Martin Lasarte

"Ekilibrista lana da gurea"

  • Nork esan zuen futbol munduan beti antzeko erantzunak entzuten direla?
Sustrai Colina
2010ko urriaren 10a
Dani Blanco

Bazen behin, 60ko hamarkadan, Montevideo-ko kaleetan jostatzen zen haur bat…


Gure eskola izan zen Salesianoen ikastetxe parean geneukan etxea. Bigarren etxetzat genuen eskola, bertan ibiltzen baikinen hara-hona jolasean. Futbolean aritzen ginen gehienbat, halako eraikin batek eskaintzen zituen aukera guztiak baliatuz. Zapatari eta mekaniko ofizioak ere ikas zitezkeen, eta horri esker, beti zebilen jende andana, beti zegoen antzoki ilun-ilun bat irekita bere gortina misteriotsuekin, eta gu hantxe, bihurrikeria handiena nork egingo. Horixe zen gure jostalekua, hori eta orduko kalea. Askoz auto gutxiago zebilen errepidean, eta espaloian nahi-erara ibili zintezkeen baloia oinetan. Kaleko futbolariak diren eta ez diren trikimailu guztiak ikasi behar izaten ditu, eta hori gutxi balitz, lehia odolean darama. Egun, asko aldatu dira bizimodua eta ohiturak, baina alferrik da sasoiei buruz hitz egitea, bakoitzak dauzka bere berezitasunak eta kito. Gaurko haurrek ordenagailua, MP4-a, edo telebista bezalako arreta-gune asko dituzte. Guk futbolean jokatzen genuen, beste aukerarik ez zegoelako.

Orduan jolas hutsa zen zuretzat futbola ala bizibide posibletzat ikusten zenuen?


Ikasle ona nintzen, dohatsua, eta Sekundariako 4. mailara arte oso nota onak ateratzen nituen. Baina urte hartan hepatitisa diagnostikatu zidatenez urtea galdu behar izan nuen, eta aurrera egitekotan, ikasgai guztiak oso denbora tarte txikian gainditzera derrigortu ninduten. Ordurako, futbolean nahiko ondo nenbilen, eta bizitzaren gorabehera horrek halako haustura bat sentiarazi zidaten ikasketekiko. Hortik aitzina, ikasten segi nuen baina ez zen gauza bera. Ez neukan ordura arteko kuriositate eta grinarik. Horregatik, lehen mailako futbolaria izateko aukerak agertu zirenean, ikasketen kaltetan desorekatu zen balantza. Baina ezinbestekoa iruditzen zait egungo futbolariek euren burua futbolaz gaindi formatzea. Uste dut ikasketek informazioa xurgatzeko eta erabaki azkarrak hartzeko gaitasuna garatzen dutela, eta hori oso baliagarria da futbolerako. Mundu errealean daude futbolean hobeto jokatzeko erremintak. Horregatik saiatzen naiz nire jokalariek bizitzan kezka eta interesguneak izan ditzaten, besterik ez bada hizkuntza bat ikasi edo informatika ikastaro bat egin dezaten, ez daitezela geldi egon euren zilborrari begira.


Aita andoaindarra izaki, zer harreman zenuen txikitan Euskal Herriarekin?


Aita zenak beti hitz egin digu maitasunez bere lurrari buruz, ez diot sekula alde egin izanaren minik sumatu. Urte haietan, hona etortzea espedizio bat zen, dena zen luzeagoa, dena garestiagoa. Baina aitak informazio asko pasarazi zigun gure haurtzaro eta nerabezaroan eta damu naiz informazio hori kapitalizatzen ez asmatu izanaz. Esaterako, ikasi nezakeen euskaraz ikasi nuena baino gehiago. Dena den, nire lagun gehienek ez bezala, banekien itsasoz bestaldera bizimodu desberdina zeraman mundu bat bazela. Hemengo osabak bisitan etortzen zirenean sekulako parafernalia muntatzen zen etxean eta “Europako osabak datoz!” esaten ziguten. Gero, adinean aurrera joan ahala, eta osaben janzkera eta bizimoduari erreparatuz, beti iruditzen zitzaidan gure aitak hanka egin zuenetik Euskal Herrian asko hobetu zirela gauzak, eta alderantziz, Uruguain dezente egin genuela atzera.
 

Zure jatorri hegoamerikarraz harago hemengoa dirudizula irakurri dut medio askotan.


1983an, hamar urtez Elxen jokatu eta Realaren urrezko aroa ezagutu zuen taldekidea izan nuen, inondik ezagutzen ez ninduena, eta lehen entrenamenduan “zu euskalduna zara!” bota zidan. Aurpegira begiratuta berehala antzematen omen zitzaidan. Ez dakit hala denentz, baina egia da Euskal Herriko ohitura askok betitik izan dutela tokia nire bizitzan. Esaterako, aitarekin sarri-sarri joaten ginen pilota partidak ikustera, etxean patata-tortilla eta legatza saltsa berdean jaten genituen, egunero ikusten nuen aita Elosegi txapela jantzita kalera ateratzen… Gure aita “El Vasco” zen auzoan, eta hemen usu egona nintzenez oso egun gutxi behar izan nituen egokitzeko. Baina hala ere, Realak fitxatu ninduenean egin nuen lehen gauza Donostian hara eta hona ibiltzea izan zen. Jendeak zer eta nola jaten zuen begiratzen nuen, zertaz hitz egiten zuen, zer ohitura zuen, eta Realari buruzko zerbait entzuten nuen bakoitzean belarria luzatzen saiatzen nintzen. Ezinbestekoa iruditzen zait inguru soziala arnastu eta zeure egitea.


Irakaspen ederra futbola burbuilatzat dutenentzat.


Ideia bat transmititzeko ez daukazu parekoa  konbentzitu beste erremediorik, eta pareko gehienak bertakoak badira, bertako klabeetan hitz egitea da konbentzitzeko biderik laburrena. Adibidez, banekien nire hizkera deigarria egingo zela, baina oso argi neukan zer izan zen Reala, eta baita zer izan behar zuen ere. Inork baino garbiago neukan norantz egin behar genuen bultza. Oraintsu arte taktikaren gatibu izan naiz, baina denborak erakutsi dit taktika baino alor garrantzitsuagoak badaudela. Konbentzimendua da arrakastarako metodoa. Jokalariak konbentzituta badaude dena da errazagoa, berdin dio bost aurrelarirekin eta atezainik gabe jokatzen baduzu. Konbentzimendua transmititzeko, ordea, ezinbestekoa da burbuilatik irten eta inguru sozialari buruzko informazio erreala edukitzea.

Presioa erreala da?


Bai, baina goi-mailaren joko-arauetako bat da, eta onartzen ez baduzu, jai daukazu. Futbola izango da munduko multinazionalik handiena, eta horrek sortzen dituen frustrazio eta interesez harago, inguratzen gaituen ororekin bizitzen ikasi beharra daukagu. Badakit batzuetan nekeza dela entrenamendutik zizko eginda atera eta 20 kazetari eta 50 ume zain izatea. Ezin duzu ahaztu ordea, erretiratzean orain nazkatzen zaituena faltan bota dezakezula, eta orduan beranduegi izango dela. Denoi pasako zaigu olatua gainetik, horregatik dagokigu aparraz gozatzea, urte batzuk barru atzera begira jartzean, aparraren oroitzapen goxoa eduki ahal izateko. Horretarako, naturaltasuna da gakoa, gauzak datozen bezala bizitzea.

Zer da naturaltasuna, jokalariek eta prentsak entrenatzailea bota dezaketen munduan?


Zintzoa izatea, bakoitzari engainurik gabe dagokion informazioa ematea. Bakoitzak bere lana onez onean eginez gero ez da arazorik egoten, egoerarik gorriena izanda ere. Pentsa, prentsak ez nau sekula nik nire burua kritikatu dudana baino gogorrago larrutu.
    Garbi daukat gaur goratzen nautenek bihar egurtuko nautela, atzo egurtzen nindutenek gaur goraipatzen nauten bezalaxe. Jokalariekin gauza bera. Badakit proiektuan eta egiten ari den lanean federik ez badauka jokalari batek entrenatzailea boikoteatu eta saboteatu dezakeela, fede itsua daukanean entrenatzaileari aurpegia ateratzen ahal dion gisa berean. Horregatik da ekilibrista lana gurea, horretan datza zailtasuna. Nire kasuan, ez dut nire nukleo familiarra berrosatzerik lortzen, beti nagoelako hurrengo igandean gertatuko denaren zain. Ezinezkoa da emaitzen araberako bizimodu orekatua eraikitzea. Baina horrela da eta horrekin bizi behar duzu. Edozein unetan has daiteke gainbehera.


Gizarteak futbolarekin harreman pasionala duelako, akaso?


Beti izan dute jokoek gizartean leku garrantzitsua, eta egun, askorentzako futbola da gizarteak duen arnas eta ihesbide behinena. Are gehiago, zenbait herritan dauden arazoak egonda, pasio hori ez balego, futbola ez litzateke existitu ere egingo. Baina pasioa da jendea masan futbolera bultzatzen duena, eta masa hori da futbola biziarazten duena. Igoera ospakizunean Markel Olanok krisi garaiotan jendeari ilusioa pizteagatik eskerrak eman zizkigunean futbola zirko erromatarraren antzekoa zela pentsatu nuen. Baina bai, egia da futbolak errealitatea desitxuratu eta baztertzeko gaitasuna duela, garaipen batekin dena estaltzen saiatzeraino. Munduan dena da politika eta politikariei irabazleekin agertzea gustatzen zaienez, gauzak ondo doazenean dena irribarretsu eta begi onez ikusten da, eta okertutakoan, irribarreak zaplazteko bihurtzen dira.

Zer da entrenatzaile ona zuretzat?


Gizatalde baten gidaritzatik helburu kolektiboa betearaziko duten ideia limurtzaileak transmititzeko gai den pertsona. Eduki dezala egiten duenarekiko pasioa, izan dadila frustrazioekiko tolerantea, onartu ditzala kritikak zein lehiakortasunaren gorabeherak, eta egunerokoan, bere ingurua profesionalki eta pertsonalki hazten lagundu dezala. Esaterako, niri lan handia eskatzen dit entrenamendu eta hitzaldien prestaketak. Asko eta orotarik irakurtzen dut, eta irakurri ahala ideiak apuntatzen joaten naiz, aurkariaren eta momentuaren arabera hitz egokienak erabili ahal izateko. Batzuetan alegia edo egoera soil bat planteatzen diet jokalariei, beste batzuetan diskurtso fantasiosoagoa. Inoiz gertatu izan zait dena esanda egotea, neuk ahorik ireki gabe jokalariak puntu-puntuan egotea. Baina entrenatzaile onak etengabe pentsatu behar du “non gaude?”, “nola?”, “nora goaz?”, “haize alde edo haize kontra?”, “zer espero da gugandik?”... Egunero ibili behar duzu zure ideia nagusia ajustatzen, moldatzen, egokitzen, zuzentzen. Beti zabaldu behar duzu erabateko ziurtasuna eta sendotasuna, baina era berean, beti izan B plana prest. Ez da dirudien bezain erraza.

Pertsonekin lan egitea beti da zaila...


Baina denak gara pertsonak, taldeko izarretik hasi eta arropa garbitzen duenera arte. Askotan esaten diet jokalariei kolaboratzaileak kolaboratzaileak direla eta ez esklaboak. Zergatik batu behar dituzte guk lurrera botatzen ditugun botila hutsak? Zergatik ez ditugu utziko peto guztiak elkarrengandik gertu pilatuta? Beste batzuek jasotzen dituztelako ibili behar dugu baloiak pikutara botatzen? Ez, ez, hemen denak gara pertsonak, eta denak gara taldekide. Horregatik, erabaki bakoitzean, pertsona hartzen dut kontuan. Kontziente naiz, bere bizitzako momentu eta aldartearen arabera, delibero hori gaizki esplikatzen badiot puska baterako hondoratu dezakedala. Beti saiatzen naiz nire jokalarien egoera pertsonal eta pribatua jakiten. Pertsona bezala autoestimua zeruan daukanak futbolari bezala ere halatsu edukiko du, eta alderantziz. Pentsa, iaz jokalari bat gaizki ikusten nuen, ez zuen bat parean jotzen, eta ondora hurbildu eta zer zuen galdetu nionean amona larri zeukala erantzun zidan. Gure aldagela ez da horma bat, zerbait esan behar duenarentzat beti irekita dagoen atea baizik. Ni ere jokalari izandakoa naiz, eta egun agindupean ditudanek urratzen ari diren bidea aspaldi urratu nuen. Badakit zer sentitu dezaketen, eta badakit giza-harremanean oinarritzen dela nire ofizioa.

Bizitzen den bezala jokatzen dela, alegia.


Mundua geroz eta globalizatuagoa eta uniformizatuagoa den arren, dudarik gabe. Zergatik uste duzu brasildarren jokoari alaitasuna, sanba, eguzkia eta hondartza dariola? Zergatik da argentinar eta uruguaiarren jokoa tristeagoa, grisagoa, euri eta hodeiek zaildua, tangoaren erritmokoa? Entrenatzaileak sartu dezake eskua, baina izaerak izaerak dira, eta Jaungoikoa ez garenez, jokalariei profesional hobeak izaten baizik ezin diegu lagundu. Esaterako, nik damuz ukatzen dut jokalari izan nintzeneko bizitza zati bat. Nire lanbideari lotuegi bizi nintzen, eta horretaraxe kondenatu nuen nire emaztea. Ez zegoen gaurik, ez zegoen irteerarik eta kanpoko otordurik. Dena zen garbi jan, atseden hartu, partida, entrenamendua... Hori oso ondo dago, baina bizitza bakarra da, denerako denbora ematen dizu, eta zuk denean probetxua ateratzen jakin behar duzu. Lanean zein lanetik kanpo topera bizi behar duzu beti.
Nortasun agiria
Montevideon jaio zen 1961eko martxoaren 20an. Jokalari gisa A Coruñako Deportivon eta Uruguaiko taldeetan jokatu zuen, bertako Nacional de Montevideorekin Libertador-en Kopa eta Interkontinentala irabaziz. Entrenatzaile gisa Hego Amerikan eta Dubain lortutako emaitza onei esker fitxatu zuen iaz Realak, eta bere eskutik heldu zen lehen mailarako igoera.
Uruguai
Behera begira sartu da elkarrizketa-gelara. Uzkur, lotsati. Guri kortesiazko hiru-lau kontu galdetzen utzi gabe, ekin dio berak izotza hausteari. Grabagailua piztu orduko piztu da bera ere, eta hitz bakoitzaren atzean antzematen zaizkio bere lanean duen fedea eta pasioa. Elkarrizketa bukatu eta argazki sesioa hasi duenean, Donostian bizi diren uruguaitar batzuk ekarri dizkio hizpidera argazkilariak. Grabagailuarekin burua nola, piztu zaizkio begiak, eta jakin-mina ase arteko etenik ez du izan. Arrakastak ere ez du herri-mina sendatzen. Orhiko txoriak Orhi maite.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude