IƱaki Carro

"Ziur naiz epaileak arrazoi emango digula Kukutzarekin"

  • Basauriko kartzelan izan zen lehenengotako intsumitua da Iñaki Carro (Sestao, 1971). Sestaoko langabetuen asanbladan urte mordoa ibilia eta pobreziaren kontrako Argilan taldean ere aritutakoa. Bilboko Okupazio Bulegoan dabil buru-belarri orain. Kukutzako abokatua da.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2011ko urriaren 23a
"Lana haien errugagatik galdu duzu, ezin diozu hipotekari aurre egin eta etxetik bota zaituzte. Zer egingo duzu? Ba okupatu!"Dani Blanco

Kukutza hustu eta eraisteko argudio nagusia izan da “epaileak agindu” duela. Hain zuriak eta beltzak al dira kontuok legalki?

Epaile batek agindu duela? Bai, baina guk helegite bat jarri dugu eta oso litekeena da probintzia auzitegiak arrazoia ematea. Argudio juridikoa oso erraza da: Kukutzaren okupazioa duela 12 urte salatu zuten eta artxibatu egin zen. Enpresak auzia berriz zabaldu nahi izanez gero, beste epaitegi batera jo beharko luke. Baina bide penala erabili dute, nahiz eta guretzat bide zibiletik defentsa juridikoa zailagoa izan, hortxe dago koska.

Zergatik?

Tranpa bat egiten dute bide penaletik abiatuta: desalojoa eskatzen dute behin-behineko neurri bezala, eta behin hustuta, kasua artxibatu egiten da. Hori legeari iruzur egitea da, legea beste helburu batzuekin erabiltzen dute, eraikina berreskuratzeko.

Kukutza ez botatzeko zein irtenbide zegoen? Borondate politiko kontua al zen?

Beti dago biderik. Jabetza pribatua sakratua da, baina autopista bat zure lurretik pasatzen bada, onura publikoa zure jabetzaren gainetik jartzen dute. Hori egin zitekeela Kukutzaren kasuan? Nahiko legala dirudi. Esan zitekeen “behar dugu lur hori auzoko betebehar sozial eta kulturalentzako”, legala litzateke. Baina eraispenaren aurretik egindako epaiketan garbi geratu zen atzetik Bilboko Udala zegoela, eta ez enpresa.

Zer ikusi zenuten, bada, epaiketan?

Eraispenaren defentsa handiena udal abokatuak egin zuen, Cavisa enpresaren abokatuak atxikimendua baino ez zion adierazi. Bilboko Udaleko abokatuak Kukutza bera oso gogor kritikatu zuen, eta proiektuaren ilegaltasuna salatu zuen.

Prozesu osoan irregulartasunak izan direla salatu izan duzue. Zein nabarmenduko zenuke?

Epaitegiak eraispen agindua eman zuen inputatuen deklarazioa baino lehen, hori ilegala da. Jabe batek salatu dezake okupa batzuk sartu direla bere etxean, baina igoal ez dira okupak, maizterrak baizik. Horregatik epaileak alde guztiak entzun behar ditu. Bestalde, Cavisak agortuta zuen eraikitzeko baimena. 1994an erosi zuen eraikina, eta auskalo zer trapitxeorekin lortu zuen Udalak espresuki lurra urbanizagarri bihurtzea. Baina Udalak uzten dizu eraikitzen baldintza batekin: eraikitzeko. Itxaroten baduzu ea lur zoruaren prezioa igotzen den... Hori espekulatzaileek egiten dute.

Jabetzaren kontzeptua auzitan jarri da. Askoren ustez, jabe batek urte luzez eraikin bat utzirik badauka, jabe legitimoak eraikin hori zaindu dutenak dira. Baina nola defendatu daiteke legitimitate hori legalki?

Ordenamendu juridikoan badago irudi bat: usukapioa. Eraikin baten jabetza eskuratzeko, epe jakin bat igaro behar dela esan nahi du hitz horrek. Hori existitzen da, baina ez da aplikatzen. Normalean okupazio kasuen erdiak artxibatu edo absolbitu egiten dira, [Espainiako] Konstituzioak argi esaten duelako jabetza babestu behar dela funtzio soziala duenean eta botere publikoek espekulazioa eragotzi behar dutela.

Kukutza bota dute, baina jarraitzen al duzue haren aldeko borrokarekin?

Helegitea jarri dugu eta hilabete eta erdiren buruan erabakita beharko luke. Konbentzituta nago arrazoia emango digutela. Eta sozialki ere argi geratu dira hainbat gauza. Kukutza ez zen edozein gaztetxe, oso handia zen eta Errekaldeko auzoarekin lotura estua zuen. Beste aldean, aldiz, espekulatzaile batzuk ditugu, ustelkeria urbanistikoagatik kondenaturik daudenak.

Iñaki Azkunak esan zuen Bildu zegoela Kukutzaren atzean, Rodolfo Aresek “kale borrokaren nostalgikoak” aipatu zituen, antisistema jendea zela...

Guztiok genekien Kukutzak sostengu handia zuela. Gaztetxe batzuk getho bilakatu izan dira, baina Kukutzaren asmoa beti izan da zabalik egotea. Harrigarria da Azkunaren mezuak oraindik jendearengan eragiteko duen gaitasuna. Hemen diote ezker abertzalea dagoela atzean, eta Murtzian esango dute Al Kaida dela... Satanizatu egin behar da, denborarekin deabruak aldatzen dira baina.
Aresek “gerrilla urbana” hitza erabili zuen. Izugarria. Ni han izan nintzen eta garbi dut lehenengo egunean, asteazkenean, Ertzaintzak istilurik ez sortzeko agindua zuela; ikusi besterik ez zegoen ertzain burua bere mutilen atzetik, nerbioak jota, lerroa mantentzeko aginduz. Baina ertzain batzuk motu proprio hasi ziren jendea jipoitzen. Kontua da Rodolfo Aresek hurrengo egunean kontrako agindua eman zuela. Guztiok dugu buruan edukiontzien irudia kalean erretzen, baina hori desalojotik 60 ordutara gertatu zen. Aresek behar zuen argazki hori, zeren eta asteazkeneko irudiarekin geratuko bagina... Hala ere, kezkagarriena iruditzen zaidana da, ez daukagula polizia bat zenbait egoeratarako prestatua.

Murrizketa sozialek, gazteen artean dagoen langabezia tasa handiak, atsekabeak... Ba al dute zerikusirik Kukutzaren alde sortutako erantzunarekin?

Garbi dago baietz. Estatuak eta politikariak legitimotasuna galtzen ari dira etengabe; erakusten ari dira haiek ez dutela gobernatzen, bankuek eta Munduko Diru Funtsak baizik. Ni harritzen nau nola jendeak oraindik hauteskundeetan parte hartzen duen. Krisiek normalean jarrera insolidarioak bultzatzen dituzte, baina gobernu batek legitimotasuna galtzen duenean...

Eta okupazio mugimenduan oro har, nabaritzen al da testuinguru hori?

Nabaritzen da Euskal Herriko egoera politikoa normalizatzeko bidean dela; jende gaztea hasi da berriro gizarte mugimenduez arduratzen. Jende askok sentitzen du mugitzeko beharra eta gaztetxeena izan liteke bide natural bat. Bestalde, kasualitatea izango da, baina azkeneko urteotan Okupazio Bulegotik pasa diren talde ugarik orain izango dute epaiketa.

Duela urte batzuk jarri zenuten martxan Bilboko Okupazio Bulegoa, zerk bultzatuta?

Okupatzeko arrazoi mordoa egon liteke. Batzuk klixe kontu batengatik egiten dute; guk okupazioa bultzatzen dugu presionatzeko modu bat delako. Nahiko genuke Bartzelonakoa lortzea: han norbaitek etxea hutsik badu, “okupatuko didate” pentsatzen du, presioa nabaritzen du. Bilbon 16.000 etxebizitza daude hutsik, bahituta, haietako erdiak alokairura aterako balira... Hemen egunean lau-sei kaleratze egiten dira. Lana haien erruagatik galdu duzu (bankuak, inmobiliariak...) eta ezin diozu hipotekari aurre egin, gainera etxetik botatzen zaituzte... Zer egingo duzu? Ba okupatu! BBK-k auskalo zenbat etxebizitza dituen hutsik, bankuak presionatu behar dira. Okupazio Bulegoan gauden gehienak pobreziaren kontrako taldeetatik etorri gara hausnarketa erraza egin dugulako: Etxebizitza izugarri garestitu da eta horrek jaten du gure soldataren zati handiena. Lapurreta da. Bizitza osoa lan egiten bankuari ordaintzeko... Gauza tristea da hori.

Gaztetxeetako auziak ere badaramazkizue bulegoan, kasuistika ezberdinak al daude?

Denetarik dago. Aurrekoan, Erandioko hitzaldi batean bi esperientzia ezagutu genituen. Bata, Sopelakoa. Duela urte bete dago han gaztetxea eta jabearekin akordio batera iritsi dira gutxienez beste hiru urtez egoteko. Bestea, Plentziakoa. Kasu honetan saiatu ginen behin eta berriz akordiora iristen baina ez zen posible izan eta azkenean hustu egin zituzten; niri faxa desalojoa gertatu eta lau egunetara iritsi zitzaidan. Normalean gaztetxe batek arazoak dituenean bulegotik pasatzen da: Santutxuko Zazpi Katu, Portugaletekoa, Barakaldokoa, Bakiokoa... Santurtzin bi daude, horietako bat, Mamariga auzoko kultur etxea da eta jendeak ez daki okupatua dagoenik ere; Kukutza baina urrunago joan da auzoko parte hartzea bultzatzeko orduan.

Jabetza eta interes ekonomikoetatik harago, zergatik sortzen du okupazioak eta autogestioak halako ezin-ikusi bat zenbait sektoretan? Kultura kontua al da?

Normalean errespetuzko joera dago. Ni musikaria naiz eta musika dut gustuko, ez naiz Operaren Lagunen Bilboko Elkartearekin identifikatzen, baina hor dago. Azkuna nahiko politikari populista da –ez dut hitz hori gustuko, baina tira– eta neurri zorrotzak hartu izan ditu. Bera ez da Kukutzatik pasatzen, beno, baina ni ere ez naiz opera ikustera joaten, eta guztiok bizi gara hemen. Errekaldeko auzotar askok hauxe esan ohi zuen Kukutzagatik: “Niri ez didate molestatzen”. Elkar errespetatu dezakegu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Okupazioa

Okupazioa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude