Kaskasoilaren lilurabidea

(www.davisla.wordpress.com).
(www.davisla.wordpress.com).

Sasoia halakoa eta hau da hau fruituaren emana! Makatza edo udarea (Pyrus sp.) antigoalekoa izango da, baina aspaldi hartako fruitu gehiago ere bada gure mendi eta erriberetan.

Mendiko angulak ere deitzen dituzten zizahoriak biltzeko garai oneneko gurbitza da horietako bat. Hurritz makila mozten den azaroko ilgorako gurbitza bezalako fruitu gutxi. Fruitua heltzen duen eran, batera hurrengo urteko fruitu bilakatuko diren loreak irekita ditu. Gurbitzaren sasoi betea hauxe da, azaroko ilgora; itsasoaren kresala usaintzen duten gure inguruko basoetan behinik behin, bai. Gurbitzaren gurbea pinporta esferikoa da, hasieran hori gero gorri eta urdintzean beltza. Kolorearen gorria belzten zaionean dago gozo. Pinportak ez du azal leun bilkorrik, ile mamitsuz osatua dago. Hori dela eta, ile tankerako horien artean hezetasuna erraz sartzen da, fruituaren azukreak alkoholera hartzituz. Ez du alferrik gurbe honek mozkorgarri ospea. Mozkorra eta buruko mina eragiten dituela diote, irudipena suspertu eta lilurabidean barrena eramango zaituen koxkor haluzinogenoa dela esan beharrean. Bere izen zientifikoak ederki omen dio, Arbutus unedo, banaka bakan jan beharreko fruitua ematen duen zuhaiztxoa. Banaka janez gero asko jateke, eta horiekin ardo eta uxualak egiten dira. Nik, lasai jateko; behingoz lilurabidea ezagutzeaz gain, osasunean mesede asarrea baitakarkizu. Bere osagaiek on ugari sortzen dute, baina batez ere hiru aipagarri: odoleko azukre eta kolesterol mailak jaistea eta ilearen erortzeari aurre egitea. Ileari euste horretako lanak eragingo ote du egozten dioten buruko min hori?

Joan den igandean Aralar mendiari so egiteko begiratoki gustukoenetako batean izan nintzen, Baliarrainen. Mendi karetsuen altzoan dela ezin uka, herripeko meategietatik ateratako troska dotorez eginak baitaude eliza eta aldameneko ostatu etxearen horma dotoreak. Bai eta baserri etxe askotakoak ere, agidanean. Herrigunean bertan dagoen erretoretxeko hormaren kontra bi zuhaitz daude, zeruarekin lotura argia duen altzifrea, baina sasikoa, sasi-altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana) eta gurbitza. Kaskasoila ote zen erretorea? Ala, gu besteon lilurabide beretik ibiltzen al dira apaizak ere?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gurbitza
2012-09-30 | Jakoba Errekondo
Gurbe minata

Txekia eta Eslovakia muturka daude, Sorbus domestica, gurbe handiena norena den deman. Norgehiagoka horretan gustura arituko nintzateke neu ere. Hori bai kirola! Tokitan gaude, ordea, lehiarako! Handiagoren bat izango da, baina gure lurretan ezagutzen dudan gurbe ederrenak zer... [+]


Eguneraketa berriak daude