Aske Gunea eta bake prozesua

ETA-REN ondorengoan aktore politiko bakoitza nola kokatzen den ikusi dugu berriz ere Aske Gunearekin. PPk bere errepresio politikarekin jarraitzen du eta ez dirudi horri buelta eman nahi dionik. Krisi ekonomiko latzaren erdian, kohesio osagai da Espainiako batasuna, eta horri heldu dio. Kataluniak ematen dio aukera eta Euskal Herriko bake prozesuak ere bai. Epe ertain-laburrera horrek seguruenik beste arazo batzuk sortuko dizkio lurralde horietan, baina egoeraren larrian, soilik oinetakoen punta da garrantzitsua nagusitasuna duenarentzat. Eta oraingoz PPk nagusitasun handia du Espainian.

PSOEk badu aurrera egiteko borondaterik, baina geldo, hauteskundeetako hondamendien ondoren, bere birmoldaketan buru-belarri murgildua dago, krisiari eta estatu ereduaren berritzeari aurre nola egin asmatu ezinik. Berrantolaketa gidatzeko lehian, gainera, bi euskal herritarren izenak entzuten dira gero eta ozenago: Patxi Lopez eta Eduardo Madina.

EAJ badabil bake bideak urratzen, elkarbizitzaren eta akordioaren bidetik Euskal Herrian orrialdea pasatzea oso bere interesakoa da. Esparruak ere argi finkatuak ditu, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra eta, zehazkiago, Urkullu-Raxoi ardatza eta bakegintzako ponentzia –agur Aiete–. Ahal den neurrian, dena berak ondo kontrolatua; eta badirudi bide horretan PSErekin hobeto molda daitekeela (memoria, foruak eta Espainiaren federalismoa...) ezker abertzalearekin baino.

Seguruenik horregatik, bere inguruko hedabideek ez zioten ia jaramonik egin Donostian Aske Gunearekin gertatu zenari, bereziki Ertzaintzak atxiloketak gauzatzeko izandako partehartzearen unera arte. Eta une horretan ere gutxi eta oso kontrolatua. EITBko medioetan ere –Euskadi Irratia besteak baino gehiago gerturatu arren– agerikoa izan da jarrera hori. Seguruenik EAJk irakurri du komeni dela ez haize gehiegi ematea ezker abertzalearen mugimendu garrantzitsu honi. Hala ere, gertakizunek berez hartu dute lekua eta garrantzia egunerokotasun informatiboan. Urak moduan, bere bidea egin dute.

Iñaki Altuna kazetariak argi diosku Gazte Gunearen iturburua  nondik datorren (Gaur8, 2013-04-27): “‘Nekez geldituko dugu martxan dagoen operazio bat, baina erantzun egokia emanda operazio hori agindu dutenen apustua higatu ahal izango dugu, eta, modu berean, aterabide demokratikoa defendatzen dugunon jarrera indartuko dugu’. Halaxe zioen ezker abertzalearen estrategiaren berregokitzea ekarri zuen ‘Argitzen’ eztabaida txostenak, ‘Erantzun dinamika: herri harresia eraiki’ izenburuko atalean. Paperetik errealitatera urrats egitea izan ohi da zaila halako egitasmo teorikoetan, baina esan daiteke oraingoan lortu dutela (...)”.

Gertakariek, mugimendua bultzatu duen ezker abertzalea bera ere gainditu dute seguruenik. Beste gauza bat da aurrera begira zer ekarri dezakeen. Oraingoz, “dena da ETA” doktrinapean auzipetuak diren 200 bat pertsona horien kasuek zeresan asko emango dute. Gizarteari gatazka konpondu barik dagoela gogorarazteko beta ezin aproposagoa ematen dio ezker abertzaleari –Madrilek eskainia berriz ere–.

Baina ezker abertzalearen logikan, hori ez da atzera begiratzea, hainbat buruzagi jeltzale eta sozialistek iradoki duten moduan, guztiz kontrara baizik. Orain arte ezker abertzaleak ez du desobedientzia zibilaren tekla modu aktibo eta estrategikoan sakatu –beste batzuen ahaleginak sostengatu baditu ere–, eta hau ikuspegi estrategikoa duen mugimendua da. Hastapen fase honetan, gainera, ibilbide handia du, erresistentzia baketsuak Estatuaren oso neurri injustuei erantzungo dielako eta hor, galtzeko baino –herritarren sostenguaren ikuspegitik– dena irabazteko delako.
 


ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri harresiak
Hamar urte bete dira Ondarroan zubi harresia eraiki zenetik

"Kartzelak husteko garaia" zela argudiatuta, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihesteko zubi harresia eraiki zen Ondarroan 2013ko maiatzaren 10ean. Lau egunetan, Ondarroatik egindako aldarriak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.


2019-04-08 | ARGIA
Espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra, Donostiako herri harresiko azken presoa

Igandean, apirilak 7, espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra preso politiko donostiarra, sei urteko espetxe zigorra bete ostean. 2013ko apirilaren 30ean atxilotu zuten Ezkerra, Donostiako Askegunean, Segiko kide izatea leporatuta. Orduan atxilotu eta espetxeratutakoetatik Ezkerra... [+]


2018-10-01 | ARGIA
Seven young Basques illegally sent to prison

They were arrested in 2015 after being accused by the Ertzaintza (Basque police) of being members of pro-independence organization Segi. The Spanish Constitutional Court has now declared the order for arrest and imprisonment invalid and “against the law and rights”.


2018-09-26 | ARGIA
Zazpi gazteren atxilotze eta espetxeratzea "legez kontrakoa" izan zela ebatzi du Konstituzionalak

2015ean atxilotu zituen Ertzaintzak Segikoak izatea leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako zazpi lagun, horietatik hiru Gasteizen egindako “herri harresian”. Defentsak Auzitegi Gorenean jarrita zuen helegitea aintzat hartu eta gazteak kartzelaratzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude