Higgsen bosoia, masa eta energiaren arteko mugetatik hurbilago


Joxerra Aizpurua Sarasola
2012ko uztailaren 22a

Iaz, CERN erakundeak iragarri zuen argiaren abiadura baino azkarrago higitzen ziren neutrinoak aurkitu zituela, baina gerora frogatu zen ustezko aurkikuntzaren jatorria gaizki egindako neurketa besterik ez zela. Porrot haren ostean etorri zaigu Higgsen bosoia izan daitekeen partikularen aurkikuntza. Horren bidez unibertsoa hobeto ulertzeko aukera izango dugu; besteak beste, materiaren sorkuntza ulertze bidean jarriko gaitu Higgsen bosoiaren ikerketak. Hori bai, neutrinoen porrota eta gero CERNek askoz komunikazio estrategia zuhurragoa erabili du oraingoan.

Aurkitutakoa Peter Higgsek eta beste bost zientzialarik 60ko hamarkadan aurreikusitako bosoia den ziurtatzeko hilabete batzuk igaro beharko dira, CERNen arabera. Badirudi, nolanahi, ziurtatu dezakegula partikula bat uhin izatetik masadun partikula izatera igarotzen deneko gertaera ezagutzetik hurbilago gaudela. Zenbat hurbilago? Auskalo!

Errealitatea hobeto ulertzeko aukera emateaz gain, Higgsen bosoia atzemateak bestelako ondorio “lurtarragoak” izan ditzake. Esaterako, ia segurua da CERNek diru gehiago lortuko duela ikerketekin aurrera jarraitzeko. Higgsek proposatutako eredua zentzuzkoa dela ere esan daiteke honezkero, baina ikerketak eman dezakeenaz hitz egiteko goiz da. Hamarkadetako kontua izango da.

“Jaungoikoaren partikula” ere esaten zaio Higgsen bosoiari, zientzialari askok gaitzesten duten goitizena izanagatik. Hainbatek esan du energia materia bihurtzeko prozesua ulertzeak Jainkoaren izaera ulertzea ekar dezakeela. Ez dut uste horrela izango denik, eta are gutxiago epe laburrean. Batetik, orain abiatuko den ikerketa-bideak urte asko beharko dituelako emaitzak izateko; bestetik, nanoan ez ezik ez al da makroan ere begiratu beharko? Hau da, masa-energia binomioaren portaera ulertzeko ez al da unibertsotik haratago dagoena ezagutu beharko? Kontuan hartu behar da bigarren arlo horretan ikerketaren hastapenetan baino ez gaudela. Arazoaren alderdi erlijiosoari dagokionez, aurkikuntza bakoitzak galdera berri bat dakarrenez, elizak oso lasai daudela iruditzen zait.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Fisika

Fisika kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude