Armagintzari jarriak

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

I
Sagardoaren Euskal Herrian
kupel askotan ozpina:
Armagintzako ehun enpresa ta
milioietako mozkina.
Inkisizio guztiek libre
utzi ohi duten sorgina:
Gaurko diskurtso kanpo-larrosen
Barne produktu gordina.

II
Zenbat ahalegin bizitzak duen
balioa erakusten
ta zenbat diru arma enpresen
A eta B kutxak puzten.
Ahoberoek nola diote
mingainari libre uzten
kontatu gabe pistola hoiek
zenbat hil ote dituzten?
III
Ez pistolak ta kanoia soilik
(horrek fama txarra baitu)
Armagintza da ikerkuntzaren
lanbro panposoan blaitu.
Dirulaguntza publiko eta
lan hitzarmenekin gaitu
errenta ez da jokoa baina
gu parte bihurtzen gaitu.
IV
Armagintzaren kamuflajea
Berrikuntzaren ospean,
fijatu gabe Garapen eta
Ikerketa horren kostean.
Giza eredu paregabeak
eskutxoa kokozpean
eskoletara eramateko,
biktimen klase ostean.
V
Ez, armagintza inguruotan
ez dabil geratzekotan.
Gehiena zeini komeni zaio?
Zalantza gutxien hortan.
Ta bitartean zenbat milaka
ez daude gauero lotan…
Zulo txikiak topatu behar
handiak tapatzekotan.
VI
Kontraesanen korapiloa
ez dakigu nola aska.
Hutsa balira eragingarri
amorrua eta nazka.
Herritar gisa guk zein armekin
egin horiei hazka?
Nik nire esku dauzkadanekin,
ez bozka eta ez bazka.

Doinua: "Esplikatzera noa kontuak ijito jende hoienak".

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...