"Inori eskatzen ez zaizkion azalpenak exijitzen dizkigute beganooi"

  • Camille hartza Pirinioetako bakardadean, Itoizko urtegian ito nahi ez zutenak, derrigorrezko soldaduskari galbidea ekarri zioten intsumisoak… Desobediente anitz ezagutzera eman digun kazetari argia da Elizondo. Bere animaliekiko maitasun eta grina kutsakorra da oso eta gustura solastatu gara beganismoaz, barne kontraesanez, zalantzez, koherentziaz bizi nahi izateaz. Elkarrizketa amaituta, egia esan, urdaiazpiko pintxoa ez da lehen bezain tentagarri ikusten.

Dani Blanco

Natura eta kazetaritza, zure bi pasioak?

Idaztea gustatu zait beti eta animaliekiko grina ere neurea dut. Nire kasuan uste dut bi zaletasunak Camille hartzaren kontuarengatik uztartu zirela. Mugarria izan zen niretzat. Camille Nafarroan agertu zelarik, 1990eko hamarkadaren bukaeran, niri egokitu zitzaidan hainbat erreportaje egin behar izatea. Orduan hasi nintzen esparru horretan sartzen eta, batez ere, jendea ezagutzen. Hori niretzat garrantzitsuena da. Ingurumen kontuetan lanean ari den hagitz jende interesgarria ezagutzeak eta haien eskutik gauzak ikasi ahal izateak gehiago jakiteko gogoa pizten dizu. Hartzaren arrastoen atzetik Erronkarin hasi nintzen. Gerora horrek Asturiasera eraman ninduen eta 2003az geroztik urtero joan izan naiz. Hemen Nafarroan niretzat oso garrantzitsuak dira Gorosti taldeko kideak, besteak beste.

Hartzaren atzetik eta orain otsoak ikusi dituzu.

Azken zortzi urteotan Narceako kontzejuan hartzaren bila ibili naiz FAPAS taldeko lagunekin, eta han otso asko ere badira. Mamuen gisakoak dira, arrastoa baizik ez duzulako aurkitzen. Orain Zamoran bai, ordea, ikusi ditugu. Asteburu bateko ikastaroa egin berri dut Javier Talegón biologoarekin. Ikaragarrizko zaletasuna du eta ahalmen handia hori transmititzeko. Mendian halako aditu batekin ibili ahal izatea ikaragarria da.

Beldurgarriak?

Argi daukat animaliarik arriskutsuenak gizakiak direla, batez ere eskopeta eta pozoia hartuta. Oso fama txarra dauka otsoak eta egia da kalteak sortzen dituela, baina gauzak bere neurrian jarri behar dira. Otsoaren errealitatea ezin da nekazari edo abeltzain baten ikuspuntutik kudeatu. Oreka bat lortu behar duzu. Kalterik bada, ordaindu behar da, baina hobe da erasoei aurre hartzea. Ikasi behar da, lehenbizi, otsoa zer den, nola bizi den, zer jaten duen, noiz eta zergatik egiten duen eraso artaldeetan… Basurdeak eta orkatzak izanez gero, ez ditu artaldeak erasoko. Eta jakin behar da ere zer onurak dakartzan. Besteak beste, beti saiatzen dira harrapatzen ahulen dauden aleak, beraz, alde horretatik laguntzen dute belarjaleen populazioa sendo mantentzen.

Antzeko zerbait esan daiteke hartzari buruz, ezta? Nola kudeatu da hartzaren afera Nafarroan?

Nik ulertzen dut ezin dela informazio guzti-guztia eman, batez ere muturreko jarrerak daudenean, baina Camilleren kasuan ez da ia ezer erran eta zerbait atera denean komunikabide zehatz batzuetara bideratu da soilik. Hemen Nafarroan erasoak gertatzen direnean badago kalte-ordain bat, baina erasorik gertatu gabe ere orain arte ordaindu izan zaie abeltzainei beren animaliak hartza zegoen esparruan izateagatik. Diru-laguntza hori aurten desagertu da. Urte hauetako hartzaren erasoen zerrenda ikusita bistakoa da oso eragin murritza izan duela eta oso abeltzain gutxiri eragin diola. FIEP taldeko kideek anitzetan kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren orain arteko hartzaren afera kudeatzeko modua, kalteak ordaindu bertzerik ez duelako egin. Haiek proposatzen dute artzaina biodibertsitate sortzailetzat hartzea, eta jarduera hori saritzea, hartzaren eta artzainen arteko harreman horretan alderdi positiboa nabarmendu ahal izateko, eta harreman hori hobetzeko. Hartzaren ikuspuntutik bide hori egokia iruditzen zait. Antiespezista naizen aldetik, berriz, abeltzaintzaren atzean dagoena kolokan jarri bertzerik ezin dut egin, abeltzainarentzat animalia baliabide ekonomiko hutsa izaten delako.
Bestalde, Asturiasen azken urteotan turismoak bultzada handia izan du hartzari esker, baina horrekin ere kontuz ibili behar da, ezin delako mendian eta animalien inguruan nahi bezala ibili.

Félix Rodríguez de la Fuenteren saioak ikusten zenituen txikitan?

Bai, ni Félixen alaba naiz, zentzu horretan. Etxean daukat bere Fauna entziklopedia. Anitzetan zalantzan jarri izan da haren lan egiteko modua. Ziur naiz lan horrek alderdi argiak eta ilunak izanen zituela, baina Félix Rodríguez de la Fuenteren dokumentalek belaunaldi oso batean izan zuten eragina ukaezina da. Ni belaunaldi horretako kidea naiz. Telebistari so gelditzen nintzen Rodríguez de la Fuente agertzen zenean. Harekin deskubritu nituen, neurri batean, natura eta otsoaren gisako animaliak. Gerora egin dut antiespezismora bidea. Baina hark utzitako arrastoa ez da desagertu. Transmititzeko ahalmen ikaragarria zuen. Biologia fakultateak bete egin ziren berari esker eta Estatu osoan talde ekologista anitz bere eraginpean sortu ziren. Iazko udan bere alaba txikia, Odile, fundazioa daramana, ezagutu nuen, eta niretzat izan zen gaurko haurrentzat futbolari ospetsu bat ezagutzea bezala.

Noiztik zara beganoa?

Begano “karneta” 2005eko martxoaren 8an atera nuen. Animalismoen esparruan aktibista den jendeari askotan, kritika moduan, esaten zaizkion gauzek harrituta uzten naute: “Animalien alde ari zara, baina zer gertatzen da Afrikako haurrekin edo emakumearen egoerarekin?”. Batzuek ez dute ulertzen. Uste dute gizakiak ez diren bertze animaliez arduratzen garelako, ez dugula gizakiarenganako kezkarik izaten. Horregatik Emakumearen Eguna nahita aukeratu nuen beganismoarekin hasteko. Beganoa naiz eta emakumeen arazoez ere arduratzen naiz, adibidez. Inori eskatzen ez zaizkion azalpenak exijitzen dizkigute guri. Ematen du beganook perfektuak izan behar dugula. Ni beganoa naiz eta puntu, eta ez zait iruditzen hori arazo guztiak konpontzeko giltza magikoa denik.

Euskal Herrian naturatik gertu bizi gara, edo hori sinestu nahi dugu, baina beganismoak zaila du hemen, ezta?

Bai. Animaliak erabiltzeko ohitura handia dugu eta alde horretatik antiespezismoak zaila du hemen. Gertatzen da gizartean dena nahasten dela. Oso garbi ikusi behar da ekologismoa, beganismoa, antiespezismoa… ez direla gauza bera. Ni ez naiz ekologista hitzarekin identifikatzen. Ekologistei normalean espezie batzuen egoera inporta zaie, baina antiespezista gehiago doa animalien erabileraren aurka, animalia guztien alde. Niri ez zaizkit soilik axola desagertzeko arriskuan dauden espezieak.

Iruñeko Sanferminak pentsaezinak dira zezenik gabe?

Hemen ere gauzak aldatzen ari dira, talde batzuk eta peñak hasi dira, jada, gauza desberdinak antolatzen. Baikorra naiz eta uste dut gauzak aldatuko direla. Argi dut nik ez dudala alternatibarik eman behar. Zer dagoen gaizki, esaten dut eta kito. Eta alternatibarik ez balego ere gaizki dagoena kendu behar da gaizki dagoelako, besterik ez.

Zertan datza antiespezismoa?

Espezismoa espezien araberako diskriminazioa da. Adibidez, kasu honetan gizakiak bertze espezieak erabiltzen ditu bere mesederako bertze espeziekoak direlako. Esperimentazioan oso garbi ikusten da. Ezin dugu ulertu esperimentazioa gizakiekin. Guk bezala animalia anitzek nerbio-sistema nagusia dute eta, ondorioz, baita sufritzeko eta plazera sentitzeko gaitasuna ere. Hori da denok berdin egiten gaituena. Gaitasun horiek animalia bati bizitzeko eskubidea ematen diote, guri bezala. Gaur egun animaliak gehienbat esplotatzen ditugu jateko. Lortuko bagenu animalien industria hori desagerraraztea, arazoaren zatirik handiena desagerraraziko genuke. Animaliak produzitzen dituzten industriak produktutzat hartzen dituzte behiak, txerriak, untxiak… Denak. Animalia horiek jaten dituztenentzat ere halakoak dira. Guretzat objektua dira eta onura ekonomikoa ematen digutelako erabiltzen ditugu, eta iruditzen zaigu edozein gauza egiten ahal dugula haiekin. Ez da beharra, negozioa baizik. Hamaika bideo dago sufrimendu hori erakusten, eta ikusi ez duena nahi ez duelako da.

Baina animaliek elkar jaten dute…

Bertze mundu bat da eta ezin da parekatu. Haientzat beharra da, guretzako ez. Guk bertze aukerarik dugu. Era berean, inuit batek animaliak ehizatu behar ditu bizitzeko eta ni ez naiz joanen esatera ez duela harrapatu eta jan behar. Hori bertze errealitate bat da. Nire iritziz gaurko arazo nagusia industria da. Negoziorako erabilera. Eta ez dugu muturretara joan behar. Begano bezala askotan planteatzen dizkidate inoiz gertatuko ez diren muturreko egoera surrealistak: irudika ezazu munduan bakarrik zaudela eta aurrean txerri bat duzula, eta ez duzula besterik jateko eta zer eginen zenuke? Aspertuta nago horrekin, benetan! Gure begien aurrean egunero hamaika gauza gertatzen ari dira, aldatzea gure esku ditugunak, nik honetan zentratu nahi dut. Kontsumitzaileok izugarrizko boterea daukagu eta ez bagara zoologikoetara, zirkuetara, akuarioetara joaten, animaliarik jaten ez badugu zerbait lor dezakegu.

Gaiz aldatuta, Itoitz urtegiaren inguruko erresistentzia borrokaz asko idatzi duzu.

Hurrengo urtean hamar urte beteko dira etxeak suntsitu zituztela. Tamalez horma hor dago baina Itoitz herria ez. Nik uste dut borroka horretan galdu dela anitz: jendeak bere historia zati bat, bere txikitako etxea, bere arbasoak lurperatuta dauden hilerriak galdu ditu eta Nafarroako Gobernuari oso merke atera zaio dena. Gainera oraindik ez da bukatu: hor dago Nafarroako ubidearen inguruan gertatzen ari den guztia. Jendea hasi da mugitzen azpiegitura horren aurka, ikusita zer dirutza gastatu den eta zenbat gastatuko den bigarren fasean. Nekazariak hasi dira esaten ubiderik ez dutela nahi izugarrizko inbertsioak egin behar dituztelako, errentagarritasuna ziurtatuta ez dagoenean. Borroka honek, halere, gauza on anitz izan ditu. Borroka moldea, errate baterako, oso aberasgarria izan zen.

Zure beste lan garrantzitsu bat intsumisioari buruzko liburua izan da. Desobedientzia zibilean espezialista, zeu ere desobedientea?

Etxean ez naiz batere desobedientea izan, baina nire modura ere banaiz. Zentzu batean beganoa izatea intsumisoa izatea da. Itoizko kontua hurbilagokoa nuen. Intsumisioarena ez nuen horren ezaguna eta behin hor murgildutakoan, harritu ninduen gauza anitz aurkitu nuen. Zenbat aurpegi, talde eta estrategia desberdin zuen bere baitan intsumisioaren mugimenduak eta nola lortu zuten irudi bateratua erakustea gizartearen aurrean. Izugarrizko indarra izan zuten.

2001ean bazterrean gelditu zen soldaduska egin beharra. Egungo gazteek ez dakite soldaduska bera zer zen ere. Haien sugarra itzali zen?

Urte haietan gizon gazte guztiek egin beharreko kontua zen eta egoera horrek haien inguruko jendea ere hunkitzen zuen, beraz gizartean oso zabaldua zegoen, oso helduleku ona zuen. Tresna baliagarria izan zen armaden kontra egiteko. Gaur egun, aldiz, zailagoa da heldulekua aurkitzea. Masiboki ez da zalantzan jartzen, adibidez, armetan mundu mailan xahutzen den dirutza.

Orain zer duzu esku artean?

Mugimendu animalistaren inguruko liburu bat ari naiz prestatzen. Mugimendu hori zertan den hemen eta hemendik kanpo azaldu nahi dut. Egin ditudan bertze bi liburuetan bezala, honetan ere oinarria pertsonen testigantzak izanen dira. Ez zait horrenbeste interesatzen mugimenduaren historia egitea, baizik eta hor dagoen jendea ezagutzea eta galdetzea zergatik diren antiespezistak.

Nortasun agiria

Edurne Elizondo Mitxelena, Beran jaioa 1972ko urriaren 27an. Berria egunkariko kazetaria eta egun Ingurumen Zientzietako ikaslea UNEDen. Kazetaritza eta naturzaletasuna uztartu ditu bere jardueran. Itoitz. Porlanezko Gezurra eta Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian liburuen egilea da. Antiespezista, animalien eskubideen defendatzailea eta beganoa (ez du animaliarik ezta animalietatik eratorritako produkturik jan edo erabiltzen). Lolita katuarekin bizi da. Elkarrekin bizi dira, baina ez da berea. “Katuarekin dilema anitz ditut. Berak anitzetan jarri nau ataka zailetan: erabaki behar izatea bere bizitzeko moduaz, bere osasunaz… Lolita ere beganoa da ni bezala, nik hala erabaki dudalako”.

Azken Hitza
Lur jota

“Behin Angelita Alfaro sukaldariari elkarrizketa egin nion. Emakume honek beti eman behar dizu zerbait jateko. Niri turroi batzuk eman nahi zizkidan eta esan nion ez nuela jaten, barazkijalea nintzela –ez nintzen ausartu beganoa nintzela esatera, azalpenak ematen hasi behar ez izateko–. Eta berak esan zidan ‘¿Vegetariana? ¿Y se puede estar así de rolliza siendo vegetariana?’. Lur jota utzi ninduen”.


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Eguneraketa berriak daude