Zergatik ukatu ongizatea gazte hauei?


2024ko maiatzaren 10an - 09:31

Askotan esaten da lanak emaitzak ematen dituela. Hezkuntza sistemak “ikasi, lan egin eta lortuko duzu” oihukatzen du. Baina zenbat etxetan frogatzen da hori egia ez dela? Ikasle mordoak ikasteko gogoa galdu du, izan ere, lan eta lan eginda ere, ez dute emaitza onik lortzen. Arrazoi hori dela eta askok pikutara bidaltzen dute dena. Gizartea horien beldur da. Aurreiritziak elikatzen gaitu eta jende gutxik planteatzen du egoera hau iraungitzeko irtenbiderik.

Geroz eta gehiago dira “zerbait” duten nerabeak, klasean jarrera ona izandakoak eta etxean lan egindakoak, baina hala eta guztiz ere “ikasle onak” ez direnak. Matematikan trebeak bai, baina idatzi eta irakurri kostata egiten dutenak ere badira. Horiek guztiak galdutzat ematen ditu sistemak. Askok gazte horiek lana behar bezala egiten ez dutela diote, haien oinetan jarri gabe.

Askotan esaten da lanak emaitzak ematen dituela. Hezkuntza sistemak ‘ikasi, lan egin eta lortuko duzu’ oihukatzen du. Baina zenbat etxetan frogatzen da hori egia ez dela?

Gure sisteman, batetik hamarrerako zenbakiekin kalifikatzen da lana. Lana ez, emaitza. Irakasleek zuzentzerakoan emaitzak zuzenak diren ala ez begiratzen dute eta ezin dute ontzat jo “egiten badakizula ikusten dut, baina emaitza gaizki dago” edo “emaitza zuzena da, baina ez dituzu jarraitu beharreko pausoak egin” erantzunen sorrera den egoera.

Gazte horiek ikusiko dute, helduagoak direnean, lan munduan emaitza garrantzitsuena dela. Bai, egia da leku bakoitzak bere arauak dituela eta gizaki gisa errespetatu beharrekoak ere badaudela, baina inork ez dio ile-apaintzaile bati “Barkatu, eskua eskuinerantz biratu duzu zuzen mantendu beharrean” esango, bakoitzak bere estiloa baitu.

Baliabide desberdinak ematea garrantzitsua da eta baita gazte horiei bere lekua eskaintzea ere. Oraingo ibilbiderik funtzionatzen ez badu beste bat aurkitu beharko da. Sistema ezberdinak behar direla argi dago, hala ikasten dugu bizitzan ere. Puzzleak gara, batzuok ez duguna beste batzuek dute. Zergatik ukatu ongizatea gazte horiei?

Noa Zabaleta

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude