Stephen Hawking fisikariak Israeli boikota egingo dio

  • Stephen Hawking fisikariak boikot akademikoa egingo dio Israeli, bertako presidente Shimon Peresen omenez egingo den ospakizunera joateko gonbidapena ukatuz. Gutun baten bidez eman du erabakiaren berri, Israelek palestinarrei emandako tratua gaitzetsi asmoz, The Guardianek argitaratu duenez.


2013ko maiatzaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Israelko presidentearen 90. urtebetetzea ospatzeko ekitaldira zegoen gonbidatua (argazkia: hoorayman.wordpress.com)

Seguruenik munduko fisikari ezagunena den Hawking beste hainbat pertsona ezagunekin batera (Barbra Streisand edota Tony Blair tartean) gonbidatu zuen presidenteak Israelen egin ohi den ekitaldirik garrantzitsuenera. Aurtengo ekitaldian, gainera, Peresen 90. urtebetetzea ospatzekoa da.

“Boikota errespetatzeko erabaki guztiz askea hartu du, Palestinako egoerari buruz duen jakintzan oinarritua eta bertan dituen kontaktu akademikoen aholkuak jarraituz”, esan du Unibertsitate Palestinarrentzako Batzorde britainiarrak bere webgunean. Batzorde honek palestinar kausa eta Israeli egindako boikota defendatzen ditu.

Hawkingen erabakiak beste garaipen bat suposatu du Israelen kontrako boikot akademikoan. Irlandako Irakasle Elkartea izan zen Europako lehena boikotarekin bat egiten. Fisikariaren gonbidapena iragarri zenetik, boikotaren jarraitzaileek mezuz bonbardatu dute iritziz alda dezan, eta hala egin du azkenik.

Erabakiak, alta, gaitzespenezko mezuak ere jaso ditu. Ekitaldiko zuzendari Israel Maimonen hitzak jaso ditu El Paisek: “Israelenganako boikot akademikoa guztiz desegokia eta eskandalagarria da. Israelgo Estatua norbanako librez osatutako demokrazia da; eta boikotaren inposizioak norbanako horien adierazteko askatasunari eraso egiten dio”.

Sare sozialetan ere izan da Hawkingen erabakiaren kontrako mezurik. Hainbat iruzkingilek antisemitismoa leporatu edota bere egoera fisikoaz iseka egin diote (izan ere, esklerosiarengatik paralizaturik du ia gorputz osoa).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Stephen Hawking
Eguneraketa berriak daude