Lehen gaixoentzat, orain denentzat

  • Elikadura makrobiotikoa ez zaigu arrotz gaur egun. Lo arazoak, antsietatea edo pisu gehiegi duen jendea janari makrobiotikoa probatzen ari da. Alta, duela hogei bat urte, gaitz larriak zituztenek baino ez zuten Ekialde Urrunetik datorren jan molde honen berri. René Levi maisuarengana jotzen zuten euskaldunek. Jexux Larretxea arantzarrak (Nafarroa) irakasle izan zuen frantziarra.

Makrobiotika ez da jate hutsa. Gorputzaren alde psikikoak eta emozionalak ere berebiziko garrantzia dute.
Makrobiotika ez da jate hutsa. Gorputzaren alde psikikoak eta emozionalak ere berebiziko garrantzia dute.

Gorputzeko hainbat ataletan min zuen Jexux Larretxeak. Mina zerk eragiten zion ezin zuten asmatu sendagileek eta depresioan erori zen. Ondoren ikusmena galdu zuen. Buruan tumore koskorrak aurkitu zizkioten eta ebakuntzarik ez ziotela egingo esan zioten, toki txarrean zeudelako. Medikuen ustez, azkarregi zahartu zen, 85 urteko aitonaren zelulak zituen. Zorte txarra izan zuen. Halabeharrez, alabak Joxe Mari Etxenagusia pilotari errezildarrari buruzko artikulua irakurri zuen egunkarian. Pilotariak leuzemia sendatu zuen Frantziako zentro batean, makrobiotika izeneko elikadurari esker. “Botika hartu eta errezatu. Ezer galtzekorik ez neukan eta zentrora joatea erabaki nuen”, dio Larretxeak. Duela urtebete hil zen René Levi maisuaren Saint Gaudens herriko zentrora abiatu zen. Levi George Ohsawa makrobiotikaren sortzailearen ikaslea zen. Hauxe esan zion maisuak: “Nahiko berandu zatoz, baina sinesmen handiarekin hartzen baldin baduzu eta gorputzak pixka bat laguntzen badizu, aukera bat eduki dezakezu”. Arroza edo gari sarrazenoa jarri zizkion aukeran eta Larretxeak gariaren alde egin zuen. Hilabete luzez ez zuen besterik jan, gari sarrazenoa, mokadu bakoitza 300 aldiz murtxikatua eta ur tantarik ez. 84 kilo zeuzkan Saint Gaudenseko zentrora joan zenean eta egunean kilo eta erdi galtzen hasi zen: “Ahultzen ari nintzen, baina era berean ondo sentitzen nintzen”. Halako batean ikusmena berreskuratu zuen. Urtebetez Frantziara joan-etorrian ibili eta gero 42 kilo pisatzen zituen eta poliki-poliki, gariaz gain bestelako jakiekin hasi zen. Hobetzen hasi zen... “gaur arte”. 17 urte igaro dira.

Duela 80 urte bezala jango bagenu...

Elikadura eta bizimodua, dena aldatu zuen Jexux Larretxeak. Izugarrizko frustrazioa sentitu zuen lagunartean, gizartean oro har, bereganatu nahi zituen ohiturek gainerakoen egunerokoarekin talka egiten zutelako. Lagun min bat eta beste apur batzuk ditu gogoan, makrobiotikaren bideari lotu zitzaizkionak. Bost urtean 500 bat lagun zirela dio.

Duela 13 urte makrobiotikaren bideari egunaren 24 orduak eskaintzea erabaki zuen. Dietetika eta Nutrizioa ikasi ditu eta gaur egun hainbat herritan kontsulta dauka. Sukaldeko ikastaroak eta hitzaldiak eskaintzen ditu. Horixe du asmo nagusia, makrobiotika ahalik eta jende gehienarengana zabaltzea. Ezagutza maila ez da duela hogei urtekoa, orduan gutxi batzuk zuten entzuna makrobiotika hitza eta makrobiotikara jotzen zutenek gaitz larriren bat zeukaten. Gaur egun Gipuzkoan 40.000 makrobiotiko inguru egongo direla kalkulatzen du. Hego Euskal Herriko herrialdeak ordenean jartzen hasita Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Araba aipatu dizkigu.

Inguru hauetan gaixo asko egotea eta makrobiotikara jotzea ez da harritzekoa Larretxearen ustez. Nonbait garraztasun askoko jakiekin ohitu gara, muturreko jakiak aukeratzen ditugu eta neurrigabe jan. Jakien arteko oreka bilatzen du etengabe makrobiotikak, eta euskaldunon usadioa izan den eta oreka hankaz gora botatzen duen adibidea eman digu: sagardoa eta gazta nahastea. Ez dauzka, hala ere, Euskal Herriko hainbat jan ohitura saltzeko. Larretxeak orain dela 80 urte baserrian oinarrizko jakiak ziren artoa, garagarra, garia, artatxikia... ditu gogoan: “Ez dira hainbeste urte, zerealak funtsezko elikagai ziren, guk orain aldarrikatzen dugun moduan. Hori bai, goizean, eguerdian eta gauean txerria jaten zuten garai hartan”.

Gaixo daudenak, eta ez daudenak

Jexux Larretxea René Levi maisuarengana joan zenean, duela 17 urte, Saint Gaudenseko zentroan erdiak euskaldunak ziren, besteak espainiarrak, frantziarrak eta italiarrak. Gaitz larriak zituztenak zeuden han. Orain kontuak bestelakoak dira. Euskal Herrian bertan, makrobiotikaz asko sakondu duen jendea dago eta bertakoak ari dira aholkulari lanak egiten, sukaldeko ikastaroak eta hitzaldiak ematen. Larretxearen ustez, gaur egun erdia baino gutxiago dira kontsultara gaitz larria dutelako hurbiltzen direnak. Pazienteen erdia baino gehiago “batzuk lehenago eta besteak geroago, gaitz larriak edukitzeko bidean direnak dira”. Lo egiteko arazok dituzte; antsietate handia daukate eta asko jaten dute; txiza edo kaka egiteko arazoak dituzte; haurra izateko arazoak dituzte. Larretxearen kontsultara adin guztietako jendea doa, eta batik bat gazteak hurbiltzeak pozten du Oiartzunen bizi den arantzarra, “haiek dira etorkizuna eta haiek aldatu behar dute biziatuta dagoen hau guztia, jateko modua, bizimodua... Dena”.

Sabela eta emozioak

Makrobiotika ez baita jate hutsa. Ekialde Urruneko sukaldeko tradizioen moldaketa da, yin eta yangen arteko orekan oinarritua. George Ohsawa filosofo japoniarrak Japoniatik Europara ekarri zuen elikadura, medikuntza eta baita espiritualitatea ere lotzen dituen ezagutza hau. Larretxeak azaldu digunez, gorputzak hiru zati dituela kontuan hartu behar da: alde psikikoa, fisikoa eta espirituala edo emozionala. Hirurek dute garrantzi bertsua, baina alde fisikoak ondo egon behar du beste biak jorratu ahal izateko. Dieta makrobiotikoari esker gorputza bere onera etortzen hasiko da eta poliki-poliki gizakiak galdua duen sena errekuperatuko du gorputzak, alegia, gorputzak berak adieraziko digu une oro jan edo edan nahi duen ala ez, zer jan nahi duen... Jateko modua bideratuta, alde psikikoan eta emozionalean eragin daiteke, horiek ondo ez badira gaixotasunak ez baitira uxatuko.

Hirukiaren garrantzia azpimarratzeko adibidea jarri digu: “Gaur egun gizonak eta emakumeak berdinak garela esaten da, baina askatasun hori ez dago bideratuta. Osasunean min handia ari da egiten. Gizonok, orokorren, ez gaude irekita, ez dugu aldaketa egin eta emakumeek bizimodu oso gogorra daramate; kanpoan lana, etxean lana, seme-alabak...”. Bizimodu horrek eragindako pazienteak al dauzkan galdetu diogu: “Emakume asko, eta ondorioz, seme-alabak ere bai”.

René Levik utzitako hutsunea

Iaz hil zen René Levi maisua. Larretxearen ustez, Levi frantziarrak hutsunea utzi die, “gure aita zen. Orain Saint Gaudens-en ari direnak oso ondo ari dira, baina jendea Levirengatik joaten zen hara. Jainko txikiak egiteko ohitura badaukagu euskaldunok eta Levirekin hori gertatu da. Jendeak segitzen du hara joaten, baina lehen baino gutxiago. Gainera, Levik lantaldean gaztelania hiztunak zituen eta horrek ere errazten zuen komunikazioa. Bestalde, kontuan izan behar da urrutira joan behar dela”. Oraindik gauzatu ez badute ere, urtetan buruan darabilten ideia kontatu digu Larretxeak, aterpetxe moduko bat atontzea hemen bertan. 120 bat lagunentzako litzateke, bertan jan eta lo egiteko aukerarekin. Edozein adinetakoentzako egonaldiak, hitzaldiak, sukaldaritza ikastaroak... Han jango liratekeen laboreak beraiek ekoiztuko lituzkete erositako lurretan. Aterpetxe horretan egonaldia egitea ondo etorriko litzaiokeen emakumearen adibidea jarri digu: minbizia dauka emakumeak. Dieta makrobiotikoa egiten hasi nahi du. Etxean senarrari eta seme-alabei egunero janaria prestatzen die. Dieta berria egiten hasiz gero bi jan motak prestatu beharko lituzke, eta besteentzako sukaldean ari den bitartean betiko usain goxoen tentazioa uxatzen lanak izango ditu. Litekeena da gainera, etxekoek dieta berriarekiko federik ez izatea. Gaixo horiek, tratamenduaren hasieran behintzat, aterpetxea eskertuko luketela uste du Larretxeak. Gaitz larria izanda dieta gogorra egiteko hiru baldintza aipatu dizkigu: egitera zoazen horretan sinestea, norberaren gorputzak aldaketarako nahikoa indar izatea eta ingurukoen laguntza.
Medikuntzaren ikuspegitik makrobiotikak ez du inolako homologaziorik, baina makrobiotikoak gero eta gehiago dira. Gaitz larriak jota daudenek, beste heldulekurik ezean, Ekialde Urrunetik datorren jan molde horren ateak jotzen dituzte. Gero eta gehiago dira ordea, hobeto sentitzeko, argaltzeko edo jan molde zabarra alboratzeko makrobiotika aukeratu dutenak.

Dieta makrobiotikoa lau hitzetan

Elikadura makrobiotikoa yin eta yang izeneko oreka-printzipioan oinarritutako jan moldea da. Ekialde Urruneko hainbat sukaldaritza ohituren moldaketa da. Tradizio horietan ohikoa da elikadura, medikuntza eta espiritualitatea nahastea. Elikadura mota horrek zerealak ditu oinarri. 1930eko hamarkadan eman zuen makrobiotikaren berri George Ohsawa filosofo japoniarrak Europan.

Yin (hedapena) eta yang (uzkurdura). Kontzeptu horren arabera, unibertsoan dagoen guztia dualtasunean oinarritzen da. Itxuraz elkarren aurkakoak, eta era berean osagarriak, diren bi indar daude gauza guztietan, yin eta yang. Adibide dira bizitza eta heriotza, beroa eta hotza, edo gorputza eta adimena. Etengabe aldatzen ari dira bi indarrak eta helburua bien arteko oreka lortzea da. Elikadura makrobiotikoak horixe bilatzen du, janarietan oreka lortzea, ondorioz giza gorputzak ere oreka lor dezan.

Norbanakoak dauzkan helburuen edo beharren arabera –esfortzu fisiko handia egitea edo lasai egotea, adibidez– elikagaiak konbinatuko ditu eta horretarako jakien yin eta yang hartuko ditu kontuan. Makrobiotika ez da dieta begetarianoa, denetarik onartzen du. Makrobiotikak dio pertsona bakoitza bakarra dela eta norbanako bakoitzak bere makrobiotika aurkitu behar duela. Egia da, hala ere, zereal integralak proposatzen direla dietaren oinarri, horien yin-yang oreka delako giza gorputzarenera gehien gerturatzen dena.

Jon Intxausti, makrobiotikoa
«Nik esango nizuke zerorrek esperimentatzeko hilabete batean»

Donostian bizi den villabonatarrak (60 urte) gaixo zegoen laguna bideratu zuen makrobiotikara. Lagunarekin batera berak ere elikadura molde bera egitea erabaki zuen segituan.

Laguna ohartarazi eta zeu ere makrobiotiko bihurtu zinen.

Lantokiko lagun bati minbizia detektatu zioten eta neuk esan nion bazela alternatiba bat. Jexux [Larretxea] duela 35 bat urtez geroztik ezagutzen dut eta lagunari esplikatu nion nola gaixotasun larri batetik atera zen Jexux makrobiotikaren bidez. Jexuxi esan nion ea lagunaren etxera joango zen eta baietz. Esan zion zer zen janari hori eta zer eragin zeukan gorputzean. Laguna nahiko konbentzituta gelditu zen eta biok joan ginen Saint Gaudens aldera, 1996-97an. Hilabete bat edo gehiago egin zuen han eta gaixotasunean aurrerapen dezentea egin zuela ikusi zuen.

Hura ikusita pentsatu nuen gaixo ez zegoenarentzat ere ona izango zela janari hori. Probatu behar nuela erabaki nuen.

Nola hasi zinen?

Lagunarekin batera hasi nintzen dieta egiten, 1997an. Hilabeterako hara [Saint Gaudensera] joan nintzen neu ere eta hantxe ibili nintzen sukaldean ikasten, janaria prestatzen, esperimentatzen. Esperimentua da garrantzitsuena mundu horietan. Ez du balio entzuteak, ikusteak edo irakurtzeak, gorputzean daukan eragina probatu behar da. Nik probatu nuen eta esan nuen: “Hau da nire bidea”.

Hasieran nahiko gogorra egin zitzaidan, baina pentsatu nuen “bestek egiten badute nik ere egingo diat”. Aldaketa gauetik egunerakoa da, azukre txuririk ez, kaferik eta alkoholik ez... baina igartzen nuen askoz hobeto nenbilela. Bi astetan nabaritzen da. Aurreneko astean, nola aldaketa handia den, ahulduta gelditzen zara. Pixkana egokitzen doa gorputza eta oso ondo sentitzen zara.

Makrobiotikoak ez direnen inguruan nola moldatzen zara?

Egunerokoa makrobiotikoa egiten dut, astebukaeratan lasaiago edo librexeago ibiltzen naiz. Lagunekin afaltzera-eta joaten naiz eta behingoagatik ez da ezer gertatzen.

Beraz, jan molde hau aholkatuko zenuke?

Bai, bai, ehunetik ehunean. On egin dit niri. Nik esango nizuke zerorrek esperimentatzeko hilabete batean eta esango duzu: “Kontxo, honek eragina bazeukak”. Intxaurrondon hortxe daukazu 1999an ireki genuen jatetxea.

Sukaldean aritzeko erraza al da?

Nire ustez oinarrizkoa egitea erraza da eta ez da garestia. Agian denbora pixka bat behar da sukaldean aritzeko.

Makrobiotikaren teoria eta praktika uztartzen saiatzen zara.

Makrobiotika ezaguna egin da, baina teoria gehiago ikasi behar da, zeren kontua ez da arroza jan eta kito. Duela gutxi adibidez, Ohsawaren [George Ohsawa makrobiotikako maisu japoniarra] liburu bat irakurri eta aztertu dugu taldean.
 

Ignacio Azurza, makrobiotikoa
«Ezagutzen ez duen jendeak uste du arroza jatea baino ez dela»

Hamar bat urte daramatza Ignacio Azurzak (Zarautzen bizi den tolosarrak) elikadura makrobiotikoarekin. Jon Intxaustiren moduan inolako gaixotasunik izan gabe hasi zen dieta horrekin.

Ez zeunden gaixo, makrobiotikarekin hasi zinenean.

Ez. Senitartekoek ikastaroa egin zuten Tolosan eta ondoren nik sukaldaritza ikastaroa egin nuen Intxaurrondon [Donostia] Jexuxekin [Jexux Larretxea]. Geroztik ikastaro gehiago egin ditut. Makrobiotikara sukaldearen bidez sartu nintzen eta konturatu nintzen hori baino askoz gehiago dela, filosofia bat.

Makrobiotika ezagutzen ez duenari ere gauza bera gertatzen al zaio?

Jendea sendatzeko edo argaltzeko hurbiltzen da makrobiotikara, baina elikadura hutsa baino ondo sakonagoa da. Egiazki kosmologiaz ari gara, mundua ulertzeko moduaz. Elikadura bidearen zati bat baino ez da.
Ezagutzen ez duen jendeak uste du arroza jatea baino ez dela, eta gainera uste dute gutako askok gabeziak ditugula. Normala da horrela pentsatzea, ez baduzu ezagutzen zertaz ari zaren. Elikadura makrobiotikoa eta atzean dagoen filosofia ez badituzu ezagutzen ez dakizu, adibidez, zergatik sendatzen zaren.

Zergatik hasi zinen dieta horrekin?

Egia da osasun arazo larriak dituztenak direla makrobiotikari heltzen dioten gehienak. Ni ondo sentitzen naiz horrela, askoz arinago eta erneago nago, lo gutxiagoren beharra daukat eta hobeto hartzen dut atseden, energia gehiago daukat. Egia esan, askoz hobeto zaude, diferentzia ikaragarria da. Eta gainera, bizitzak ikuspegi espiritualagoa hartzen du.

Azaldu hori mesedez.

Zaila da azaltzea. Nola aurki dezakezu bizitzaren dimentsio espirituala? Bada, ez dakit. Makrobiotika pixka bat ulertzen baduzu konturatuko zara gorputza eta espiritua bat direla. Elikaduraren bidez, gorputza bere onenean jartzen duzu, eta horri esker, energia gorputzean zehar askoz hobeto dabil. Zure bizitzak dimentsio espiritualagoa hartzen du.

Makrobiotika indarra hartzen ari dela uste al duzu?

Bai, olio orbana bezala ari da, ahoz aho dabil. Arraro begira diezazukete, baina askok ezagutu dute medikuak etsia eman dion gaixoa eta makrobiotikaren bidez sendatu dela ikusi dute. Horrek zer pentsatua ematen die.
Zabaltzen segitzeko bi oztopo ikusten ditut. Batetik, medikuntza tradizionalak elikadurari sendabiderako garrantzi gutxi ematen segitzen du, nahiz eta mugitzen hasiak diren. Bestetik, farmaindustriari ez zaio batere interesatzen esatea arroza eta barazkiak janez gaixotasunak senda daitezkeela. Hondamendia litzateke haientzat.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude