"ETB1ek aurrekontu handiagoa behar du ETB2k baino"

  • Pello Sarasola ETBko programazioaz arduratu zen 1995etik 2005era eta Espainiako Antena3 katean sei urtez lan egin ondoren, 2011. urtean itzuli zen ETBra. Euskal Telebistako zuzendari izateko kinieletan bere izena agertu da azken asteetan. Programazioaz, telebista ereduaz edo euskararen eta gaztelaniaren arteko orekaz hitz egin dugu, besteak beste.

"Zertarako ETB, audientzia lortzeko? Ez. Helburu batzuk betetzeko: euskara eta euskal komunitatea egitea".Gari Garaialde / Argazki Press

Bi garai oso diferentetan arduratu zara ETBko programazioaz. Kanpoan izan zaren urteekin bat egin du ETBren krisiak. Zerk huts egin du tarte horretan?

Antena3n tokatu zitzaizkidan urte haiek izan dira telebistak bizi izan dituen urterik aldakorrenak. Iraultza gertatu zen, telebista digitalaren hasieraren iraultza. 1999an hamar telebista kate baino gutxiago ikusten ziren etxe normal batean, zazpi-zortzi edo. Eta kolpean, etxe guztietan pasa ginen 40, 50, 60 kate jasotzera. Prozesu horretan telebista kate tradizional guztiek, bai pribatuek, bai publikoek, sufritu egin genuen, audientzien sakabanaketa geure gainera etorri zelako.

Ez zen jakin ETB telebista digitalaren arora garaiz egokitzen?

Prozesua hobekien ulertu zuten kateek audientzien sakabanaketa horri hobeto erantzun zioten. Adibidez, Antena3 prozesu horren protagonista izan zen. Katean pentsatu zuten audientziak sakabanatu egin behar zirela eta kate berriak sortu zituzten, beraien kate tradizionalari audientzia eurek kentzeko.

ETBk berriz, berandu eman du audientziak barreiatzeko urrats hori.

Prozesu hori hasten ari zenean, ETBren koordinazio eta zuzendaritzan aldaketa oso inportantea izan zen eta hori beti da oso zaila, sartzen den talde berriak bere ideiak martxan jartzeko denbora behar duelako. ETBri kosta egin zitzaion eszenario berriari erantzutea, batik bat gaztelaniaz egiten den telebistan. Euskarazko telebistak gutxiago sufritu zuen audientziaren sakabanatze hori, bi arrazoirengatik: audientzia baxuagoarekin hasi zelako eta batez ere, zuzendaritza berri horrek erabaki oso ona hartu zuelako nire ustez, ETB3 martxan jartzea, haur eta gazteei begira. Hartara, euskaraz telebista kate bakarra eduki beharrean gutxienez bi edukitzea lortu zen. ETB3ri esker euskarazko telebistak bere espazioari hobeto eutsi zion gaztelaniaz EITBk egiten zuenak baino.

Baina inpresio nahiko zabaldua da euskarazko kateek pisua galdu dutela EITBn erdarazkoen aldean.

Hori zenbakitan ez da hala, gaztelaniaz proportzionalki espazio gehiago galdu da.

Audientziei dagokienez bai, baina programazio ordutan, aurrekontuetan... Horietan ere bai?

Alde horretatik nahiko egonkor mantendu da argazki orokorrari kasu egiten badiozu. Egia da azken urte hauetan martxan jarri zela ETB2ko Egunon Euskadiren ordutegi esparru berria, lehen ez zegoena. Hortik aurrera, arratsaldea eta bazkalordua mantendu egin dira gutxi gorabehera zeuden bezala, salbuespen batekin: ETB1en egin zen ahalegin bat Arratsaldero saioarekin. Ez zuen funtzionatu. Ez zitzaion eutsi, behinik behin.

Dena dela, ETBn lan egin dugun profesionalok gure buruaren autokritika egin behar dugu argi eta garbi: desoreka dago eduki berrien eskaintzaren espazioan ETB1en eta ETB2ren artean. Hori orekatu egin behar da.

Esaten ari zara saio berriak orain arte ETB2n egin direla batez ere?

Ez, nik ez nuke horrela ikusiko. Bai ETB1en bai ETB2n prime time ordutegian, bietan egon daiteke apustu berdintsua; edo izatekotan, ETB1ekoen alde. ETB1en genero garestiagoak daude, medio gehiago behar dutenak: fikzioa, kirola eta abar. Baina diferentzia nabarmenena da egunean zehar ETB2k badaukala egunero eduki-egitura berria, lehenengo Teleberriaren aurretik sukaldariarekin hasi, eta arratsalde osoan bigarren Teleberrira arte. Eta alderantziz, ETB1ek egun osoko saio horietan ez dauka ETB2k daukan aberastasunik. Lehenengo Gaur Egunaren aurretik zer dago? Batik bat errepikapenak. Eta arratsalde partean? Azpimarra hasi arte, errepikapenak eta dokumentalak. Hor dago ETB1en hutsunea.

Nik askotan konparatzen dut futbolarekin: telebistan prime timea aurrelariak dira. Diru gehiago irabazten dute, golak sartzen dituzte eta audientzia handienak izaten dituzte biek...

Konparazio bitxia da.

Ba konparazio horretan informatiboak dira zelai erdia, parrillaren erdi-erdian daude kokatuta eta jokoa banatzen dutenak dira, oso-oso inportantea kate batek funtzionatzeko. Baina defentsa daytime deitzen den hori da, goizeko eta batez ere arratsaldeko programazioa. Ez dira telebista kontsumo altuena daukaten ordutegiak, baina ordu pila bat dira. Eta hor ez baldin badaukazu espazio bat, beti oso emaitza apalak edukiko dituzu.

ETB1eko ordutegi hori indartzeko proiekturik badago?

Ideia pila dauzkagu buruan edukien lan-taldean, baita gure buruarekin konpromisoa ere: nahiz eta diru-iturriak gehiago lehortu, ETB1en eguneroko saioen eskaintza zabaltzeak lehentasuna eduki behar du. Asmoa da gutxien-gutxienez lortzea lehenengo Gaur Egunaren eta bigarrenaren arteko espazio hori guztia eguneroko saio berriekin betetzea. Hori da nire ustez EITBk telebistarekiko daukan erronkarik inportanteena.

Nola banatzen dira EITBko telebisten diruak euskarazko eta erdarazko kateen artean?

Ba, %50ean gutxi gorabehera. Izan daiteke %5 gehiago bataren edo bestearen alde testuinguruaren arabera, baina erdibana egiten dela esan liteke. Bakoitzak dauzkan baliabideak banatzen badituzu ETBren lau kateen artean, gutxi gorabehera bost eurotik lau baino gehixeago ETB1en eta ETB2n gastatzen dira erdibana; eta bestea, euroa baino gutxixeago, ETB3n eta ETB Sat-en. Azken horiek biak oso merkeak dira eta hala jarraitu behar dute izaten, zeren, nire ustez, diru-murrizketen soluzioa ez da kate gutxiago egitea, dirua kate orokor inportanteenetan jartzea baizik, gehixeago ETB1en, hori delako lehentasuna eduki behar duen kate generalista. ETB2 seguruenik gehiago lerratu behar da gaurkotasunerantz, informaziorantz. Beste kateak mantendu behar dira, kostu baxu-baxuarekin. Eta posible da.

Audientziak faktore inportantea dira programazio horiek erabakitzerakoan.

Audientzietan pentsatzen dugunean datuak ikusten ditugu denok eta ahalegina egin behar dugu pertsonak ikusteko. Telebista hau ordaintzen duten pertsonak. Audientziak esaten digu zenbat herritarrek erabiltzen duten gure zerbitzua. Hori telebista publiko batentzat giltzarria da.

Baina morrontza ere izan daitezke datu horiek, ezta? Ez al dute programatzailea eduki deigarrietara bultzatzen, funtzio publikoaren kaltetan?

Audientzia zerbitzu publiko baten kalitatearen adierazleetako bat da, baina zertarako dago zerbitzu publiko hori, audientzia lortzeko? Ez. Helburu batzuk betetzeko: euskara eta euskal komunitatea egitea. Noski, ez baldin baduzu helburu horien iparra galtzen, audientzia-datuak helburu horietara bidean jarri behar dituzu, horregatik defendatzen ari naiz ETB1ek ETB2k baino aurrekontu handiagoa behar duela, audientzia nabarmen gutxiago edukiko duen arren hurrengo urteetan ere.

EITB Nahieran webgunearekin ETBko saio guztiak eskura jarri dira; artxibo guztia liberalizatzeko aukeraz ere hitz egin izan da. Zer iruditzen zaizu?

Hori izan behar da ETBren helburua: zerbitzu publiko garen neurrian gure bankua jendearen aukeran egotea edonon eta edonoiz. Baina eskubideen kontua ere hor dago, zeren, produktu bat egiten dugunean, eskubide ugari daude. ETBrenak patrimonio amankomuna izan behar du, baina badaude eskubide pribatuak ere, eta guk ezin ditugu jarri doako autopista zabalean edozeinen aukeran. Hor dago muga, baina gure eskubideak publikoak izan behar dira guztiz.

ETBko zure bigarren aldian informatiboak luzatzeko erabakia hartu zenuen. Nolako emaitza izan du?

Jendeak ETBri gaurkotasuna eskatzen dio eta horren ardatza informatiboak dira. Ni etorri nintzenean albisteek iraupen klasikoa zeukaten: 45 minutu informazio orokorra, kirola eta eguraldiarentzat. Momentu honetan erredakzioa 75 minutu egiten ari da eta beraiek antolatu dute beren burua hori lortzeko, ez da baliabide askoz gehiago erabiliz lortu.

Asko sinesten dut ETBko informatiboen erredakzioaren lan egiteko modeloan. Bi hizkuntzak primeran kontrolatzen dituen erredakzio bat, denak batera lan egiten, gremio ugari nahasturik, bi produktuak, euskarazkoa eta erdarazkoa eginez eguneroko lanean. Hori da ondo funtzionatzen ari den modeloa. Askotan esan dugu Gaur Egun dela Teleberriren anaia pobrea, baina emaitzak aztertuta, Gaur Egun da ETB1en kirola izan gabe hoberen funtzionatzen duen edukia. Nire ustez hori da lan egiteko eredua, ez bakarrik informatiboetarako, baita programetarako ere, nolabait ETB antolatzeko, batik bat datorkigun egoeran.

Zeintzuk izango dira datozen urteetako gakoak?

Gauden egoeran, barne-produkzioan dago benetako gakoa eta horretarako gutxiago gastatu beharko litzateke nazioarteko eskubideetan.

Championseko partiduak ez eskaintzeaz ari zara?

Zinemaz eta kirolaz ari naiz. Horien nazioarteko eskubideetan gutxiago gastatu behar da eta gehiago barne-produkzioan. EITBk diru-laguntza bidez 100 euro jasotzen baldin baditu, 100 euro horiek baino gehiago inbertitu ditzake herri honetan, diru-laguntza bidez jasotakoei publizitatearekin jasotakoaren zati bat gehitzen zaiolako. Eta horiek %100 hemen geratzeko barne-produkzioa da aukera. Gainera, jendeak bere etxean 50 kate ditu eta ETBri barne-produkzioko edukiak eskatzen dizkio. Lehen nazioarteko telesailek eta pelikulek bestelako zentzua zeukaten, eskaintza osoagoa egiteko. Baina gaur egun ETBk daukan espazioa, zoragarria, nortasuna ematen diona, hemengo edukiak indartzea da. Eta hemengo edukiak indartuz enplegua ere indartuko genuke.

Larrun honetan Ramon Zallok proposatzen du ETBko aginte-organoak hautatzeko modua aldatu beharko litzatekeela, soslai profesionalagoen mesedetan.

Telebista publikoa izanik, nahi eta nahi ez, guztion artean hautatuak direnen esku dago telebista honen publikotasuna zaintzea. Politikarien esku, alegia. Horren ondoren, eguneroko lana profesionalen eskuetan utzi behar da konfiantza guztiarekin; eta epe luzerako bidea utzi behar zaie profesionalei. Telebistan ezin da lau urtean behin bidea eten, proiektuek beren denbora behar dute. Beraz, proiektuaren definizioa politikoa izan behar da eta definizio hori adostuta dagoenean, horren garapenak profesionala behar du izan.

EITBn zuzendaritza aldaketa gertatzen ari da eta hainbat lekutan zure izena agertu da telebistako zuzendari berri gisa. Zer duzu esateko?


Momentu honetan oso gustura nago eduki arduradun eta esango balidate ea interesatzen zaidan honetan jarraitzea, erantzuna baiezkoa izango zen zuzenean. Nire ustez, nire ahalmenek hor eman dezakete fruitua beste tokietan baino gehiago.

Beraz zuzendari kargua eskainiz gero ezetz esango zenuke?

Ez dut hori esan, esan dut oso gustura nagoela nagoen tokian.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude