ARGIA.eus

2021eko ekainaren 24a

Esklabotzaren mendeurren ahaztua

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2010ko maiatzaren 23a
Ezkerrean, haur esklaboak, 1869an Zanzibarren ontziratuak, Daphne itsasontzian. Alboan, Fernando II.a Aragoikoa, hiru mende eta erdi lehenago, dekretu baten bidez, esklaboen salerosketa sistematizatua abiarazi zuena.
Ezkerrean, haur esklaboak, 1869an Zanzibarren ontziratuak, Daphne itsasontzian. Alboan, Fernando II.a Aragoikoa, hiru mende eta erdi lehenago, dekretu baten bidez, esklaboen salerosketa sistematizatua abiarazi zuena.www.awesomestories.com
Toledo, 1510eko urtarrilaren 22a. Fernando II.a Aragoikoak 50 esklabo afrikar Karibera bidaltzeko dekretua sinatu zuen, La Española –egungo Dominikar Errepublika eta Haiti– uharteko  urre-meatzeetan lan egin zezaten. Horrenbestez, eskala handiko esklabo trafikoaren bidea zabaldu zuen.

1442an, portugaldar esploratzaileek esklabo afrikarrak ekarri zituzten lehenengoz Europara. Hurrengo hamarkadetan, Afrika mendebaldean hainbat portu ezarri eta esklaboekin trafikatzen hasi ziren. Kolon Amerikara iritsi ondoren, espainiarrek urrea aurkitu zuten han, eta esklaboak baliatu zituzten hura erauzteko. Hasieran Karibeko jatorrizko biztanleak, tainoak, egin zituzten esklabo. Baina urte gutxitan, tainoen %90 desnutrizioak eraginda edota Mundu Zaharreko gaixotasunek jota hil ziren. Espainiarrek ezin zituzten portugaldarren esku zeuden esklaboak eskuratu, eta portugaldarrek ezin zuten espainiarren urrea ukitu. Azkenik, itun baten bidez, espainiarrek urrearen parte bat portugaldarrei ematea adostu zuten, urre gehiago erauziko zuten esklabo afrikarren truke.

Fernando Katolikoaren dekretuaren bidez, Amerikara ordura arte  bidalitako esklabo multzorik handiena eraman zuten; esklaboak soilik arrazoi ekonomikoengatik hartzen zituzten lehen aldia zen. David Keys historialari eta BBCko kolaboratzailearen ustez, dekretua “historiako dokumentu garrantzitsuenetakoa da, gizakien historia hemezortzi urte lehenagoko Amerikako Aurkikuntzak bezainbeste aldatu zuena”.

Esklabotza ikertzen duen Wiberforce Institutuko David Richardsonek dioenez, “1510eko erabakiak beste aro bat abiatu zuen, europarren jarduera kolonialen aro, baina nazioarteko komunitate akademikoak ez du sekula gertaera hari buruzko ikerketarik egin”.

Berriki, hainbat herrialdetan esklabo trafikoaren eta esklabotzaren abolizioaren bigarren mendeurrena “ospatu” dute (ikus Argia 2197. zbkia.) gaur egun sekula baino esklabo gehiago dagoen arren: zehazki, 27 milioi, kolonizazio garaian Afrikatik Amerikara eraman zituzten hamabi milioien bi halako baino gehiago.

Baina inor ez da gogoratu –edo inork ez du gogoratu nahi izan– esklabo afrikar trafikoaren hasieraren bosgarren mendeurrenaz.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Euskaldunak esklabotzan

Euskaldunak esklabotzan kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2010ko maiatzaren 23a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude