Grabitazio uhinak: unibertsoaren ezagutzarako tresna bat gehiago
Gaurko sarrera honetan, aste honetako zientzia munduko albiste nagusiaz hitzegingo dut. Egia esan, maila horretako fisika ulergaitza egiten da era horretako ikasketak ez dituen jendearentzat, eta nik ere lanak ditut grabitazio uhinak zer diren ulertzeko. Horregatik, beste zenbaitetan esan izan dudan moduan, zuen iradokizun eta zuzenketak ongi etorriak izango dira. Azken batean, Zientziaren labirintoan kokatuz guztion artean egiten dugu.
Grabitazio uhinen aurkikuntzak, Einsteinek erlatibitatearen teoria orokorrean adierazi zuen bezala berauek existitzen direla erakusten du. Antza denez, honek aro berri bat irekiko du gure unibertsoaren ezagutzan. Izan ere, grabitazio uhinei esker unibertsoaren iraganeko bilakaera ezagutu ahalko dute ikerlariek.
Alderaketa bat eginez, karga baten azelerazioak uhin elektromagnetikoa eragiten duen bezala, edozein masaren azelerazioak grabitazio uhinak eragingo lituzke. Honek ordea, galdera bat iradokitzen digu: gure inguruan horrenbeste masa azeleratu baldin baditugu, zergatik kosta da horrenbeste grabitazio uhinak aurkitzea?
Bada, honen erantzuna erraza bezain berehalakoa da: grabitate indarra indar elektromagnetikoa baino askoz ere ahulagoa delako. Azken finean, Albert Einsteinek berauek existitzen zirela esan bazuen ere, hain ahulak izanik, bere ustez ez genituen sekula aurkituko. Azken batean, guk gertaera batek eragindako grabitazio uhinak igarri ahal izateko, berauek masa izugarriek eraginak izan behar dira: bi zulo beltzen elkarketa, izar baten leherketa… Hauek ordea, gugandik milioika argi urtera gertatzen dira, eta uhinok gugana iristen direnerako oso ahulak dira.
Beste alderaketa bat eginez, uhin elektromagnetikoaren hedatze abiadura infinitua ez den bezala, grabitatearen aldaketaren eragina ere ez da leku guztietan aldiberekoa. Hau da, argiari eguzkitik gugana iristea denbora bat kostatzen zaion bezala, bi zulo beltz elkartzen direnean, bere grabitazio eremuan aldaketa bat jazotzen da,baina bere eragina ez da unibertso osoan aldi berean nabaritzen. Uhin elektromagnetikoarekin gertatzen den bezala, grabitazio uhinak ere argiaren abiaduran hedatzen dira.
Orain arte nik uneoro eremu grabitazionala aipatu badut ere, grabitatea, indar bat baino, espazio-denboraren deformazio bat omen da. Hau azaltzeko, izara batean jartzen dugun pilota baten efektua erabiltzen da maiz. Funtsean, inolako masarik gabe, izara horrek zehazten duen gainazala erabat laua izango da, eta bertatik pasatzen den pisu gutxiko pilota bat lerro zuzen bati jarraika higi daiteke. Aldiz, pilota astun bat izara horren gainean kokatzen badugu, honek espazioa deformatu egingo du, lehen lerro zuzena marraztuz higitzen zen pilota arina, lerro oker batean higiaraziz.
Eta gauza bera gertatzen da denborarekin. Izan ere, ezin dugu ahaztu gaur egungo fisika honetan, posizioaz gain, denboraren koordenatu bat ere kontuan hartu behar dela. Bada, masa batek denbora ere deformatu egiten du. Alegia, denbora motelago pasatzen da masa astun baten (zulo beltz bat adibidez) ondoan, beregandik urrun baino. Hala, Einsteinek adierazi zuen espazio-denboraren deformazio hori (orain arte grabitazio indarra zena) ez dela leku guztietara aldi berean iristen. Bada, grabitazio uhinak, efektu hori argiaren abiaduran hedatzen du.
Funtsean, grabitazio uhinen aurkikuntza zentzumen berri bat edukitzearen parekotzat har daiteke. Azken batean, uhin hauei esker, argiari esker lor ezin zitekeen informazioa lortuko dugu.
Ez dakit zerbait ulertuko zenuten… Niri ere nekeza egiten zait kontu hauek ulertzea. Baina beno, irakurri dudana irakurrita, hau da azal dezakedana. Espero dut zientziaz nik baino gutxiago dakien jendearentzako interesgarria izatea. Edonola ere, ziur nago blog honen bisitarien artean fisika kontu hauek nik baino hobeto ulertzen dituen jendea egongo dela. Bada, barkatu azalpen honetan astakeriaren bat jarri badut; eskertuko dizuet kasu horretan errietatxoren bat egitea… Nik bitartean, beste gai batzuk prestatzen jarraituko dut. Esate baterako, grabitazio uhinak aurkitzeko erabili duten LIGO interferometroak ere arreta apur bat mereziko du ala?
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Unibertsoko zulo beltzak, gure baitakoen ispilu | Zientziaren labirintoan kokatuz - […] den hasteko sarreran, grabitazio uhinen aurkikuntzaz aritu nintzen. Estatu Batuetako LIGO interferometroan igarri zuten […]
Egia esan, Oier, aitortu beharra daukat zuk jorratzen duzun zientzia-gaiaz gutxi ulerten dudala; halere ahaleginak egiten ditut eta esango dizut gustura irakurri dizudala artikulua. Eskerrik asko eta segi horrela!
Iñaki
Eskerrik asko zuri Iñaki! Era horretako iruzkinak asko eskertzen dira!