"Egungo ekonomia zoratuta dago"

  • “Agure zahar batek zion...”.

Stéphane Hessel
Stéphane HesselDani Blanco

“Beti egon naiz disidenteen bandoan”. Zer da, printzipio bat ala konstatazio bat?

Seguru aski nire sorterriari zor diodan printzipio bat. Berlinen jaio nintzen, eta Berlineko gazteak, Parisekoak bezala, borondatezko lotsagabekeria darama zainetan. Hori gutxi ez, eta moral zorrotz baina konformagaitza txertatu zidan familia aurrerakoi batean sortzeko zoria izan nuen, eta beti sentitu dut nigan disidenteekin bat egiteko desira. 1937an, Frantziako armadak gerrara deitu ninduenean, nire burkideek baino izu eta nazka handiagoak sentitzen nituen Hitler-en aurrean. Banekien, alemanek fuhrer-ari kasu egiteko aukera handiak zeudela, Alemaniaren handitasun, ospe eta etorkizun oparoa laudatzen zuen diskurtsoa gustagarria baitzen belarri kamutsentzat. Ordurako, ez nenbilen alferrik nazismo eta faxismoen aurkako borroka pazifikoetan. 1917an sortua naiz, Lehen Mundu Gerra garaian, eta bigarren gerra baten oihartzuna izu-ikara zen guretzat. Ez genuen alemanek Hitler desaktibatzerik lortu, gerra lehertu zen, eta lubakietara joan beste erremediorik ez nuen izan. Gerra galdu zutenetakoa naiz, tropa alemanek La Sarthe departamenduan zegoen nire sekzioa irentsi baitzuten. Handik Marseillan lur hartu nuen, eta handik eta hemendik, 1941ean, Londresera heldu nintzen, De Gaulle jeneralaren ondoan Frantzia librearen aldeko erresistentzian aritzeko.

Hortik aurrerako zure gerra sasoiko ibilbideak filma dirudi.

Hiru urte Londresko espioitza eta informazio bulegoetan lan egin ostean, 1944ko martxoan itzuli nintzen Parisera espioitza misio sekretu baten baitan. Nire kide bat Gestapo-ren eskuetan jausi zen ordea, eta torturak ekiditearren nirekin hitzordua jartzera konprometitu zen. Hantxe atxilotu ninduten, torturatu, eta Buchenwarld-eko exterminio esparrura urkatzera eraman. Egun handiaren bezperan, alta, geunden esparruan tifusak hil berri zuen frantses baten identitatea neureganatzea lortu nuen, urkamendia saihestuz. Handik, nire izen-abizen berriekin, Rottleberodeko kontzentrazio eremura deportatu ninduten, eta ihes egiteko saiakera batean berriz atxilotu ostean, gogorrenetan gogorrena kontsideratzen zuten Dorako esparruan eduki ninduten. Handik ospa egin eta Pariseraino heltzea erdietsi nuen alabaina, eta gauzak zer diren, Buchenwarlden bizitza salbatu zidan medikuaren semeak itzuli du Haserretu zaitezte! alemanera.

Zer pasatzen zaio pertsonari burutik urkatze bezperetan?

Parisen agente sekretu franko-britainiarra izanda atxilotu nindutenean, bukatu zela, nireak egin zuela, pentsatu nuen. Gerran etsaiak ez du eskura duen agenterik bizirik uzten. Une horretan etsi egiten duzu, errenditzen zara, baina era berean, bukaerari adorez aurre egiteko grina eta harra sentitzen duzu sabelean gora. Duintasuna ez galtzean datza zure borroka, zure gorputzaren kontrola galdu dezakezu, baina burua argi mantentzea da uneoroko eginkizuna. Salbatzeko zorte izugarria behar duzu, baina burua argi izanda soilik jo dezakezu zortearen aldaba.

Gerrarena itxi eta ibilbide diplomatikoaren atea ireki zenuen, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren idazketan parte hartuz.

Frantziara itzultzean, 1945ean, oposaketak gainditu eta berehala hasi nintzen Nazio Batuen idazkaritzan lanean. Gerora hainbeste zeresan eman duen Giza Eskubideen Deklarazioa izan zen gure lehen erronka nagusia. Hastapenean deklarazioa ez zen loteslea, baina ondotik etorri ziren eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen inguruko paktu lotesleei esker gure lanak indarra hartu zuen. Horrek zer esan nahi duen? Estatuak presionatu daitezkeela, eskubide horiek errespetatzen ez badituzte afera gaiztotu litekeela garbi utziz. Presio bide indartsu baina gobernu ahulak dauzkagu ostera, eta Nazio Batuen Erakundean 193 Estatu dauden arren, 15-20 baizik ez dira benetako demokraziak. Hori gutxi ez eta Frantzia edo Espainia bezalako demokrazietan ere badaude asaldatzeko eta haserretzeko motiboak, orain dela 65 urte aldarrikaturiko eskubide horiek inoiz edo behin zapalduak baitira. Herritarrek zeresan handia daukate, alta, eta edozein unetan esan diezaiokete Estatuari “kontuz, marra gorria gainditu duzue, ez gatoz bat”. Zibismoaren emendatze argia gertatu da azken mende erdian, eta horrela soilik mantendu daitezke demokraziak bizirik. Hala ere, gazteen artean badago etsitzeko, paso egiteko, joera bat oso larria iruditzen zaidana. Beti dago zer borrokatua, zer defendatua, eta horrek hala izaten jarrai dezan, indiferentzia eta etsipenari gerra egin behar zaio.

Nola egiten da hori?

Egia da borrokatu dezakezula bakarka, idatzi dezakezula, botoa eman, elkarte bat lagundu, baina askoz eraginkorragoa da taldeak osatu eta elkarlanean aritzea. Gaur egun, komunikatzeko medio berriei esker, mundu osoko jendearekin eraman dezakezu aldarrikapen zehatz baten aldeko bataila aitzinera. Facebook eta abarren indarra izugarria da, eta akatsak eta gabeziak dituzten arren, arras tresna baliosak dira egoki erabiliz gero. Garbi dagoena da haserretik sortzen dela engaiamendua, eta engaiamenduak dakarrela ekintza. Lehenik zerk asaldatzen zaituen pentsatu behar duzu, han eta hemen harramazka aritu fibra ukitzen dizunaren bila. Xerka eta xerka, etorkinen kausarekin topo egin zenezake, eta Europako herri askotan “euren etxean geratu daitezela!” bezalako oihuak geroz eta sarriago entzuten direla ondorioztatu. Horri buelta eman, eta geroz eta mugimendu handiagoko munduan bizi garela jabetu behar gara, eta mugimenduaren igurtziak positiboki bideratzeko gai izan. Zergatik ez gara ohitzen datozenekin eta doazenekin harreman sanoak ukaitera eta goazen lekuan begirunez gure buruaren jabe izatera? Noiz helduko gara gizarte multietniko eta kultur anitz batera? Ez ditugu gazteak arrazista eta xenofobo bihurtu behar, baina ez dakit Estatu zenbaiten egungo politikak heziketa hori bultzatzen duen.

Indiferentzia eta etsipenaz gain, ez ote dago herritarrengan botere edo Estatuekiko beldurra?

Beldurra baino gehiago mesfidantza. Ados, gobernatuak izatearen truke gobernua hautatuko dugu, baina behin aukeratuta gobernu horrek benetan egiten ote du egin beharko lukeena? Zergatik da buruzagi politikoekiko miresmen eta atxikimendua inoiz baino urriagoa? Esaterako, nork dauka Sarkozy gizon handitzat? Frantzian txistetzat daukate, eta kanpoan barre egiten diote. Hori hala, lider karismatikoenak ere beti izan ditu zailtasunak, normalena baita Estatuak herritarra erabat ez asebetetzea, eta agian horrek bihurtzen du herritarra demokraziaren bulkaden motorra. Horregatik diot gazteek erresistentzia espiritu hori mantendu behar dutela, eta erresistentzia estuki lotuta dagoela sormenarekin. Ezin gara sortuta dagoenarekin konformatu, beti sortu liteke hobetzeko zerbait. Esaterako, mundu harmoniatsuagoa sortu genezake. Ni bereziki haserre nago gure mundua kudeatzen den moduagatik. Ez dugu gure lurra batere zaintzen, ustiapenaren izenean planeta txikitzen ari gara, eta batzuk ezin asez ari diren bitartean, oraindik ere jendea gosez hiltzen da. Munduko ekonomia finantzarioek kudeatu ezinezko mundua eragin dute, estatuek arautu gabeko ekonomia bat zoratu egiten baita, eta egungo ekonomia zoratuta dago.

Horregatik diozu, mende hasieratik hona, erresistentzia garaiko lorpen sozialen inguruko atzerapauso handiak ematen ari garela?

Bigarren Mundu Gerraren osteko 30-40 urteak aski eraikitzaileak izan dira, baina azken hamar urteotan dena leihotik behera botatzen ari gara. 2001eko irailaren 11k Estatu Batuak amorrarazi ditu, eta Nazio Batuek nahi ez zituen baina geratzerik lortu ez duen esku-hartze militarrak ugaritu dira. Era berean, Estatu Batuen botere ekonomikoa mundu mailan gailendu da eta horrek amildegian behera jarri gaitu. Egun, askoz nekezagoa da konkista sozialei eusteko behar den dirua lortzea. Hor dago erretreten arazoa, langabeziarena, gizarte segurantzak lehertzear daude... Horrek zer esan nahi duen? Ekonomia gidatzeko beste eredu bat landu behar dugula, askoz sozialagoa, ekologikoagoa. Begira zer gertatzen ari den Afrika iparraldean, eta Europan ere sumatzen da Europar Batasun ultraliberal batean preso ez jausteko borondatea. Biharko Europa ez da Durao Barrosok eraiki nahi duen bideetan eraikiko. Gezurra da Europa eraikita dagoela, ederrena egiteke dago.

Gazan ere asko dago egiteke.

Emaztea eta biok bost aldiz izan gara Gazan 2002tik hona, eta gure begiz ikusi dugu zeru irekiko kartzela dela milioi eta erdi palestinarrentzat. Ezin dute arrantzatu nahiz eta itsasertzean egon, ezin dute porlanik inportatu nahiz eta dena eraikitzeke ukan... Onartezina da. Orain, adibidez, bertara joatekoa den laguntzaz betetako barkua prestatzen ari gara, Israelen blokeoa Egiptoren laguntzarekin gaindituko dugun esperantzan. Mubaraken gainbeherak Egipto eta Gazaren arteko harremanak berrituko dituela pentsarazten dit, baina auskalo. Nazioarteak ere 40 urte daramatza irtenbidea zein den esaten, baina ez du praktikan jartzen, ez daki nola egin, edo ez du jakin nahi. Bitartean, Estatu Batuek Israelekin laguntasun harreman oso ulergarria dute, eta ondorioz, Israelek ia erabateko babesa dauka munduan. Tarteka, “aizue, hau konpondu beharko duzue, ezta?” moduko purrustadatxoa egiten zaio Nazio Batuen Erakundetik, baina gero begiak ixten ditugu berdin segitzen duen egoeraren aurrean. Hori hala, Nazio Batuek beto eskubidearen printzipioa gainditzen ez duteno, errotondan buelta-bueltaka segituko dugu, alimaleko triskantzak gertatzen diren bitartean. Gutxi baitira euren historiaren ikasgaiak barneratzen dituzten herriak, eta Israelek antisemitismoaren drama pairatu duen arren, ez du ikusten edo ez du ikusi nahi anti-islamismoak basakeriara daramala.

Zergatik gailentzen zaio, munduan oro har, legalitatea zilegitasunari?

Ez dakit, baina hori da gure drama. Hala ere, ezinbestekoak zaizkigun baloreen garraio ibili behar dugu, eta ezinbestekoak zaizkigun neurrian irabaziko dugu zilegitasuna. Legitimoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, legitimoa da gizartea gaixo eta ezinduen kargu egitea… eta legeak zentzu horretan ez doazela ikusten badugu, legalitatea zilegitasunaren gainetik jartzen badute, erresistentzia eta disidentziarako eskubide osoa daukagu. Legalitatearen aurka zilegitasuna aldarrikatzen duen borroka oro justua da, errealitate bat arriskutsu bihurtzen denean desobedientziarako tartea atzeman behar baita, irtenbiderik gabeko kaosean jausi gabe. Desobedientzia hori aski oparo eta ugaria bada izugarrizko presio bidea da munduko edozein gobernurentzat, eta botereak amore eman dezake.

Aski diskurtso ezkertiarra da zurea, baina egungo ezkerra ez al dago zentrotik inoiz baino hurbilago?

Ez nuke esango. Rasmussenek gidatzen duen Europako alderdi sozialista niretzat oso baliosak diren baloreen ikurra da. Ez dut gehiago eskatzen. Ez dut uste iraultza boltxebike baten bezperetan gaudenik. Demokrazian bizi gara, poztekoa da, baina hala ere, demokraziak sozialki eta ingurumenaren arloan eman dezakeena guztiz zukutu beharra daukagu. Horregatik, hurrengo belaunaldiek pobreziaren eta injustizia sozialaren aurkako borroka eta ingurumenaren aldeko guda eraman beharko dituzte. Borondate eta dinamismo anitz exijituko duten batailak dira, baina aurrera egiteko, ez dago zertan hankaz gora bota dauzkagun instituzioak. Alderantziz, Europako instituzioek edo Nazio Batuek asko egin dezakete mundu hobe baten bidean, eta izatez baikorra naizenez, egun batean denak danimarkarrak Danimarkan bezala bizitzea nahi nuke. Ekonomia sozial eta solidarioa duen mundua behar dugu, eta gauza asko oker badoaz ere, ez dezagun ahantz ziaboga interesgarriak ematen ari direla, eta urratzeko bide eta aukera ederrak geratzen zaizkigula.

Nortasun agiria

1917ko urriaren 17an jaio zen Berlinen, 7 urterekin Parisera etorri eta gerora frantses nazionalitatea hartu bazuen ere. Bigarren Mundu Gerran, erresistentziako lider, ondoren diplomazia karrera luzea du egina, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren eraketan parte hartuz, edo Nazio Batuetan Frantziaren enbaxadore izanez. Bestalde, zenbait libururen egilea da, tartean, iaz atera zuen eta salmenta markak hautsi eta hizkuntza anitzetara (tartean euskarara) itzulia izan den Haserretu zaitezte!
 

Azken hitza
Agintea

“Nire gazte denboretan gobernu autoritarioak zeuden agintean, eta autoritarismoaren aurrean errazagoa da bat egin eta asaldatzea. Egun, Sarkozy, Cameron edo Berlusconi bezalako agintariak ditugu, eta haserretzeko moduko mila motibo eman arren, anbizio gutxiko gobernadoreak baizik ez dira. Guk figura indartsuak genituen, identifikatzen biziki errazak, hil ala bizi borrokatu beharrekoak, baina oraingoak dinamikoagoak bihurtu nahi genituzkeen mazapanak dira, eta sinetsi, askoz zailagoa dela horiei aurre egitea”.


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude