Emakumeak borrokan
Haur Hezkuntza

Inteligentzia landu aurretik egin beharrekoak

  • 0-6 urte artean garatzen da garunaren %90a eta funtsezkoa da adin horretan oinarriak finkatzea. Geroko ikasketa prozesuan arazo bihurtu ez daitezen, 4-5 urteko haurren burmuinek ikusmena, entzumena eta motrizitatea ondo prozesatzen al dituzten aztertzen eta lantzen dute Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolan. Prebentzioan programa eredugarria du aurtengo Nafarroa Oinez antolatu duen ikastetxeak.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2010ko urriaren 10a
Paz de Zigandako haurrak jolasean.
Paz de Zigandako haurrak jolasean.Mikel Garcia
4 urterekin lengoaian, arretan… zailtasunen bat duten haurrak identifikatzen dituzte Paz de Zigandako irakasleek, ondoren neurozientzietan doktore den Maria Lópezek ikus ditzan. Haurren burmuinaren garapenean espezialista da López espainiarra eta urtero etortzen da Atarrabiako ikastolara: 4 urte dituztenean ikusten ditu umeak, ikasturte hasieran; berak emandako aholku eta ariketekin hobekuntzarik egin al duten jakiteko itzultzen da ikasturte horren bukaeran; eta bilakaeraren emaitzak aztertzeko 5 urte dituztenean bueltatzen da. Guztira hiru bider, Lehen Hezkuntzarako jauzia egiterakoan, irakurketa eta idazketara, zailtasun txiki zena arazo larri bihur ez dadin. “Gure altxorra da Mariak oso ondo identifikatzen duela umeari zer gertatzen zaion, eta hori abiapuntua da arreta pertsonalizatua egiteko. Irakasleentzat abantaila handia da, askotan ez dakitelako zein den zehazki umeak duen arazoa, eta Mariak berehala argitzen du”, dio Iñaki Erroz ikastetxeko zuzendariak.

Hasteko, haurraren garapen fisiologikoa aztertzen du Lópezek; alegia, osasun arazorik duen. Begetazioek edo mukiek entzumen arazorik sortzen al dioten, arreta jartzen ez duen ikaslearen problema ez ote den azukre, txokolate, Coca-cola… gehiegi hartzen duela, hitz egiteko zailtasunaren errua arnas koordinazioak al duen…

Behin arazo fisiologikorik ez dagoela baieztatuz gero, arlo sentsoriala aztertzen du neurozientzietan doktoreak; hots, ea umea munduarekin ondo konektatuta dagoen ikusmen, entzumen eta ukimen eremuetan. Ikusmenean arazoren bat badu, ez du gustura margotuko; ez badu entzuten, deskonektatuta egongo da eta ez ditu irakaslearen arauak ulertuko; eta ukimen arazoak baditu, minarekiko hiposentikorra bada adibidez, kolpeak hartuko ditu konturatu ere egin gabe, traketsa izango da, dena ukitu nahiko du eta margotzeko edo idazteko arazoak izango ditu. Aurrerago ikusiko dugunez, kontua ez da ea ondo ikusten, entzuten, ukitzen duen, baizik ikusten, entzuten eta ukitzen duen hori garunak ondo prozesatzen eta barneratzen al duen.

Azken urratsa fisikoa litzateke; umearen psikomotrizitatea aztertzea. Baliabide egokiak ditu koordinaziorako, orekarako, gorputzaren jarrerarako, gorputza espazioan kokatzeko, begia eta eskua koordinatzeko?...
Lópezen hitzetan, garrantzitsua da ziurtatzea burmuinean sartzen den informazioak ahalik eta kalitate onena duela, adin horretan garatzen ari direlako umearen sistema sentsorial guztiak: “Ni ez nago garapen intelektualarekin kezkatuta, garapen hori eman dadin aurreko guztia begiratzen dut, oinarriak. Burmuina ondo antolatua baldin badago, erraza izango da garapen intelektuala, ikasketa prozesua, eta ez baldin badago, zaila”.

Garuneko “oztopoak” nola antzeman?

 


Ebaluazio neurofuntzionalak egiten ditu Maria Lópezek, umeak bere adinari dagokion burmuin-garapena duen jakiteko. Adibidez, ume batek marrazteko burua mahai gainean etzaten badu, ikus-eremu bat ezabatzen egon daiteke, irudiak mugimenduan ikusten dituelako, ez dituelako ezker eta eskuin begiak (bi ikus-eremuak) ondo koordinatzen: “Ibili bitartean hanka batek besteari ostikoak emango balio bezala da, begi batek besteari ostikoak ematen dizkio, edo begi bat alde batera doa eta bestea bestera, edo saltoka, edo bat bestea baino azkarrago…”.  Ikusmenarekin eta motrizitatearekin lotuta, haurrak mugimendu begi-motore heldugabeak izan ditzake eta mugimendu horiek landu egin beharko ditu, gauzen segimendua begiekin egin dezan, eta ez gorputz osoarekin edo lepoarekin, bestela gero gorputz osoa mugituz irakurtzen bukatuko duelako.

Entzumena berriz, irratia bailitzan muntatzen da garunean, eta umeak ikasi behar duen lehen gauza da entzumena pizten eta itzaltzen. Haur batzuek piztu eta itzaltzen dute oso ondo jakin gabe noiz, gelan deskonektatuta daukate botoia eta ez diote irakasleari entzuten. Beste hainbatek soinu iturria aurkitzeko arazoak ditu, 360 graduko eremuan bilatu behar dugulako iturria, baina ikusmenak 120 gradu hartzen ditu. Esaterako, irakaslea atzean baldin badaukagu eta bere ahotsa ezkerretik edo eskuinetik datorren identifikatzeko zailtasunak baditugu, denbora gehiago galtzen da hori zehazten eta informazioa galtzen da. Bolumena kontrolatzea ere garrantzitsua da: hiposentikorrek normala baino altuago hitz egitea behar dute, eta hipersentikorrek aldiz –zarata dagoen lekuetan berehala negarrez hasten diren horiek–, baxuago. Soinuak filtratzeko arazoak izanez gero, ez dira gai izango interesatzen ez zaizkien hotsak kanpoan uzteko eta irakaslearen ahotsean zentratzeko: “Gelan dauden entzumen eta ikusmen estimulu guztietatik irakaslearekin, arbelarekin geratu behar da umea, baina ez baldin badaki garrantzitsua dena eta ez dena banantzen, dena sartuko zaio buruan, hots pila, eta kaosa da hori, informazio ez-antolatu asko. Horrek eragingo du gehiago ezin duenean haurrak zuzenean bere buruko ‘irratia’ itzaltzea, edota jasotako informazioa ere halaxe ateratzea: asko eta antolatu gabe. Nire lana da ziurtatzea informazio sarrera modu antolatuenean emango dela”.

Maria Lópezek argi utzi nahi izan digu berak ez duela begiekin edo belarriekin lan egiten, baizik eta begiek eta belarriek garunera bidaltzen dutenarekin. “Batzuetan gurasoek edo irakasleek susmoa dute umeak ez duela ondo ikusten, oftalmologora eraman eta honek esaten die ez duela ezer. Ez du ezer begietan, baina horrek ez du esan nahi burmuinak ondo egiten duenik bere lana, irudiak ondo antzemango ditu begiak, baina arreta bisuala, espazioa antzemateko modua, memoria bisuala, ikusi eta entzutearen arteko lotura… gaizki egon daitezke. Informazioaren prozesamenduan egon daiteke arazoa eta burmuinak entrenatu egin behar du hori”. Baina nola?

Arazoa antzeman ondoren, zer egin?

 


Estimulazio programa bat prestatzen da, bi norabidetan: batetik, ikastolan taldean lantzeko ariketak (psikomotrizitatea, esaterako), eta bestetik, etxean haur bakoitzak lantzekoak (adibidez ikusmen estimulazio zehatzak). Bigarren horiek zehazteko, ikusitako haur bakoitzaren gurasoekin biltzen da López. Gainera, ikasturtero hitzaldi bana eskaintzen du Paz de Zigandan: bata gurasoentzat, eta irakasleentzat bestea.

Hain zuzen, irakasleek prestakuntza jaso dute arlo honetan eta ikastolan egiteko diren ariketetan ikasle guztiek hartzen dute parte Haur Hezkuntzan, egunero. Hala, ez da arraroa Paz de Zigandan haurrak lau hankan ibiltzen aurkitzea, ikusmena estimulatzeko. Modu horretan, lurrarekiko distantzian konbergentzia bisual ona al duten frogatu dezakete, eta konbergentzia hori landu, ondoren irakurtzeko haurrak beharko duen distantzia bisualean eroso egon dadin. Entzumenari lotuta, programa berezia dute: makina batekin, hamar saiotan bolumen desberdinetan frekuentzia ugari filtratzen dizkiete umeei, aztertzeko ez zenbat entzuten duten, nola entzuten duten baino. Aparailuari esker, entzumena entrenatzen edo estimulatzen du ikasleak. “Irakasleen txipa aldatzea garrantzitsua izan da; berez, 4-5 urteko ume batek ikasi egin nahi du, mundua ezagutu, estimulatuta dago eta zaila da adin horretan alferra izatea. Beraz, ez badu egiten, izango da arazo bat duelako, ez dagoelako eroso ikasten”, azaldu du Gemi Sorabilla ikastolako orientatzaileak.

Duela hamar urte abiatu zuten egitasmoa, eta inbertsio eta apustu handia egin dute horren alde. “Laguntza taldeak beti izan ditugu, baina adibidez ikasleak gaizki irakurtzen bazuen, irakurtzeko gehiago ematen genion, eta arazoaren oinarrira joateko asmoz hasi ginen estimulazio programa lantzen. Izan ere, normalean informazio irteeretan jarri ohi da laguntza, ikasle batek ikasketetan arazoak dituenean irteeran ikusten direlako: gaizki irakurtzen edo hitz egiten du, zailtasunak ditu idazteko… baina benetan arazoa informazio sarreran dago, nola entzuten, ikusten duen ikasleak, nola mugitzen den”, azpimarratu du Sorabillak. 1.000 ikasletik gora ditu Paz de Zigandak, 150 inguru 4 eta 5 urtekoak, eta horietatik urtean 15 bat ume ikusi ohi ditu Maria Lópezek –baita ikastetxetik kanpokoren baten batzuk, gurasoek hala eskatuta–. Ekimen honekin, emaitza oso onak lortu dituzte: madrildarrak hartzen dituen ume gehienen burmuin-garapen tasa %70-80koa da –%100 litzateke aproposa–, eta tratamenduaren ostean batez beste %95-97koa da. Garapen arazo larriagoak dituenik bada, noski, eta horiekin Lehen Hezkuntzan ere jarraitzen da lanean, intelektualki baino, garuna estimulatzen.

Prebentzioaren garrantzia

 


Burmuina ondo garatzeko oinarriak finkatuz gero, izugarrizko lana egina daukagu, eta 0-6 urteetan egitea funtsezkoa da, malgutasun handiena orduan duelako gure garunak. Helduagoak direnean ere zuzendu daitezke aipatu zailtasunak, baina askoz ere konplexuagoa da, ez delako gauza bera garuna hartzea bere garapenaren une onenean dagoenean, edo gauzak jada antolatuta eta “erabakita” daudenean. Lópezek dioskunez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza titulua lortu ez duten gazte gehien-gehienek ez dute lortu ez bat-batean tonto edo errebelde bilakatu direlako, baizik lehenengo zenbaki edo hizkiari aurre egin behar izan ziotenetik zailtasunak izan dituztelako. “Ondo irakurtzen inoiz ikasi ez zuten haurrak dira, haurtzaroan asko sufritu zutenak, eta geroz eta handiagoa egiten da pilota”. Eta hezkuntzatik at, bestelako arazoen oinarria ere hor egon daiteke. Arreta defizitarengatiko hiperaktibitate kasu asko haurtzaroko garapenari lotuta daudela uste du doktoreak. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da prebentzioa.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hezkuntza

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...
2019-05-20 | ARGIA
Sortzenek laguntza eskatu du Iru˝eko festaren diru galerei aurre egiteko

Sortzen elkarteak Iruñeko urteroko festari eutsi zion atzo Takonera parkean, baina eguraldia dela eta ekitalde ugari bertan behera utzi behar izan zituen, batez ere goizaldean eta eguerdian. Goizean, hala ere, Hodei magoaz gozatu zuten gazte eta helduek eta arratsaldean aurrekusitako kontzertuak ere aurrera atera ziren.

 


Autoak mutilentzako jostailuak omen

1952an Ann Odell neskato ingelesaren eskolan jostailu handiak eramatea debekatu zuten, soilik eskuan sartzen zitzaizkien jostailuak eramateko baimena zuten haurrek. Annen aita, Jack Odell ingeniaria zen (argazkian) eta metalezko kotxe txiki bat egin zion alabari.


Josteta, plazer eta erotismoaren alde

Asko gustatzen zait munduan egoteko haurrek duten modua.

Hasteko, orainean bizi direlako. Unean unekoari erreparatzen diote bakarrik, horretara eramaten baititu denboraren joan-jinaz duten kontzientzia lausoak. Baina modu xumean ikasten ere horrela, gerora hain erraz ahantziko dugun egia borobila: instanteka baizik ez dela bizitza bizitzen ahal. Eta eskuetatik ihes egiten digula denborak, iraganaren minaz edo etorkizunaren esperantzan baizik bizi ez garenean.

Bizitzarekin duten harreman... [+]


Jende uholdea Brasilen Bolsonaroren aurka
MULTIMEDIA - erreportajea

Ikasleek deituta hezkuntza publikoaren aldeko greba egin zuten asteazkenean Brasilen. Milaka lagun atera ziren kalera gobernuak unibertsitateetan egingo dituen murrizketen aurka, eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea kargutik kentzeko eskatu zuten.


2019-05-17 | ARGIA
Euskara ardatz, Sortzenen festa ospatuko dute igandean Iru˝ean

Takonerako lorategien inguruan egingo da festa etzi, maiatzaren 19an. Bi gune hartuko ditu: Vista Bella eta Bosquecillo kalea. Aurtengo leloa da Euskaratik guztion eskola sortzen eta, zentzu horretan, euskarak bustiko du jai eguna. Ondorengo lerroetan egunean zehar bertan izango den egitarauaren berri ematen da.


2019-05-17 | Topatu.eus
EHUn eraso sexistak egiteagatik kanporatutako irakasle bat berriro kontratatzeko aukera dagoela salatu dute Donostiako campuseko feministek

Ohar bidez jakitera eman dutenez jada beste unibertsitateetatik eraso matxistak egin izanagatik kanporaturiko irakaslea Ibaetako campusean berriro kontratatzea baloratzeko bilera egingo dute gaur. Feministek bilerara joateko dei egin diete gainerako ikasleei.


2019-05-16 | Hainbat egile*
Gobernua, eskola eta herriko desoreken bultzatzaile?

Ordizia, EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean migrazio tasa altuena duen herria da, %17,4ko tasarekin. Eskolatze datuei erreparatuz tasa hau are altuagoa da. Esaterako, Haur eta Lehen Hezkuntzan eskolaturiko ikasleen familien %21,7k atzerrian du bere jatorria. Aniztasun hau balio oso positibo eta aberastasun moduan bizi dugu. Herritar hobe egiten gaitu.


2019-05-15 | ARGIA
Azpeitiko Esklabak proiektua bultzatzeko auzolanera deitu dute

Gazte Sozialiston Topagunea antolatu dute Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialista mugimenduek, ekainaren 12tik 16ra. Batez ere, hustua izateko arriskuan dagoen Azpeitiko Esklabak espazioa bultzatzeko auzolanean oinarrituko dira topaketak.


2019-05-15 | ARGIA
Hezkuntzaren aldaketan sakontzeko sei neurri proposatu ditu STEILASek Nafarroan

Hezkuntza munduko sindikatuaren arabera, "azken lau urteetan hezkuntza publikoa hobetu da, baina oso geldo eta gehienetan azalean". Oinarrizko sei neurri neurri proposatzen ditu hurrengo legegintzaldian aldaketa sakona burutu dadin. Ondoren hitzez hitz, sindikatuak ARGIAko Eragileen plazan atera bezala.


2019-05-13 | ARGIA
Macronen gobernua "inoizko txarrena" dela esan du Indok Seaskaren Herri Urrats festan

Milaka herritar batu dira aintziraren inguruan, berriz ere. Paxkal Indo Seaskako presidenteak bere kargua utziko duela jakinarazi du, borrokan kolektiboki jarraitzeko deia eginaz: “Hori da gure indarra”.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude