Egunerokotasunetik urruntzea interesatzen zait fikzioan

  • Beheko suaren aldamenean prentsa gainbegiratzen aurkitu dugu idazlea, Azpeitiako Loiola auzoko Kiruri jatetxean. Sacamantecas nuen aita (Txalaparta, 2012) liburuaren aitzakian ekin diogu solasari, baina laster egin dugu garai eta gai batetik bestera jauzi, ilusioak aletuz eta desilusioak biluztuz, idazle oparoaren konpainian.

Aitor Arana idazlea, itzultzailea, hizkuntzalaria eta hiztegigilea da, poliglota eta hitzen maitalea izateaz gainera.
Aitor Arana idazlea, itzultzailea, hizkuntzalaria eta hiztegigilea da, poliglota eta hitzen maitalea izateaz gainera.Dani Blanco

Sacamantecas nobelan bortxatzaile baten larruan sartu zara. Hiru istorio bortxazko (Hiria, 2001) lanean ere bortxatzaileen motibazioei erantzuten saiatu zinen. Gaiak erakartzen zaitu?

Juan Diaz de Garayo Sacamantecasen bizitza eta nondik norakoak interesatzen zaizkit eta ez hainbeste indarkeriazko egintzak, nahiz bortxaketak saihestezinak diren, benetan gertatu ziren neurrian. Baina egiak egia zor. Nire baitan bada Aitor gaizto bat. Hilerri eta hildako zalea naiz eta mundu ilunetara sartu-irtenak egin ohi ditut. Zorionez literaturan gauzatzen ditut eta ez bizitzan, egunerokotasunetik urruntzea interesatzen baitzait fikzioan. Ikaragarri aspertzen naiz eguneroko bizimoduari loturik dauden eleberriekin. Gai guztiak ditut gustuko eta denetan barneratu nahi izaten dut, hasi haur literatura samurrenetik eta buka izatearen zoko ilunenetan.

Zoko ilunetara jo bai, baina mezu moralik luzatu gabe.

Sacamantecas zoratua zegoen, nire aburuz. Esan izan da, eduki zituen lau emaztetatik azken hirurek harreman sexualak edukitzea errefusatu izanak lerratu zuela erailketetara. Ez da egia. Pertsonak desorekatua izan behar du hark egin zituenak egiteko. Jende normalok lagunengana jotzen dugu, edo prostituziora, bestela.

Fikzioa eta datu historikoak nahastu dituzu eleberrian, Oscar eta Sebastian (Hiria, 2011) biografia nobelatuan Oscar Wildekin egin zenuen bezala.

Oscar Wildez maitemindu egin nintzen, berandu, baina oso bizi. Hari buruzko biografia eta lan ugari irakurriz jabetu nintzen euskaraz ez geneukala egile irlandarraren libururik. Alde batetik, hutsunea bete nahi izan nuen. Ikastoletako lehen belaunaldikoak garenok atzerriko lanak euskarara ekarri beharraren premiak baldintzatu izan gaitu, eta hil ere, horrexekin hilko garela uste dudanez, euskaraz jarri nuen Wilden lana eta bizitza. Bestalde, makina batek pedantetzat edukiagatik dublindarra, jendearekiko tratu samurrean erakutsi nahi nuen, izan bere semeekin, izan emaztearekin zein maitaleekin.

Dorian Grayren egiazko erretratua (Txalaparta, 2011) egilearen gaytasuna ikusarazteko modu bitxia izan zen.

The Picture of Dorian Gray, berez, eleberri gaya da, egileak berak lehenengo bertsiotik bigarrenera gay ukitu asko kendu zizkion arren. Aurreneko bertsioan argi ikusten da Dorian Gray eta Lord Henry Wotton filosofialaria maitemindurik daudela, ez hala bigarrenean, dandysmoaren, hilezkortasunaren edo gaztetasunaren gaiak mantenduagatik. Irudikatu nahi nuen nola idatziko zukeen eleberria Wildek Victoriar gizartetik salbu, gaur egunean. Baina pasa egin naiz liburuarekin. Pornografiaren alorrera eraman dut eta ez dut uste Wildek hartaraino eramango zuenik. Hala ere, ez nuen nire burua mugatu nahi izan. Banekien Txalapartako Literotura bilduman argitaratuko zela eta lasai jardun nintzen idazketan. Zorionez, mugarik eta zentsurarik gabe idatz dezaket Txalapartarako, asko zentsuratzen baita Euskal Herrian.

Zentsuratu? Ipuin erotiko zein pornografikoak dozenaka idatzi dituzu, ba.

Zentsuraren aurka askotan jardun izan naiz, ordea. Ipuin porno bilduma bazen esku artean nuena, berdin zuen argitaletxea ezker joerakoa zein eskuinekoa izan. Ipuin Lizunak (Hiria 2001) lanarekin halaxe gertatu zen. Pornoa zen arazo, ez beste ezer. Ez zegoen generotik ia ezer gurean, Txomin Peillenen eta Jon Miranderen hainbat lan salbu, eta beste behin, hutsunea bete nahi nuen. Baina askok ez dute gaiarekin busti nahi. Zikindu egiten ote du ba, gaiak? Oraindik ere, Euskal Herriko argitaletxe asko fraide eta erlijiosoen eskuetan daude eta hori nabari da. Ezin da zenbait gauza erraz argitaratu. Niri, baiezkoa eman eta gero, azken momentuan inprimategitik atera dizkidate ipuin batzuk lizunak omen zirelako! Eta ez orain dela asko. Duela zortzi urtez ari naiz. Oso jende ezkertiarrak eta euskaltzaleak egin dio uko ipuin lizunak argitaratzeari.

Haranaga, Hiria argitaletxean duzun bilduma propioa, beste argitaletxeekin izandako desadostasunen karira sortu al zen?

Hain zuzen, Haranaga bilduma niretzat sortu zuten. Ipuin Lizunak argitaratzeko izan nituen zailtasunen ostean ezagutu nuen Luis Aranburu. Pako Aristik egunkari baterako egin zidan elkarrizketa batean kexatu egiten nintzen aurkitutako oztopoez, eta Aranburuk idatzia irakurri ostean, harriturik deitu zidan. Azkenik ipuinak argitaratu genituen eta oso ondo saldu ziren. Nire filosofia oinarrizkoa da gai honen gainean: interesa duenarentzat eskuragarri egon dadila. Haranagak poz handiak eman dizkit profesionalki eta nahi nuke inoiz ez desegitea. Editore batek egile bati bere bilduma propioa eskaintzea itzela da.

Itzela, desilusioak bizi izan ostean…

Asko idazten dut eta hainbat kritikarik eta editorek asko idazten duten idazleen artean sailkatu naute. Adibide bat jartzearren, Iñaki Aldekoak argitaratutako Euskal literaturaren historia (Erein, 2010) lanean ez naiz ageri, ezta asko sortzen duten beste hainbat idazle ere, ez bada aparte aipatutakoen aipamenean edo ikastetxetara joaten direnen artean, ez dut gogoan. Halakoek mina eragin dezakete. Leku gorenetan eta behi sakratuen limurtzaile direnen munduan ez dute ni bezalakoa aintzat hartzen. Onartua daukat eta ez dut kontra joateko asmorik. Baina salmenta onei erreparatuz gero, sakratuen artean bai, baina gure artean ere ez gabiltza makal. Gaztetatik ikusi nuen zirkua muntatua zegoela. Zirkuaren ondoan bizitzea erabaki nuen, gustatzen zitzaidana eginez eta kexaka jardun gabe.

Asko idazten dutenen taldetik Gay idazleen taldera pasatzen bazaitut, kexatuko zara?

Idazle gaya naiz, baina berdin-berdin naiz haur literaturako idazle. Genero bakarrera mugatzen nautenean hartzen dut desilusioa, eta hedabideekin hori gertatu izan zait. Orain urte batzuk Sautrelakoek elkarrizketatu nindutenean, elkarrizketa osoa haur literaturara bideratu zuten aurrez halakorik proposatu gabe. Liburu zaharrak jarri zituzten nire lanaren eredu, harrigarria dena, idazle emankorra bainaiz. Nik bezainbeste gai jorratzen dituen idazlea elkarrizketatzeko aukera edukita, eta galdera ausartak egiteko parada izanda, haur literaturara mugatu ziren. Denbora guztian gay literatura besterik ez aipatzeak berdin minduko ninduke. Sailkapena ez da, berez, txarra, baina hori baino gehiago naiz. Idazle polifazetikoa naiz.

Polifazetikotasunak lagundu dizu sari banaketak irabazterakoan. Beren alde agertu zara beti.

Hamazazpi urterekin erabaki nuen literaturara dedikatu eta profesionalizatu egingo nintzela, kosta ahala kosta, eta literatur lehiaketak lagun izan ditut ordutik. BBK Euskaltzaindia sariak kentzea erabaki okerra, negargarria izan zen erabat, onura ikaragarria egin baitute urtetan. Lehiaketa bat desagertzen den aldioro idazle berriak sortzeko aukera galtzen da eta idazle saiatuei literaturatik bizitzeko bidea ixten zaie. Ez dago asmorik, gainera, berrezartzeko. Kontrakoa. Berri txarrak, inondik ere, literaturarako. Mingostasuna eta desatseginak ez dira falta izan, baina idazten gozatu eta bertatik bizitzeko helburua izan eta lortu dut. Ez dut ilusioa galdu hogeita hamar urte eta gero. Oso ondo bizi naiz idazletzatik, dirua irabazten dut eta ez gara asko hori esan dezakegunak. Berdin dit 200 liburutik gora kaleratu izana. Berri bat argitaratzen dudanean, haur jaioberria munduratu izan banu bezala da.

Orotarik idatzi behar, baiki, idazletzatik bizitzeko. Nafarroako euskalkiak liburutara biltzen ari zara Hiria argitaletxeko Lingua Navarrorum bilduman. 24 liburu atera nahi dituzu Nafarroako euskalki galduei buruz.

Lanaren erdia baino gehiago egin dugu, baina diru-laguntzarik gabe gaude orain. Hasi, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz hasi ginen, axolagabe jokatuz bakarrik utzi gintuzten arte. Eusko Jaurlaritzak lagundu gintuen gero, baina hura ere hutsean geratu zen. Zorionez, ibarretako udal euskaltzaleak jabetu ziren interesaz. Bi ibarretan, behintzat, Izarbe Ibarrean eta Gesalatzeko udalean euskara teknikariek ikasliburua eskatu zidaten, behin hiztegia aterata nuenean. Askok ez dakite Nafarroan euskaraz normaltasunez hitz egin zela eta hori ikusaraztea ederra da. Beharbada, aurrerago, diru laguntzak sendotzean berrekingo diogu lanari. Pena da, hainbat ibar falta dira eta. Irurtzun, adibide batera, egin gabe dago, nahiz euskarazko materiala baden bertan. Hala ere, lan hori egiten dabilen bakarra ez naiz ni. Hor daude Koldo Zuazo, Koldo Artola, Iñaki Camino eta beste.

Nola jarraitzen zaio euskalki galduari arrastoa?

Kasu askotan erlijioari esker lortzen da materiala. XVIII. eta XIX. mendeetan, ibarrok guztiz euskaldunak zirenean, are neska-mutilek gazteleraz ez zekitenean, apaizek sermoia eta dotrina euskaraz ematen zituzten, bertako euskaraz, normalean. Astete-ren dotrina Espainia osoan hedatua zegoen eta leku bakoitzean bertako hizkuntzara itzultzen zuten. Zorionez euskalki askotara ekarri zen Nafarroan. Tamalez, erlijio materiala murritza da. Dotrina batetik bostehun hitz inguru atera daitezke, eta gehienak, erlijioaren jirakoak. Horrez gain, Bonapartek XIX. mendean egin zuen bilketa lana eta toponimia ditugu material nagusi.

Herrietako udalek euskalkiak berreskuratu nahi al dituzte?

Koldo Zuazok esana du eta nik berresten dut: asmoa ez da euskalkiak hizketarako berreskuratzea. Gutxiengo batek jakin nahi du nolakoa zen antzinako euskara, eta gramatikak eta hiztegiak egin behar dira horretarako. Zaraitzun eta Garesen galdutako euskalkien klaseak ere eman genituen interesatuentzat, baina ezer ikastekotan, Euskara Batua ikasteko esaten diet beti.

Dokumentu zaharretatik egin dezagun jauzi  berrietara. Nola ikusten duzu euskal gazteen literatur sorkuntza?

Ez dut asko jarraitzen. Azken urteetan, biografiei oso loturik nabilenez, ez dut eleberri eta ipuin asko irakurtzeko betarik hartu. Dakizkidan bost hizkuntzak mantendu nahiak, denbora zatirik handiena itzulpengintzari ematera narama, gainera. Baina etorriko da buelta. Ziklikoa da irakurketena. Adinarekin, gainera, berrirakurtzen hasten gara.

Diziplina anitzeko hainbat sortzaile euskal sorkuntza babesteko estrategiak adostu nahian dabil. Diagnosian diote instituzioek ez dutela behar beste zaintzen euskal kultura.

Laguntza instituzionalena beti izan da horrela, eta nago, beti izango dela. Krisiarekin lehenik murriztu dutena kultura izan da, garrantzirik gabeko gauza baita askorentzat. Joera historikoa da, bai gurean eta bai Europan. Nire esperientziagatik dakit erakundeek erabaki bat hartzen dutenean bost axola zaiela zer galdu edo galarazi duten. Ez dute inoiz atzera egingo, ezta talde presiopean ere. Askotan ikusi dut gauza bera, frustrazioz. Gauzak ondo doazenean, ondo, eta bestela, hor konpon.

Izango duzu liburu berriren bat esku artean. Bota primizia!

Mariasun Landaren Txan fantasma, Iñaki Zubeldiaren Euskaldun bat Marten eta nire Urtegi misteriotsua lanak esperantoz aterako ditugu udaberrian, Haranaga bilduman.

Esperantora heldu da euskara!

Ez da lehenengo aldia. Jose Mari Sarasuak Jon Miranderen Haur besoetakoa itzuli zuen 2002an eta nik Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak. Euskal Herrian zer egiten dugun ezagutzeko modua da, neurri batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude