Musuari jarriak

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

I
Bi gazte dira seigarren zitan,
zalantzaren abusua;
betiko laku bera aurrean,
hari so geldi pausua:
“Atera nahi al duzu nirekin?”
dar-dar batean pultsua,
lotsaz burua behera eta
bihotzetik gertu sua,
erantzunik ez, baina jaso du
lehendabiziko musua.

IV
Zazpi t’erdiak, eliza lepo,
isiltasuna parte da;
pinuzko kaxa, kandela zuri,
txaketa beltz, hil kapera.
Ilaran zoaz alargunari
doluminak ematera;
aurrean duzu, bi musu eta
malko batekin batera,
zerbait esaten saiatu zara
baina ez zaizu atera.

II
Bikote bera, lau urte barru
paseatzera joana,
eskutik heldu eta esaten
dio pixkana-pixkana:
“Nik maite zaitut baina badago
ahots bat mintzo zaidana,
‘gaztea zara, aprobetxatu!’
errepikatzen didana...
Ezingo zaitut sekula ahaztu,
tori musu bat laztana”.

V
Musikak bum-bum, fokuek dir-dir,
gaua bukatzen hasi da,
barra ertzean bi gorputzak bat,
zerbitzaria begira;
musu elkarri: bat, bi, hiru, lau,
eta eskuak gerrira...
Hozka elkarri: lau, bost, sei, zazpi,
eskuak gerri azpira...
Animaliak ematen dute
baina gizakiak dira.

III
Gabon gaua da, afalaurrea,
nahiko pozik dirudizu,
“a ze nikia! Ta bizar hori?”
adarra jotzen beti zu,
besoak goian, gorroto duzun
izeba etortzen zaizu,
denen aurrean “kaixo politta,
bi musu” esaten dizu,
baina zuk eman baino gehiago
berak ematen dizkizu.

VI
Musu bat haizez jaso daiteke
edo gutunez bidali,
musu bat uka daiteke edo
jasotakoa itzuli,
haserraldi bat piztu dezake
edo piztua itzali,
bi musu eta agur bat edo
musu bat eta bi lili,
zuretzat ere horixe daukat:
musu bat, ongi ibili!

   


Doinua:  Andre txarren bentajak.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!