Suaviter in modo (Mario Zubiaga)


2010ko martxoaren 28an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Bizitza kolektiboaren helburuak, esparruak eta bitartekoak desadostasunaren eremu naturalak dira. Gatazkarenak. Politikarenak. Klasikoek erakutsi bezala, bizirik dagoen jendartea, sortzeko eta garatzeko gai dena, boterearen inguruan pizten den gatazkatik elikatzen da. Gaurko gaiari eutsiz, taldearen identitatearen interpretaziorako bitartekoen kontrola izango litzateke botere kulturala. Botere horren egikaritzan egongo dira jokoan gure mundu-ikuskerak eta ikuskera horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzeko erabiltzen diren tresnak, hizkuntza barne.

Dena den, ikusmolde gordin eta zahar horrek zikinegia dirudi orainaldiko mutur politikoki xuxenentzat. Hizkuntza “despolitizatzea” bilakatu baita azken urteotako leloa. Merkatu omen orekatuan, euskara eta euskararen transmisioa ez da jada  “misioa” izango, aitzitik, sedukzioan, marketinean, borondate indibidualean eta kontsentsu orokorrean oinarritu behar omen da haren garapena. Utikan politika! Ahulegia baita euskara armatzat erabiltzeko, gertuko klasikoa gogora ekarriz.

Ados: Suaviter in modo... Bai, baina fortiter in re.

Izan ere, errealitatea setatia da oso, eta, Lehendakaria ez bezala, –tamalez esan beharko al genuke?– gure herrian identitate-gaiekin ez gaude aspertuta. Areago, biziki kezkatuta dago jendarte esparru zabala azken hilabeteotan hezkuntzan eta administrazioan euskararen transmisioak izan duen atzerakadarekin. Hori al da zorioneko despolitizatzearen ondorio desiratua?
Warrenen lanak jarraituz, gatazka eta boterearen arteko binomioan oinarritzen da politika. Bi aldagai horien faltak, edo bietako batenak, ekarriko luke “despolitizazioa”. Hala, euskaraz egiten den euskal kulturaren transmisioaren despolitizazioa hiru modu desberdinetan gerta daiteke:

Botere erabatekoa eta inongo gatazkarik ez. Warrenek “politika ukatuaren” eremua deitzen duena. Euskara (edo erdara) indarrez inposatuko balira hauxe izango litzateke eredua: beste mundu-ikuskerak publikoki debekatzen dituen eredu a-politikoa. Aniztasunaren etsaia den botere-politika gordina. Saiakera gisa, kultur-homogenitatearen helburura iristeko filosofia bezala, diskurtso eta praxi politiko askotan islatu da pentsamolde hau. Estatuetatik bultzatu den nazio-eraikuntzak norabide horixe izan du ezbairik gabe. “Politikarik gabeko” iragan krudela gertu dugu gogoan. Izan ere, euskara publikotasunetik kanporatzeko neurri historikoak filosofia horretan oinarritu izan dira, hots, Generalisimok bere ministroari esandakoan: “Haga usted como yo: no se meta en política”. Gurean, arestian aipatutakoaren oinordekoek euskaltzaleei “garbiketa etnikoa” egin nahi izana leporatu dieten arren, ez dut uste inork despolitizazioaren paradigma hau hobetsiko duenik, ez praxi politiko gisa, ezta helmuga desiratu bezala ere. Zorionez, abagune honetan gure herrian dauden kultur-ereduek euren arteko antagonismoa bideratzeko modu zibilizatuagoak topatu dituzte. Ez horregatik antzuagoak.

Botererik ez, eta gatazkaren saihestea.
Hizkuntzen transmisioa despolitizatzeko bigarren modu honen arabera, gure herrian kultur transmisioaren inguruko erabakiak ez lirateke kolektiboki lotesleak izan beharko. Bakoitzak bere tribu edo kultur-komunitate propioa izango luke, eta horrela tribu desberdinen arteko gatazka ekidin egingo litzateke, Zizekek aipatutako “arkeopolitikara” itzulita. Politikaren ukapena dakarren identitate-komunitate isolatuetan biziko ginateke, elkarri bizkarra emanda. Kasurik hoberenean, kultur-transmisioaren pribatizazio honek sortuko lukeen euskal melting-pot-a lingua franca unibertsalak bideratuko luke, ingelesak, alegia. Erakundeek tribu edo hizkuntz-komunitate desberdinen garapen autonomoa besterik ez lukete ziurtatu beharko, inoren kultur-transmisioa bermatu gabe. Desberdintze logika honek arlo pribatura eramango zukeen kultura eta hizkuntza, identitatea, sentimendu nazionala, etxeko erlijio bilakatuz. Tribu horrek hizkuntz-komunitate auto-zentratu eta itxiaren norabidea har dezake –identitate paradigma–, edota presio-talde bihurtu, botere publikoetan lobbying lana burutuz, eragin-paradigman murgilduta. Zizekek “parapolitika” deitu duena. 

Biak ala biak, ederki egokitzen dira indarrean dagoen sistema liberalak ezarritako desberdintze-eredura. Mundu garaikidean nagusitzen ari den nahasketa bitxia –merkatua eta feudalismoa uztartzen dituena–, ondo egokitzen da eredu despolitizatu honetara, eta ziklo politiko baten amaierarekin batera, euskal kulturaren transmisioa tribuaren gotortzean ikusten dutenak ugaldu egin dira urteotan. Dena den, boterearen dinamikatik at omen dagoen eredu hau, isil bidez, oso gertuko dugun beste lingua franca baten –gaztelaniaren– hegemonia sendotzeko tresna bilaka daiteke, euskal tribua arlo publikotik kanporatzeko, batik bat. Nafarroan oso nabarmena da joera hau.

Ez botererik, ezta gatazkarik ere. Identitatea, mundu-ikuskera, hizkuntz-hautua guztiz konpartitzen denean, adostasun orokor horrek “naturalizatu” egingo du kultur-hautu hori, borondatezko izaera bera ere ezkutatuz. Andaluzian gaztelania da kulturaren transmisiorako tresna natural hori, horregatik gaztelania “despolitizatua” dago hango jendartean. Ez dirudi Euskal Herrian bizi dugun egoera diglosikoan euskararen transmisioa modu “natural” horretan ziurtatu daitekeenik. Gurean hizkuntza eta kultura desberdinak ditugu elkarbizitza lehiatsuan, eta ez da batere erraza, kultura partikularrez gaindi, erabateko kontsentsu a-politikoa sustatuko duen diskurtsorik edo gairik topatzea: sukaldaritza edo, ez bada. Oxala, euskara ere maila horretan egongo balitz, Euskal Herri osoan “naturalizatuta”, ez Ataunen edo Errezilen soilik. Kontsentsu horrek transmisioari buruz dauden kezka ulergarri guztiak uxatuko lituzke. EAEn berriki osatu diren aholkularitza-batzorde eta txostenak, kontsentsu horren bila aritu dira. Alabaina, nekez estali ahal izan dute azpian dagoen indar harremanaren emaitza dela kontsentsu oro. Batez ere, hizkuntzaren ingurukoa.

Izan ere, euskal kulturaren transmisioan boterea eta gatazka ezinbestez biltzen dira. Kultura eta hizkuntza gai politikoak dira, “politikoenak” esango genuke, eta politikoak izanik, hegemonia jokoetan murgilduta daude: unibertsala –euskal herritarra– aldi batez betetzeko, partikularrek –euskalduna, erdalduna, langilea, enpresaria, ezkertiarra...–, burutzen duten ahaleginean, alegia. Horixe baita hegemonia: Euskal herritar tipikoa zein den, euskal herritar tipikotzat zein jotzen den ebasteko eragileek diskurtso eta praxi politikoen bitartez burutzen duten ahalegina, hain zuzen. Eragile bakoitzak bere partikularren katea ordezkatuko du, eta gure herrian lehian dabiltzan kate horietan euskarak duen lehentasuna desberdina da oso. Azken hamarkada hauetan euskararen transmisioak izan duen indarra, abertzaleen partikularren kateetan euskarak izan duen garrantziaren ondorioa da. Ahalegin hegemoniko horren emaitza izan  da.

Orain arte eragile abertzaleek hegemonizatu duten eremu politikoan, EAEn, “euskal herritar tipikoa”, ez soziologikoa edo estatistikoa, “euskalduna” izan da. Euskal herritarra izateko modurik osatuena. Hegemonizazio politiko horrek ahalbidetu du gutxiengo kultural batek –euskaldunak– lortutako transmisio linguistikoa. Hala, bataz beste, euskaldunen kopurua %20tik %40ra igaro da bi hamarkadatan.

Euskarak –partikular gisa– abertzaleak ez diren eragileen kateetan duen garrantzia erlatiboa ikusita, indar horien hegemonia politiko berriak, kolokan jarri al dezake euskararen transmisioa? Arestian esan bezala, arlo publikoan euskarak sumatu duen atzerakada azpimarratzekoa da. Areagotuko al da joera hau etorkizunean? Euskararen militantzia ziklo luze baten amaieran, globalizazioaren inguruabar konplexuan, koiunturazko aldaketa politiko horrek azken labankada emango al dio euskararen transmisioari? Agonismoa alboratu beharko litzateke, bederen.

Hasteko eta behin, salbuespen egoera batean gertatutako gobernu aldaketak ez du hegemonia politikoa egun batetik bestera aldatuko. Bestetik, joko hegemonikoaren arauak ez dira hain xinpleak. Leku hegemonikoa hartzeko artikulazio kate luzeak behar dira, eta euskararen begia kate horretan barneratu gabe, ezinezkoa da euskal nazio politikoa osatzea, nazio politiko hori askea nahi den edota Espainiaren parte. Bigarren helburu honetarako ere, zentralitatea –leku hegemonikoa– hartu nahi duen PSE-EEk bere izaera “baskista” indartu beharko du.

Hautu argia bezain zaila du PSE-k: PSC-ren ildoa jarraituz, Espainiari lotua nahi duen euskal nazio politikoa osatu eta horretarako euskara lehenetsi, edo, bestela, alderdi popularraren patuarekin bat eginez, euskararenganako beto jarrerari eutsi, Jaurlaritza berriak hartutako azken erabakietan islatzen den moduan. Baskismoak bere oinarri españolistarengandik urrundu dezake PSE, baina beto jarrera hori aldatu ezean, ibilbide oso laburreko zentralitatea izango du herri honetan.
Dena den, ezin ahaztu genezake abertzaleak ez direnen “baskizazio” hori ziklo hegemoniko abertzalearen ondorioa dela, eta euskararen transmisioan hurrengo urrats kualitatiboak emateko, ziurrenik ezinbestekoa izango dela euskarari zentralitatea emango dion abertzaletasun eraberritu baten ekina. Ausarta maite du Zoriak.

* Mario Zubiaga EHUko zuzenbide irakaslea da.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkerreko pentsamendua
Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria hil da

Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]


Gazteen arteko genero arrakalak gora egin du kokapen politikoari dagokionez

Azken hogei urteetako gazteen kokapen politikoa izan dute aztergai The Economisten. Europan 18-29 urte arteko gizonak emakumeak baino posizio kontserbadoreagoetan kokatzen dira. 


Alemaniako ezkerra: BSW geratzeko etorri da

Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]


Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]


Lenin gogoan

Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]


Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


2023-05-31 | ARGIA
Maria Mies soziologoa hil da, ekofeminismoaren aitzindaria

Maiatzaren 15ean hil da Maria Mies (1931-2023) soziologo alemana 92 urterekin, azken hamarkadotan ekofeminismoak eduki duen erreferentzia teoriko nagusietakoa.  Silvia Federici eta beste batzuekin batera, Miesek landu zuen feminismo antikapitalistaren ildo teorikoa,... [+]


Angel Prado. Demokrazia komunala
“Ez dugu irla bat izan nahi”

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


2023-01-25 | Aurélien Berlan
Gure beharren asetzea, geure gain

Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu... [+]


Eguneraketa berriak daude