"Sahararrek presio handia egiten diote Polisarioari gerran hasteko"

  • Jatri Aduh Mendebaldeko Saharako parlamentuko presidentea da eta Marokorekin izaten ari diren negoziaketen buru. Gaur egungo egoeraz eta gerora begira Polisarioak hartu beharko dituen erabakiez aritu da ARGIArekin.

"Gatazka konpontzea oztopatzen ari dira. Begira bestela Espainiak gurekin lanean aritu diren GKEekin zer egin duen."

Zertan dira gatazka hau konpontzeko Marokorekin izaten ari zareten elkarrizketak?

Gaur egun Marokok ikusi du oso momentu latzean dagoela arazoaren aurrean. Inork ez du bere proposamena aintzat hartzen, hau da, Mendebaldeko Sahara Marokoren barnean autonomia batekin batzea. Nazio Batuek (NB) diote sahararroi gure borondatea erreferendum bidez aukeratzea zor zaigula, ez beste edonolako irtenbiderik. Modu demokratiko batean erabaki behar dugu, inongo xantaiarik gabe. Marokok autonomia ez den beste irtenbiderik ez duela onartuko esan du. Hortaz, gatazkaren konponbiderako elkarrizketak nahiko etenda daude.  

Gaur egungo egoera ikusita, gatazkaren konponbidea erabat geldirik dagoen garai honetan, zer ikusten duzu falta dela arazo hau konpontzeko, eten hori ekidin eta berriro elkarrizketan hasteko?

Beldur handia ematen dit, arazo hau konpondu ahal izateko, aginte sendo eta eraginkorra falta dela ikusteak. Protagonista izan behar luketen lurralde batzuk beste alde batera begira daude, Espainiako eta Frantziako estatuak adibidez. Bi estatu hauek ez dute eman arazoa konpontzeko aurrerapausorik. Esango nuke gatazka hau konpondu dadin hartu beharreko erabakiak oztopatzen ari direla. Begira bestela Espainiako Gobernuak gurekin elkarlanean aritu diren GKEekin zer egin duen. Zorionez, GKE hauek badakite hemengo egoera zein den eta ez dira exekutiboaren trikimailuetan erori. Maroko laguntzen saiatzen dira, beraien betebehar historikoen aurka joanaz gainera.

Kolonizatu gintuen Espainiako Estatuaren rol indartsu horren falta sumatzen dugu. Marokoren menpe dagoela dirudi nazioartean zer edo zer egin nahi duen une orotan. Ez dugu ahaztu behar, halaber, Amerikako Estatu Batuek sekulako erantzukizuna dutela gure herriarekiko. Beraiek lagundu zioten Hassan II.ri Mendebaldeko Sahara inbaditzen 1975. urtean.

Ez dago benetako presiorik indar horien aldetik gatazka hau amaitzeko; orduan sahararrok egin behar dugu presioa. Ez dugu beste irtenbiderik. Armak berriro hartzea ez dugu baztertzen, eta ez dugu inoiz baztertuko gainera. Sahararrok azken aldian eztabaidatzen ari gara, ez armak hartu behar ote ditugun, baizik eta noiz eta nola hartu gatazka honi irtenbiderik eman nahi ez badiote. Guk egin behar dugu presioa eta presio hori armekin bada, aurrera!

Ildo horrekin jarraituz, azken urteotan, kanpamentuetara etortzen den orok nabari du armak hartzeko gogoz daudela saharar errefuxiatuak.

Bai, gainera ez bakarrik errefuxiatuak, baita lurralde okupatuetakoak ere. Gazte bati galdegiten badiozu berak segituan esango dizu armak hartzearen aldekoa dela. Ulergarria ere bada, zeren hemen, kanpamentuetan, ez dute inongo etorkizunik, ez eta lanik eta bizi baldintza onik ere. Hortaz, kanpora alde egiten dute lan bila, beraien bizimodua hobetzeko. Aldiz, hemen gelditu behar dutenak –eta joaten diren askok ere– armak hartzearen aldekoak dira, bizitza galduta ere ez omen dute ezer galtzeko.

Polisarioaren zuzendaritza presionatzen ari dira, bai orain aipatu dizkizudan gazte horiek, baita emakume sahararrak ere, lehen gatazkan ibilitako agureak ahaztu gabe. Beraiek badakite zer den gerra egitea, lagun eta senitartekoak galdu dituztelako, eta hala eta guztiz ere gerraren aldekoak dira. 21 urteren ondoren traizionatuak sentitzen baikara, erreferendumik ez dute antolatu eta.

Nola saihestu dezake Polisarioak gatazka armatu hori?

Polisarioa ahalegin guztiak egiten ari da hori eragozteko. Diplomaziaren arloan asko mugitzen ari gara. Afrikar Batasunak (AB) presio handiagoa egin beharko luke, deskolonizatu ez den lurralde honen gatazka behin betiko konpontzeko. Baita Espainiako eta Frantziako estatuek ere, oztopoak jarri ordez, lagundu egin beharko lukete Nazio Batuek (NB) derrigortzen duten helmugara iristera, hau da, Mendebaldeko Sahararen benetako deskolonizazioa burutzea. Oraindik, ofizialki, lurralde hori espainiar kolonizatzaileen menpean dago eta. Hau gertatzen ez bada, inguruotako egonkortasuna pikutara joango da, gaur egungo egoera okertuko litzateke, jadanik nahikoa txarra den egoera.  

Azken aldian segurtasun arazoak izan dituzue errefuxiatu sahararrek. Badirudi lurraldea ezegonkortasunean murgilduta dagoela. Bahiketak, lapurretak, muturreko islamismoa, eta abar. Zer dio Polisarioak horri buruz?

Gu, sahararrok, ABeko partaide eta kide gara. Hortaz, partaide garen aldetik gure betebeharrak onartzen ditugu. Guk zaindu behar dugu inguru hauetako egonkortasuna, gure lurraldeko egonkortasuna. Ez beste inork. Lurralde askatuetako segurtasunaren ardura guk dugu. Erakutsi dugu, gainera, ondo baino hobeto egiten dugula. Bahiketarenak sorpresaz harrapatu gintuen, zorionez dena ondo amaitu da eta ez dugu berriro horrelako kasurik gerta dadin utziko. Ez dugu onartuko laguntzen gaituen jendearen bahiketarik, ezta gure artean dauden bisitari, kazetari eta MINURSOko kideen aurkako ekintzarik ere, inolaz ere.

Gure lurraldearen burujabetza guk dugu, ez Marokok, horrela sinetsarazi nahi badigu ere. Mendebaldeko Sahararen auzoko herriekin harreman estua dugu segurtasunaren gaia dela eta, Marokorekin izan ezik. Edozein mehatxuren aurka borrokatuko dugu, bai droga trafikatzaileen aurka, bai lapurren aurka baita muturreko islamismoaren aurka ere.

Marokori ere proposatu izan diogu arazo horien aurkako elkarlana. Baina erantzuna ezezko borobila izan da. Gu, aldiz, behin eta berriz saiatzen gara elkarlana emankorra izan dadin, baina beti ezezko erantzuna jasotzen dugu.

Ez gaude toki samurrean kokatuta segurtasunari begiratzen badiogu, hori egia da. Gure inguruko lurralde askok ez dute batere segurtasunik. Hortaz, gure lana ere bada inguruko lurraldeei laguntzea arazo horiek konpondu ditzaten. Baita bahiketen kasuan ere. Europar Batasuneko herritar batzuk bahituak dituzte oraindik ere, eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu bahiketa horiek ondo amaitu daitezen. Elkarlana ezinbestekoa da.

Azken koloniaren ondarea

1975ean Espainiak Sahara Marokoren eta Mauritaniaren menpe utzi zuenetik –Nazio Batuen informeei muzin eginez–, gatazkan dihardute sahararrek. Horietako asko Aljeriako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira. 1979an Mauritania beraien lurraldeetatik kanporatu ostean, Marokoren aurka aritu ziren, 1991. urtean su etena sinatu zuten arte. Su eten horretan, 6 hilabeteren buruan independentzia lortzea edo Marokoko probintzia izatea erabakiko zuten sahararrek. Erreferenduma galduko duela ikusita estatu alauiarra behin eta berriz saiatu izan da galdeketa oztopatzen, mila trikimailu erabiliz gainera. 1991. urteaz geroztik inongo fruiturik eman ez duten negoziaketetan dabiltza bi aldeak.  

Azken urteetan Marokok jarrera aldatu eta erreferenduma egiteko autonomiaren aukera sartu nahi izan du. Hala eta guztiz ere, behin baino gehiagotan saiatu izan da trikimailuak erabiltzen, galdeketa horretan nork hartu beharko lukeen parte adosteko. Ibilaldi Berdearen ondoren sartu ziren iparraldeko marokoar txiroak ere bertan parte hartzea nahi dute. NBak kexu dira, Rabatek erregistroa faltsutzen duela eta. Horrek eragozten du jakitea  zein pertsonek duten galdeketan botoa emateko eskubidea.

Hori gutxi balitz, azken aldian bahiketen eta muturreko islamismoaren arazoa ari dira jasaten errefuxiatuta dauden sahararrak. Enric Gonyalons, Ainhoa Fernandez eta Rosella Urru, hainbat GKEetan  zebiltzan langileak bahitu zituzten Rabounin zeudela. Informazio askok Marokoren esku beltza ikusi du honen atzean, ondo baino hobeto baitaki Rabatek, Tindoufeko errefuxiatu kanpamentuetako diru iturri handiena bertaratzen diren laguntzaileak direla.

Azken hilabetean Rajoyren Gobernuak antzeko zer edo zer egin nahi izan du GKEen segurtasuna aitzaki hartuta, eta kooperatzen ari diren lagunak bertatik ateratzeko agindua eman du. Polisarioarentzat “Marokoren presioengatik hartu dute erabaki hori”. Hala ere, ia GKE guztiak bueltatu dira Tindouf inguruko kanpamentuetara lanera.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-20 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
“Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?”

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


‘Saharari kantari’ diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


Eguneraketa berriak daude