Gizonari jarriak

Imanol Lazkano
Nagore Legarreta
I
Ziurrenik lau hankan
hasi zen aurrena,
zutituta abitzeko
munduan barrena.
Adimen lantzeari
ekinez hurrena,
giza historiaren
lehenengo herrena.
II
Pentsamentua janzten
zihoan heinean,
ez zen ados besteen
maila berdinean:
Kokatu nahiak beste
guztien gainean
jarri zun betirako
nahi ta ezinean.
III
Adimen hori lantzen
hari zenez nonahi,
bata botere gose
bestea ere bai.
Ordura arte zena
kide edo anai,
gizona bihurtu zen
gizonaren etsai.
IV
Hasieran zen harek
lau hankako abere,
munduko ondasunak
nahi lituzke bere.
Arrazoiak ez dio
balio batere
indarra nagusi ta
dirua botere.
V
Betitik egin ditu
amets aberatsak
gehiegi neurtu gabe
zekartzan akatsak.
Horrek ekarri ditu
ondorio latzak:
kontaminatu gaitu
sosaren kiratsak.
VI
Besteren bizkar bete
denean kartera,
mundu xume hontatik
nahi luke atera:
Heldu da ilargira,
agian Martera,
nahiz anaiak behartu
lokatza jatera.
VII
Alferrik izango da
asmo onekua
ta maite bere herri
edo sorlekua
ez dezala defenda
bestela lepua...
Mundu bat egin dugu
bihotz gabekua.
 VIII
Indar militarreri
emanik garrantzi
armamentuz beteta
gizalegez ahantzi.
Hiltzaile txikieri
kartzelak erantsi,
handieri txaloak
ta medailak jantzi.
IX
Errepara elizan
edo politikan:
egingo dizkigute
promes politikan
baina beraiek gertu
diru pilotikan,
txikiak ezin aska
korapilotikan.
X
Eskaintzen dizkigute
dozenan hamalau
baina guztia lege
ta guztia arau.
Garratzetik soberan
gozotikan barau
aurreratu nahiaren
atzeraka da hau.
 XI
Dena degu presa ta
dena itsumustu,
bakoitzaren bizitza
bihurtuz apustu.
Ez al dugu burua
neurriz kanpo puztu?
Esne txarretik bete,
umoretik hustu.
XII
Bada zertan kezkatu
ta zertaz goibeldu
azken muturreraino
ez al gara heldu?
Izan behar zuenak
guztien eredu:
lur madarikatu hau
gizonak erre du.

Doinua: “Mando baten gainian”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude