)

Partaidetza zuzenaz hitz egiteko jardunaldiak antolatu ditu Donostiako Udalak urriaren 4an eta 5ean Miramar jauregian. Hainbat elkarteko kideak, politikariak eta nazioarte mailan adituak izango dira bertan. Hizlari arituko da, esaterako, Martin Bülher Iniciative & Referendum Instituteko kidea, Suitzako eredua azaltzeko, baita Fernando Pindado herri partaidetzan aditua ere. Jardunaldiei hasiera emateko Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak hitz egingo du. Hitzaldi horretan Donostiako Udalaren herri partaidetza ereduaren ponentzia azalduko du Izagirrek. Funtsean, jardunaldi hauek prozesu zabal baten atarikoa izango dira. Herritarren parte hartzean “aurrerapauso errealak” emango dituela iragarri du Donostiako Udalak.

Uneon parte-hartzea sustatzeko langile eta baliabide ugari bideratzen duen hiriburua da Donostia eta erreferente izateko bokazioz eman nahi du hurrengo hilabeteetan demokrazia zuzenerako jauzia.

Krisi ekonomikoak, murrizketek eta ustelkeria kasuek egungo sistema politikoa auzitan jarri dute. Ez dira gutxi erreforma sakona eskatzen dutenak, herritarrek zuzenean erabakitzeko eskumena izan dezaten. 80ko hamarkadatik izandako geldialdiaren ondoren, Euskal Herrian erreferendumak eta herri galdeketak gero eta maizago antolatzen hasi dira berriz ere: zezenketez, hondakin bilketaz… Axier Jaka Goikoetxea Donostiako Bilduko Partaidetza zinegotziaren ustez, baina, kontsultak oso egoera zehatzetan egin izan dira, “gatazka sozial batek desitxuratuak”.

Donostiako Udalak mahai gainean jarriko du kontsultak eta herri ekimenak sistematizatzeko proposamena: “Nahi duguna da erabaki politikoak hartzeko erreminta bat gehiago izatea –dio Jakak–, baina erakundeen funtzionamenduan barneratuta, ez ez-ohiko fenomeno gisa”.

Auzoetan bultzada berria aurki

Bildu udal gobernura iritsi aurretik ere Donostian parte-hartzearen inguruan lan handia egina zuten kolore askotako alderdiek. 90eko hamarkadan zenbait udalerritan martxan jarri ziren lehenengo prozesu parte-hartzaileak, herritarrek aurrekontuez eztabaidatzeko esaterako, eta Donostia ere olatu horretan sartu zen. Besteak beste, legeak dioenari jarraituz, aholkularitza kontseilu sektorialak eta Gizarte Kontseilua sortu ziren, baita parte-hartze bulego bat ere. Bestalde, 2007an Herritarren Parte Hartzearen Arau Organiko berria onartu zen, Espainiako Estatuko hainbat hiritan bezalatsu.

Euskal Herriko beste hiriek ere kontseiluetan oinarritu izan dute partaidetza. Bilbon, adibidez, barrutietako kontseiluen bidez izaten du hartu emana Udalak herritarrekin. Kontseilu horietan, hauteskundeen emaitzen araberako ordezkaritza politikoa izaten da, baita barrutiko elkarteetako ordezkariak ere, baina azkeneko hauek ez dute boto eskubiderik. Gasteizen, lurraldekako Gizarte Etxeei garrantzia handia eman izan zaie; eta Baionan berriz, Tokiko Agenda 21-i loturik, Parte Hartze Hiritarraren Gutuna onartu zen 2010ean. EHUko Parte Hartuz ikertaldeak 2008an argitaraturiko azterlan baten arabera, batzordeak eta aholku kontseiluak dira udalerrietan gehien erabiltzen diren parte-hartze tresnak. Ondoren daude Tokiko Agenda 21-aren bidez antolatzen diren foroak, eta azkenik herri asanbladek, kontsultek, kontzeju irekiek eta abar osatzen duten talde heterogeneo bat legoke.

Jakaren esanetan, Donostiako Udalean zeharkako gai gisa jorratu du Bilduk partaidetzarena, iraunkortasuna helburu duela: “Gu sartu ginenean bulegoaren kapital tekniko guztia 2016ra bideratua zegoen, proiektu hori herritarrekin lantzeko ahaleginetan. Orduan zera esan genuen: egiten dugun guztia izango da partaidetza sistema iraunkor bat sustatzeko eta instituzio eredua eraldatzeko”.
Hala, udal sailetako zuzendariak gaian hezteko dinamika hasi zuten bileren eta dokumentazioaren bidez, eta neurri ezberdinen artean, sail bakoitzean sozialki sentsibilizatutako pertsona erreferenteak –“funtzio publikoa zein den benetan ulertzen dutenak”– aukeratu zituzten, partaidetza udal osoan dibertsifikatzeko.

Irekitako beste ildo bat auzoena da. 2011n martxan jarri zuten Auzo eta herriak Donostia indartzen ekimena; herritarren parte-hartze handia izan zuen prozesua hark. Geroztik udaleko zinegotzi eta zuzendariak maiztasunez bilera tematikoak egin dituzte auzotarrekin.
Partaidetza garatzeko bidean hainbat auzo elkarteren sorrera ere sustatu du Donostiako Udalak, baina aholkuaren eremuan egiten dute lan: “Gauza jakina da auzo elkarteek ez dituztela auzotar guztiak ordezkatzen, batzuetan interes partikularrak dituzte, eta udal batek ezin ditu horiek defendatu, haustura soziala eragin baitezake, baina subjektu oso inportanteak dira”, dio zinegotziak.

Hain justu Auzo Elkarteen Bilgunea sortu dute, auzogintzaz eta lan komunitarioaz hausnartzeko: “Azken helburua da etorkizunean auzo batzarrek erakunde publikoetan eragina izango duten erabakiak har ditzatela”. Dena den, erabaki asanbleario hori ez litzateke loteslea izango, auzo batzarrak ez baitira juridikoki horretarako osatutako organoak, udalaren onarpen politikoa izan arren. Epe laburrean beste bultzada bat eman nahi diete auzoetan egiten diren bilkura horiei.

Galdeketak antolatzeko irizpideak aztergai

“Erremintak aztertzea ondo dago, baina inportanteena da zer eragin duten. Herritarrek benetan erabakitzen dute?”. Axier Jaka zinegotziaren galdera ez da erretorika hutsa, 2014an zehar arau organikoan parte-hartze zuzeneko prozedura zehatzak txertatzeko prestutasun osoa baitute, jardunaldietatik ateratako ondorioen arabera. Neurriak askotarikoak izan daitezke: herri kontsulta deitzeko baldintzak malgutzea, aurrekontuetan diru-partida finko bat ezartzea, “Partaidetza Zuzenerako Batzorde” iraunkor bat sortzea, funtzionarioen eginkizuna protokolarizatzea…

Baina aurretik galdera ugariri erantzun beharko diete, berariaz antolaturiko jardunaldietan: Gai estrategikoez soilik itaun ahal izango da? Hiri osorako galdeketak ala auzoetakoak ere bai? Zein subjektuk eman dezake botoa? Erabaki beharrekoa Gobernuaren ala Udalbatzaren eskumenekoa izango da? Herri-ekimenak aurkezteko baldintzak, sinadurak, egiaztatzeak, nola behar lukete? Eta quorumak?

Donostiako Udalak garrantzi handikotzat du herri kontsultak egiteko baldintzak egokiak izatea: “Ez dugu uste paradisurik aurkituko dugunik, gai gehienek motxila handia baitaramate bizkarrean, baina ez genuke galdeketarik egingo herritarren eskubideak bermatu gabe: informazioa, eztabaida…”.

Nola betierekotu demokrazia zuzena?

Partaidetza zuzenak baina, baditu muga espezifikoagoak, legeak ezartzen dizkionak kasu. Espainiako 1985eko Toki Araubidearen arabera udalerri mailako kontsultek ezin dute lotesleak izan. Alegia, ez dira erreferendumak, herri kontsultak baizik. Erreferendum lotesleak Konstituzioa edo estatutuak aldatzeko baino ezin dira egin. Bestalde, edozertaz galde liteke, Ogasunaz izan ezik; herritarrek ezin dute ordenantza fiskalaz, aurrekontuez edo zergez erabakirik zuzenean hartu.

Beste zailtasun bat ere badago. Nola betierekotu sistema bat, lau urtetik behin gobernua aldatzeko aukera dagoenean? Zentzu horretan, Jakak garbi du arau organikoan egindako aldaketek ezingo dutela eredu berria “blindatu”, baina bere ustez behin pauso batzuk emanda “atzera egitea asko kostatzen da, oposizioa handiagoa da eta herritarrak boteretuago daude”.

Nolanahi ere, Donostiak eredugarri izan nahi du parte hartzearen gaian, batez ere demokrazia zuzena sistematizatzen duen hiriburu aitzindaria izan litekeelako. Kasu honetan, tamainak asko esan nahi baitu: “Herri txikietan parte-hartze zuzeneko mekanismoak ez dira ezinbesteko, herri batzarrak eta halako guneekin populazioaren espektro handi batengana irits zaitezke; baina 185.000 biztanleko hiriburu batean hori ezinezkoa da, jende-zoko handiak geratzen dira albo batean”. Horregatik, Jakaren ustez, funtsezkoa da partaidetza unibertsalizatzeko mekanismoak sortzea.

Arau organikoa aldatzeko Donostiako udal gobernuak ezinbesteko du beste talde politikoen adostasuna, eta Miramarren egingo diren jardunaldietara joateko gonbidapena badute jadanik. Bien bitartean, azaroaren amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako desanexio erreferenduma egingo dute Igeldon –Donostiako udalak neutraltasuna azaldu du–. Jakak ziurtatu du erreferendumak eta partaidetza zuzenari buruzko hausnarketak denboran bat egin izana kasualitate hutsa dela, baina onartu du Igeldokoak akuilu lana egin dezakeela eztabaida animatzeko.
 

Josu Larrinaga, EHUko iraskalea: “Parte-hartzearen unerik onena da Olentzerori gutuna bidaltzen diozunean”

EHUko Parte Hartuz ikertaldeko kidea da Josu Larrinaga eta Donostiako jardunaldietan egingo den mahai-inguruan izango da.

Iraganean Euskal Herrian demokrazia zuzena praktikatu omen da...

Adibide historiko horiek komunitateari loturiko jendarteetan gertatzen dira, eta ez hainbeste indibiduoa kontuan hartzen duten jendarte modernoetan. Parte-hartzearen aldeko ekimenetan asko aipatzen dira batzarrak edo orain arriskuan dauden Arabako kontzeju irekiak. Horiek gizarte tradizionaleko erakundeak dira eta praktika nagusia izan da etxeak edo familiak izatea ahotsa. Baina noski, familia eredu bat izan daiteke autoritarioa. Lehen ere gauzak ez ziren miresgarriak.

Komunitateak zer garrantzi dauka honetan guztian?

Auzolana askotan aipatzen da. Gaur egungo auzolanak zerikusi gehiago dauka punk mugimenduaren Do it yourself (zerorrek egin) kontzeptuarekin. Interes berak dituztenak batzen dira, Donostiako Piratak adibidez. Baina auzolana da, agian zuretzako onuragarria ez den lan bat egitea komunitatearen alde. Gizarte modernoan komunitatea gelditzen da? Hori da kontua.

Suitzan galdeketekin erabaki baztertzaileak hartu izan dira.

Azken aldian kontsultekin saltsa handia sortu da. Batzuek planteatu dute erremediorik ezean hori izatea irtenbidea, baina gero ikusi dugu arazo konplexuetan kontsulta zarata ere izan litekeela komunikazioa baino.

Hortaz, galdeketa antolatzeko orduan, zer da zure ustez lehenik eta behin aintzat hartu beharrekoa?

Aurretik egiten den kontakizuna galdeketa baino funtsezkoagoa da. Demokrazia zuzenaren momentua da proiektua oraindik definitu gabe dagoenean. Egitasmo urbanistikoetan, adibidez, proiektua egin eta gero jartzen da erakusketan; noski, jendeak zer esango du jakinduria zientifiko-teknikoz jantzitako totxo baten aurrean… Kontakizunaren momentua parte hartzeko unerik onena da, Olentzerori gutuna bidaltzen diozunean.

Parte-hartze zuzenerako mekanismoak iraunkortu daitezke, Donostiako Udalak egin nahi duen moduan?

Sistematizatzea ondo dago, baina Donostiako Udalak hori egin dezake dagokion eskumenen markoan. Gaur egun asko hitz egiten da “maila anitzeko gobernantzaz”. Udal batek egin dezake politika oso ausarta parte-hartzearen inguruan, baina jendea zapuztuta senti liteke. Hori gertatu da Agenda 21ekin; udalak saiatu izan dira gauza asko egiten eta jendeak ikusi du arbola batzuk landatzea posible duela, baina AHTa zure herritik pasatzen denean ez dagoela zereginik.

Beraz...

Donostiakoa bihur liteke erreferentzia bat, baina adibide bat jarriko dizut. Eusko Jaurlaritzak onartutako Lurzoruaren Legeak parte hartzeko mekanismoak aurreikusten ditu eta Bilboko Udaleko Hirigintza Saila Ezker Batuaren menpe zegoenean, teknikariekin jardun ginen hori martxan jartzeko. Interesa sortu zuen, teknikariek ikusten zutelako euren lana erraztu egin zitekeela. Gero etorri zen Azkunaren gehiengo osoa eta ez genuen ezer gehiago jakin. Kultura politikoan aldaketarik ez badago, agintearen araberakoa izango da dena, baldin eta ez baduzu arautegi bat sortzen.

Orduan, herritarrek erabakitzeko gaitasun gehiago nahi badute, zein bide hartuko dute?

Gobernagarritasuna osatzen duten aparatuak zalantzan jartzen direnean, jendea “oldartu” egiten da parte-hartze gehiago eskatzeko. Politikariak beti esan dezake arautegi bat badagoela, baina duela bi urte Donostian uholdeekin gertatu zena pasa liteke, eta hori kontuan hartu behar da. Oldartze bidezko parte-hartzea asko praktikatu duen herri batean bizi gara, mundu guztiak daki gizarte mugimendu bat sortzen.
 

Suitza eta demokrazia zuzenaren kontraesanak

Munduko demokrazia garatuenetakotzat jo izan da Suitzakoa. Demokrazia zuzenaz hitz egiterakoan, herrialde hori hartu ohi da adibide. Suitzarrek XIX. mendetik dute euren agintariek onartutako legeak erreferendum bidez atzera botatzeko aukera eta proposatutako ekimenen bozketak ere aspaldikoak dira.

Urtean gutxienez lauzpabost erreferendum egiten dira herrialde helvetiarrean afera ugariren inguruan. Zenbait gai estrategikotan ezinbestekoa da erreferenduma egitea, eta gainerakoetan, federazio osoan 50.000 sinadura bildu behar dira galdeketaren bidea irekitzeko. Horietan erabakitakoa loteslea da.

Herri gehienetan udal gobernua herritarren batzarrak aukeratzen du eta zenbait kantoietan oraindik iraunten dute landsgemeinde edo lurralde asanbladek; legeak eta aurrekontuak onartzen dira horietan.

Erreferendumak deitzeko erraztasunak izaera prebentiboa dauka. Alderdiek nahiago izaten dute aurretik gaiak adostu gerora herritarrek atzera botatzeko arriskua izan baino. Bestetik, sistemaren iraupenerako suitzarren kultura politikoa nabarmendu du askok, Estatuaren ardura eurena ere badela sentitzen baitute.

Baina kontraesanak ere badaude. Bestela, nola uler liteke emakumeek 1971 urtera arte botoa emateko eskubiderik ez izatea? Azken urteetan lege xenofobo zenbait ere onartu dituzte herritarrek, eskuin-muturreko alderdiek proposatuta. Bestalde, 2011n etxean armak gorde ahal izatearen alde bozkatu zuten suitzarrek, eta berrikitan gizonezkoen derrigorrezko zerbitzu militarrarekin segitzea erabiki dute.
Demokrazia zentzu zabalean hartuz gero, erabaki eta jarrera horiek zerikusi gutxi dute kultura politiko demokratikoarekin.

Arabako kontzeju irekiak, iragan asanblearioaren isla

Iraganean demokrazia zuzenarekin zerikusia zuen zuzenbiderik izan zela dioenik bada. Maite Lafourcade Paueko Unibertsitateko irakaslearen esanetan XVII. mendeko Lapurdin etxeko jaunek komunitatean hartzen ei zituzten erabakiak. Pablo Sastre idazleak, bestalde, azkeneko saiakera liburuan dio Goi Erdi Aroan erresumarik ez zegoenean herri-batzarrak zirela erabakiguneak: “Komunitateari zegozkion arazoak eta auziak bertan elkarrekin eta nola-halako igualdadean erresolbitzen ziren”.

Arabako kontzejuek antzinako sistema horren ondorengotzat dute euren burua. Lurralde osoan 336 kontzeju daude –ia guztiak kontzeju irekiak dira– eta 35.000 lagun bizi dira. Kontzeju irekietan herritarrek hartzen dituzte erabaki guztiak, eta hauteskunde bidez aukeratutako batzorde eta presidenteek erabaki horiek betetzen dituzte. Preseski, aurten izango dira bozketak, azaroko azkeneko igandean –herritarren %80ak parte hartzen du batez beste aukeraketan–.

Javier Argote Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakariak dioenez herritarren partaidetza gaiaren araberakoa da; eztabaida sortzen duen auziren bat tartean bada, jendeak kontzejura jotzen du: “Erabakitzeko gaitasuna izateak jendea motibatu egiten du”. Gaiak eztabaidatzeko unean lehen­dakariaren figura oso inportantea da, normalean berari iristen baitzaio informazioa Aldunditik edo Udaletik, hori ondo igortzen jakin behar du. Kasu batzuetan teknikariak ere joaten dira azalpenak ematera, eta gauzak garbi ez badaude, hurrengo aldirako uzten da erabakia.

Argoteren ustez, zenbait herrietako auzo edo elizateetan kontzeju irekien eredua aplikagarria da, udalerri osorako diren eskumenak errespetatuz. Dena den, tokiko erakunde hauen etorkizuna zalantzan dago, aurki Espainiako Legebiltzarrean tokiko administrazioen arrazionalizazio Legea onartuko baitute: “Arriskua handia da, ez soilik kontzejuentzat, baita udalerri txikientzat ere” dio Argotek.

4.000 lagun auzolanean urtero

Kontzejuetan herritarren parte-hartzea ez da erabakietara mugatzen. Urtero lauzpabost vereda edo auzolan egiten dituzte, ez soilik bideak edo askak garbitzeko, baita obra txikiak egiteko ere. Zenbait kontzejutan ordenantza bidez dute arautua auzolana eta gutxi batzuetan derrigorrezkoa da parte-hartzea, isunik jaso nahi ez bada. Araban 3.000 eta 4.000 lagun artean aritzen dira urtean halako auzolanetan.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren parte hartzea
2023-06-20 | Ilargi Manzanares
Zuberoko trenbide zaharra errepide bihurtzearen aurkako protesta ibilaldia egin dute

Ekainaren 17an egin dute ibilaldia ‘Les Voix du Saison’ taldeak antolatuta, eta errepidearen aurka proiektu alternatiboa aldarrikatu.


2022-11-27 | Jon Torner Zabala
Emun kooperatibak 25 urte
Tailerrak euskalduntzetik, gai sozialetan eragitera

Emun lan mundua euskalduntzeko helburuarekin sortu zen 1997an. Genero berdintasuna, parte-hartzea, gizarte erantzukizuna... beste hainbat esparrutan ere eragile da gaur egun, berrikuntza sozialaren hariari tiraka. Kooperatibako lau langilek haien bizipenak kontatu dizkigute, eta... [+]


2022-10-24 | Lide Iraola
Baztango alkateek herri galdeketa antolatu dute azaroaren 20rako, Erdizko lurrak meatzaritzarako erabiltzeari buruz

Magna meatze enpresak lurrak okupatzeko eskaera ari dira eztabaidatzen Nafarroako Parlamentuan. Baztango alkateek salatu dute herritarrei dagokiela erabakia. Espainiako Gobernuak jada bi aldiz debekatu diete herri galdeketa aurten.


Gero eta udalerri gehiago batzen ditu Herri Hezitzaileen Sareak

Hezkuntzaren ardura konpartitua dela eta familiaz eta eskolaz harago herria bera eremu hezitzailea dela, herritarrak hezitzaile ere badirela ulertzen du Herri Hezitzaileen Sareak. Otxandiok (irudian) bat egin berri du sarearekin eta dagoeneko 36 herri direla jakinarazi dute.


Eguneraketa berriak daude