Elizari jarriak

I
Badut dudamudarik
nire barrenean
Eliza gai gisara
hartu dudanean…
Jaungoikoaren eta
euren izenean
ez al dabilen asko
debalde lanean
munduko enpresarik
aberatsenean.
II
Zenbatzen hasiz gero
herriz herrikoa
eliza kopurua
da infinitoa.
Beraz, badut zalantza
kategorikoa,
ez ote den eliza
apostolikoa
lehen espekulatzaile
urbanistikoa.
III
Kristauentzat izanik
horren kristau onak,
kardinalak, gotzainak
zein elizgizonak
sortarazi ohi dizkit
zalantza sakonak:
zer babesten dituzte
bakarrik pertsonak
edo eurak babesten
dituzten poltronak?
IV
Armaniren sotana,
urrezko kaliza,
papamobil berrian
luxuzko geriza…
Pobreei laguntzea
bada lehen premisa,
ez dakit Aita Santu,
ez dakit Eliza,
guzti hau har daitekeen
adibide gisa…
V
Hamaika artzai eta
hamaika artalde,
libre izanagatik,
debekuen alde
dabiltzalako egin
nahi nieke galde,
behingoz egin daitezen
egiaren jabe,
ba al den aingerurik
deabrurik gabe?
VI
Nahiz zalantzak agertu
ditudan nabarmen,
gure aiton-amonen
aiten eta amen
sinismenik ez nuen
egurtu nahi hemen;
pekatarien gisan,
berandu baino lehen,
konfesatu nahi nuen…
Hala bedi, amen.

Doinua: “Agur sagar beltzaran”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude