"EAJ oso urruti ikusten dugu guregandik, oso urruti"

  • Gasteiz, 1973. Filologia erromanikoa ikasia. AEKn euskaldundua. EH Bilduko legebiltzarkidea da Gasteizen: “Antolakuntza politikoetan eroso sentitzen naiz. Ezker abertzalearen etxea ondo ezagutzen dut, Araban jardun baitut arlo horretan. Oraingo etxea dezente handiago da, baina nire burua trebatua ikusten dut oraingo ardura hartzeko” esan digu Sortuko lehen presidenteak.


2013ko martxoaren 31n
Dani Blanco

Sortuko presidentea izatea alderdia egokitzeko beharraren ondoriotzat jotzen du Hasier Arraizek: “Nire izendapenak badu zerikusia alderdian idazkari nagusia izatearekin. Sortuko kideek egindako eskaera bati erantzuna gauzatu dugu. Proposamena polita da. Arnaldo Otegiren hutsunea larria da guretzat eta hori agerian utzi nahi izan dugu. Hori dela eta, idazkari nagusiaren ondoren presidentearen izendapena egin da. Alderdiari neurria emateko modua da, besterik ez”.

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Parot doktrina legez besteko proposamen bezala aurkeztu zuen egunaren biharamunean egina dago elkarrizketa.

Arnaldo Otegiren bi aipu nabari ziren Sorturen azken kongresuan: “Kontsigna gutxiago eta argudio gehiago”. “Jabetzen al gara lan historiko itzela dugula? Ala uste dugu ezberdintasuna dela borroka armatuaren desagerpena?”. Aipu zorrotzak.

Zorrotzak, bai. Sortuk zorrotz jokatu nahi du, hasteko bere buruarekin. Arnaldoren hitzak gustura hartu ditugu, oso zehatzak baitira. Zentzu horretan hauxe esan genuen kongresuan: ezker abertzaleko kideak konfrontazio garaietatik gatoz, ohituta eta zailduta izan gara konfrontazioan. Egoera hori oso latza izan da, baina, seguruenik, politikoki jarduera errazagoa zen oraingoa baino. Oraingo egoera ez da hain gogorra, itxuraz edo neurri batean. Noski, orain ere sufrimendua badago, oso handia. Besteak beste, giltzapean dauden kideena, euren senideena. Egun gauzak politikoki konplexuagoak dira lehen baino, eta beste modu batez jokatzen ikasi behar dugu. Arnaldok dioenez, iraganeko formulek ez dute orain balio. Horiek horrela, gauza bat dago aintzat hartzekoa: ezker abertzaleak aldaketa estrategikoa oso denbora laburrean egin duela, aldaketa oso sakona da, eta aldaketa ez dago neurrian egina oraindik.

“Guk ez dugu ikusten garai berri batean gaudenik” esan digute Eusko Ekintza alderdi berriko Santamaria eta Garmendia kideek orriotan.

Bada, guretzat ukaezina da garai berrian gaudela. Badaude hainbat faktore hori baieztatzeko. Nagusia, ezker abertzalearen baitan eztabaida estrategikoa egin izana. Horrek fase politiko berria ekarri du Euskal Herrira. Eragile politiko eta sozial gehienak ados gaude horretan.

“Aldaketa estrategikorako tresna” jarri duzue abian. Sakondu horretan.

Alegia, Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa gauzatu behar da gehiengo politiko zabalak eraikiz. Horrek berez aldaketa ugari eragin du. Hori da abiapuntu nagusia.

Sortuk ez duela autokritikarik egin modu sakonean, diote batzuek.

Autokritika ez da inoiz amaitu behar, berezko ariketa izan behar du. Landu beharreko jarrera da, etengabe. Baina, kontua ez da kritika gutxi edo asko egitea une batean. Gainera, esango nuke, eragile politiko nagusien artean, autokritikarik sakonena eta serioena egin duen indar bakarra ezker abertzalea dela. Gustatuko litzaidake gainerako eragileek gu egiten ari garen autokritika egitea.

Aldaketarako bidean, nola baloratzen duzue desobedientzia politikoaren aukera?

Konfrontazio prozesu horretan, abangoardiak ez du instituzioetan egon behar, kalean baizik, eragile sozialen ondoan. Herritarrek prozesuaren abangoardia izan behar dute, eta beraien bultzadaz, datozen mugimenduekin guk geuk lan politikoa eraman behar dugu instituzioetara. Beraz, guk prest egon behar dugu gobernatzen ari garen tokietan, herritik datozen eskaerei eta beharrei erantzuteko, eta desobedientzia bidezko politika egin behar bada, egin ere. Ez dugu horretarako beldurrik izan behar. Gure partetik ez da jarrera epelik izango. Hala ere, argitu aldera, prozesu eta askapen mugimenduaren epizentroa ezin da instituzioetan kokatu, ezin da planteatu desobedientzia instituzioetatik abiatzea. Lana kalean abiatu behar da eta gero erakundeetan osatu.

Arlo sozialean, lan esparruari dagokionean, nola moldatzen zarete, esaterako, ELArekin?

Une honetan ez gara ondo moldatzen, ELAren jarrera eta gurea dira horren adibide. Hala ere, ELA ezkerreko sindikatua da, abertzalea. Bere esparru politikoa aski argi dago zein den, badaki non dagoen EAJ, non PSE-PSN edota UPN-PP. Hau da, esparru politiko horretan ezkerrekoa eta abertzalea den eragile bakarra egun EH Bildu da, eta ELA, zabaltzen ari den esparru horretan dago. Guk ELAri aliantza zabala egitea proposatu diogu, herritarren bloke independentistaren ildoan, elkarrenganako autonomia errespetatuz. Aldaketa politiko eta sozialera eraman behar gaituen esparru hori elkarrekin eraikitzeko aliantza nahi dugu.

Aliantza egitea zaila da. Zergatik?

Guk esan dezakeguna hauxe da: ELA aitzaki bila ari da proposamen eta aukera hori kontuan ez hartzeko. Ez du elkarlanerako gure gonbidapena aintzat hartu.

Lidergo kontua al da?

ELAkoek eragile guztiak berdin edo berdintsuak garela diote, ELAren diskurtsoa ildo horretan dago. Baina argi dago, hori ez da egia. Gogoz kontra ari direla ematen du. ELAk ikusi behar du noiz egingo duen aukera hori, baina lehenago edo beranduago egin beharko du. Sorturen eskaintza elkarlana da, bloke independentista eratzeko, Euskal Herria emantzipatzeko, eremu nazionala nahiz soziala askapen bidean jartzeko. Bloke horrek motorra izan behar duelakoan gaude gu.

Bestalde, EH Bilduk 197/2006 doktrina eraman du Eusko Legebiltzarrera, legez besteko proposamen moduan. Zer balorazio egin duzue emaitzaz?

Positiboa izan da, eta agian, beste elkarlan batzuetarako abiapuntua izan daiteke. Agian. Dena den, zoritxarrez EAJ guregandik oso urrun sentitzen dugu, beste garai batzuetan EAJk zituen posizio politikoetatik oso urrun. EAJ gehiago ari da PP edo beste eragile batzuei begira, Euskal Herriaren interesei begira baino. Hori esanda ere, Parot doktrinari buruz garbi utzi zuen Ines del Rio presoari egindakoarekin ez dagoela ados. Parot doktrina indarrean egotea guztiz bidegabea da.

Bake ponentziari buruzko lehen debatea ere egin zen. Zer moduz?

Legebiltzarra bakeaz jarduteko foroetako bat da, baina ez bakarra. Euskal Herriko PP Madrilgo PPk baldintzatuta dago oso. Madrilgo Gobernuak lotuta dauka euskal alderdi popularra. Nire ikuspegitik, ziur aski, hemengo PPko kideek beste modu batez jokatuko lukete. Bestelako mezu bat helaraziko lukete, baina ezin dute, ez diete uzten. Estatuaren jarrera erabat itxia da gatazka konpontzeko, eta beraiek alderdi diziplinari eutsi behar diote.

Debateak zalaparta izugarria eragin zuen osoko bilkuran.

PPko kideak oso jarrera zehatzarekin joan ziren bilkurara. Beraien helburua bake ponentzia eratzeko lan taldea galaraztea izan zen, ez baitakite nola justifikatu bertan ez egotea. Egon nahi dute, baina ez diete uzten EH Bildu dagoelako. Madrilen hori “saltzea” oso zaila delako. Euskal PPk zailtasunak ditu. Horiek horrela, EAJ eta PSE saiatu dira PPri erraztasun guztiak ematen, eta, hala ere, ez dute lortu PP bertan egotea. Artean, bitartekaritzarako gune hori, sentsibilitate guztiak bildu behar dituena, ez dago eratua. Foroaren baliagarritasuna ukituta geratu da. Baina, ez da EH Bilduren erruarengatik inondik ere, hasieratik EH Bilduk prestutasuna erakutsi baitu parte hartzeko.

Aurreko legealditik datozen trabak ere badaude, hortaz.

Ponentzia hori bazterketa jarrera batean oinarrituta dago, aurreko legealdian abiatutako ekimena baita. EH Bildukoak 21 biltzarkide gara. Legebiltzarreko 75 eserlekutik 21 betetzen ditugu guk. Aurreko legealdiko ordezkariek hartutako erabakiak oinarri dituen ponentzia da, gu ez geundenean erabaki zen foroa eratu nahi dute orain.

Iraganeko terminologia erabiltzea aurpegiratu dizuete beste alderdiek. Gatazka militarraren erregistroetan segitzea.

Ika-mikaren sorburua horrela interpretatu zuten nonbait. Guk, aldiz, agertu nahi izan genuen bakarra izan zen, gatazkaren izaera politikoa dela. Argi eta garbi. Gu horretatik ez gara mugituko. Batzuei zein bestei gustatu edo ez, hori da gure ikuspegia, Euskal Herriko jendarte zabalaren ikuspegia ere badena. Guk EAJk ikuspegi hori ote daukan jakin nahi dugu. EAJk egun sinatuko al luke Lizarra-Garaziko Akordioaren lehen esaldia? Hau da, gurea izaera politikoa duen gatazka historikoa dela dioena.

Laura Mintegik Fernando Buesa arrazoi politikoengatik hil zutela esateak hautsak harrotu zituen.

Guk errespetutik esaten dugu hori. Santi Brouard ere arrazoi politikoengatik hil zutela pentsatzen baitugu. Kontrakoa pentsatzea sekulako nahastea litzateke. Horrela ez bazen, bi kasuetan, zergatik izan zen? Horretan datza arazoa. Ez da hilketa justifikatzea, ulertua izatea baizik.

Amnistia onartu beharko al du Espainiako Estatuak?

Nik totem bihurtzen diren hitzetatik alde egin nahi dut. Inportanteena orain presoei eta iheslariei irtenbide integrala ematea da, nahiz eta irtenbide integral horren gauzapena mailakatua edota pertsonalizatua izan. Logikoena da pentsatzea gatazka hau ez dela amaituko preso eta iheslari guztiak etxean egon arte. Posible al da horiek horrela izanda gatazka amaitzea? Arrazoiak politikoak direla onartu behar dituzte alde guztiek. Ulertzen dut alde bakoitzak bere iritzia izatea, baina arrazoi politikoak saihestezinak dira.

EAJk aurkeztutako aurrekontuez zer balorazioa egin duzue?

Aurrekontu hauek onartezinak dira abiapuntuan. Murrizketak ekartzen dituelako, eta gainera, beste erremediorik ez balego bezala aurkeztu dituztelako, eta ez da egia. Aurrekontu hauek aukera politiko ideologiko zehatz bati erantzuten diote: errezeta neoliberalen bidezko politika egin nahi dutenei. Errezeta horiek Madrilgo Gobernuaren aginduz iritsi dira Euskal Herrira, eta Urkulluren Gobernuak handik datorren guztia hemen aplikatzea erabaki du. Ez dagoela dirurik diote, baina dirua egon badago. Bi bide daude dirua lortzeko, bat zerga politika aldatzea. EAJk ez du aldatu nahi, gehien dutenen dirua ukitu nahi ez duelako. Badago beste bide bat: zorpetzea. Zorpetzeko tartea egon badago, baina ez daukate borondate politikorik.

Zergatik jarrera hori?

Jarrera horrek Madrilekin konfrontazio egoerara eraman gaitzakeelako. Madrilek horri ihes egin nahi dio. Hori dela eta EAJk erabaki du, soldatapekook gehien ordaindu behar dugula, herritar langileok gara gerrikoa gehien estutu behar dugunak, horrek guztiak eskubide laboralen eta sozialen galera ekarriko duen arren.

Zuek zer eskatu diozue EAJri alternatiba bezala? PSErekin bat egin dezakezue punturen batean?

EAJri aurrekontu proiektu hori erretiratzea eskatu diogu, benetako elkarrizketari ekin ahal izateko, EH Bilduren babesa nahi baldin badu behintzat. Bestaldetik, PSEk bere erabakiak hartu beharko ditu, beraiek jakingo dute zer egin beharko duten, beren posizioa anbiguoa da inolaz ere. Literalki bat egiten dute gurekin, ezkerrarekin lerratzen dira, baina akordioak egiterakoan bat egiten dute EAJrekin. Guk argi eta garbi dugu non daukagun gure aliatu nagusia. Gizartea da, eta bertan ari diren eragile sindikalak eta sozialak. Horiek argi utzi digute guk zer egitea nahi duten, beraz, guk euren beharrei erantzun behar diegu.

EAJ eta ezker abertzalea, lekutan daude elkarrengandik.

EAJri nahiz guri, leporatzen digute gurea arteko lehia dela nagusi, ez dugula elkarlanerako prestutasunik. Egia da, garai politiko berri honetan errazagoa izan beharko luke elkarren arteko lana egitea. Lizarra-Garazi garaian hori posible izan bazen, ETAren jarduera armatua behin behinean etenda zegoenean, gaur egun, behin betiko egonda, guri ulergaitza egiten zaigu ados ez jartzea. Zenbait gaietan behintzat, bi indarrok abertzaleak garen neurrian, batu behar gaituzten kontuetan hurbilago egon beharko genuke. Nazio eraikuntzaz eta erabaki eskubideaz ari naiz. Guk EAJrekin eremu batean zein bestean akordioa eta elkarlana bilatu ditugu, baina, EAJ oso urruti ikusten dugu guregandik, oso urruti.

Katalunian posible dena, hemen ez.

Agian, CiUko ordezkaritza ia ERCkoaren doblea delako. Horrek ziur aski errazten du hango abertzaleak elkarrekin aritzea. Hemen, aldiz, Gasteizko Legebiltzarrean EAJk sei eserleku gehiago dauzka guk baino, eta horrek izua sentiarazten dio. Sorturen ustez, EAJren eta ezker abertzalearen artean dagoen lehia ez da boterea lortzeko lehia, pentsamendu hegemonikoaren inguruko lehia baizik. EAJk daukagunari eutsi behar zaiola dio, eta horiei eusteko batzea eskatzen digu gainontzekooi. Guk aldiz diogu, daukagunak ez duela herri honek dituen erronkei aurre egiteko balio. Burujabetza bidean indarrak biltzea proposatzen dugu. Hori da uneon bi pentsamenduen arteko lehia, ez hainbeste nor den Ajuria Enean maizter, hori euren kontua da, ez gurea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aro politiko berria
Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-02-04 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude