AEBetako gazteak Kuban ikasten txiroen medikuntza

Ziento pare bat gazte estatubatuar Kuban ari dira medikuntza ikasten. La Habanako gobernuak horretaz egin lezakeen propagandaz haratago, haruntza familia medikuntza ikastera joandakoen hautuak herrialde aberatsetan osasungintzak hartutako bidearen mugak azaltzeko balio du.

Kuba laudatzeko garai onenak ez dira, preso disidente bat gose greban hil berria, bigarren protestari bat larri, Europa uharterako aldaketak eskatzen ari... Pentsatzekoa da, bestalde, Kuban ez dutela besteren laudorio beharrik. Julia Landau kazetariak ez du Kuba sozialistaren apologiarik idatzi, baina kontatu du zergatik eta zertara joan diren haruntza berrehundik gora gazte estatubatuar medikuntza ikastera eta kontakizunean argitu dizkigu herrialde aberatsetan osasungintzak dauzkan zulo handiak eta horiek erremediatzeko Kuba txiroak dauzkan irakaspenak.

Kalifornian karrikaratzen da East Bay Express astekaria. San Frantzisko ekialdeko badia eskualde aberatsa da, mundu osotik etorkinak erakarri dituena, eta bertan komunikazio aurrerazale eta alternatiboak indarra omen dauka. East Bay Expressen Julia Landauk otsailean publikatu zuen American are learning medicine the cuban way (Iparramerikarrak Kubako erako medikuntza ikasten). Ikasle horietako baten ibilbideari jarraitu zaio nagusiki.

Melissa Rose Mitchel neska gazteak medikuntza ikasi nahi zuen eta kezkatuta zebilen. Ezagutzen zituen unibetsitateetan irakasten zen medikuntza hiper-espezializatuak ez zion graziarik egiten. Eta okerragoa dena, sendagile izatera iritsi arte sekulako dirutza inbertitu beharra zeukan.

Urte betez 1.400 dolar aurreztu zituen sarrerako azterketetarako prestatzeko. Bidean gomendatu zioten bada ezpada ere 20 bat unibertsitatetan emateko izena: 200 dolar eskari bakoitzeko, hegazkinez egin beharreko bidaiak, janzki egoki berriak erosi beharra... Mutil laguna enteratu zen Interreligious Fondation for Community Organization erakundeak eskaintzen zituela Kuban medikuntza ikasteko aukerak, gutxiengoak osasungintzan integratzeko programaren barruan.

2000. urtean ireki zen bidezidorra. AEBetako Kongresuaren baitan diputatu beltzak biltzen dituen Congressional Black Caucus taldeak Fidel Castrorekin izandako elkarrizketatik sortu zen. Castrok eskaini zien parlamentari yankiei 500 sendagile hezteko aukera, La Habanako Escuela Latinoamericana de Medicina (ELAM) unibertsitatean. Julia Landauk dioenez urteotan 34 doktore graduatu dira eta uneotan 160 ari dira ikasten.

Sobietar Batasunaren hondoratzeak Kubako egitura guztiak astindu zituen errotik, nekazaritzatik hasita populazioaren elikadura katea edo osasungintzaraino. Medikuntzaren alorrean, aurretik, hamarkada luzez AEBk ezarritako enbargoaren ondorioak ere nozitzen ziren Kuban: multinazionalek ekoiztutako botika askoren falta, ospitaletako tresneria zaharkitua berritu ezina, eta abar.

Kubako agintariak osasungintza publikoa behetik goraino aldatzera behartuta aurkitu dira geroztik. Eta, hona paradoxa, herrialde aberatsetan jende txiro babesik gabeen laguntzan ahalegintzen direnek Kubako gerrako medikuntzan aurkitu dute ikasbidea.

Gerrako medikuntza

Kaliforniako East Bay eskualdean ari dira praktikak egiten La Habanan ikasitako mediku gazteetako batzuk, tartean Melissa Rose Mitchel. Horiek kontatu dizkiote kazetariari AEBetako unibertsitateetan irakasten den medikuntzarekiko ezberdintasunak.

AEBetan, eta gero eta gehiago Mendebalde aberats osoan, unibertsitateek mediku espezializatuak atera nahi dituzte, gaitz oso zehatzetan teknologia garestiak erabiliko dituztenak. Ez espezializatzea, familiako mediku legez lan egin nahiko duena, ez da hainbeste sustatzen. Diruak asko esplikatzen du kontua: mediku ikasketak 2008an bataz beste 154.000 dolar kostatzen ziren, mediku kolegioen kalkuluetan.

AEBetan izurria izan behar du espezializatzeko joera horrek. Berrikitan Barack Obama presidenteak berak onartu du estatubatuarrak familia medikuz oso urri dabiltzala, eskualde osoak daudela sendagilerik gabe. Segurantza sozial publiko orokortua ere falta da AEBetan, jakina.

Kuban, ez botika kariorik eta ez puntako teknologiarik era masiboan erabili ezinean, alderantziz dago antolatuta. Diru gutxi dagoenez, prebentzioa lantzen da. Horretarako kontutan hartu behar dira giza taldearen bizimodua, norberaren elikadura ohiturak, adikzioak zaindu behar dira... eta guztiaren erdian lan garrantzitsua dauka egiteko familiako medikuak. Ikasketak burutu ondoren, inongo espezializaziotan hasi aurretik, mediku kubatar guztiek bi urte gutxienez pasa beharra omen dute familiako doktore lanetan.

Kubako baliabide teknikoak ere ezin dira kontatu herrialde aberatsetan dauzkagunekin. Melissa Rose Mitchellek kontatu dio kazetariari: “Ikasten ari ginela, edozein egoeraren aurrean, irakasleak galdetzen zigun ‘zer da honetarako egokiena?’, gu hasten ginen aipatzen eskanerra, ultrahotsak, eta berak berriro ‘baina hemen ez daukagu horrelakorik, pentsa ezazu mendi artean galduta zaudela, ez daukagula ez elektrizitaterik ez telefonorik... zer egingo zenuke?’ galdetzen zigun”.

Ikasleok La Habanan ikasi behar izan dute larri dauden eriak artatzen ez argindarrik eta ez ur edangarririk ez den lekuetan. Hain zuzen horrexek dauka interesa AEBetarako.

Katrina urakanak eragindako txikizioak atera zuen azalera hango komunitate askotan bizi den mixeria. Gauza bat da pobre bizitzea eta oso ezberdina agintariek arras abandonaturik bizirautea. Gero eta ugariagoak dira horrela dirautenak AEBetan.

Mitchell sendagile gazteak iazko udako oporrak eman zituen Alabama estatuan Birmingham eskualdean, hango landa eremuetako jende behartsuak artatzen herririk herri mobile home batean. Klinika ibiltariarekin zebilela, harriturik ohartu da zenbat jende bizi den etxoletan edo furgonetetan, elektrizitaterik eta iturriko urik gabe, horretarako diru faltan.

“Hemen, Alabamako eskualde batzuetan –esan dio Mitchellek Landau kazetariari– txirotasuna garratzagoa da Kubako landa eremuan baino, hemen ez baitago han bezala gizarte zerbitzurik”. La Habanan ikasi duen gerrako medikuntza Alabaman ere derrigor erabili beste biderik ez du izan.

Herritar guztientzako segurantza sozialik gabe eta medikuntza pribatu oso garestiz funtzionatzen duten herrialdeen paradigma dira AEBak. Inor ez da libratzen han. Melissa Rose Mitchell doktore gazteak oraingoz denbora erdiz egiten du lan eta berrikitan gaixotu zenean ez zuen beretzako medikurik aurkitu. 60 dolarreko antibiotikoak lagun batek eskuratu zizkion.

Argazki oina: Bost ikasle gazteok New Orleansekoak dira, La Habanako Escuela Latinoamericana de Medicina (ELAM) delakoan sendagile ikasketak burutzen ari direnak. Argazkia Salud, Southwest Exchange erakundearen gunetik hartuta dago. ELAM Kubak 1998an eraiki zuen Habanan, Mitch eta Georges urakanek Amerikako herrialde askotan eragindako txikizioen ondoren. Kubak hor urtean 1.500 ikasle hartzen ditu, mundu osotik etorriak, tartean AEBetatik. Sei urteko ikasketak burutu behar dituzte ikasleek: lehenbiziko biak ELAMen bertan oinarrizko medikuntza ikasteko, gaztelania maila ona hartzearekin batera; ondorengo hiru urteetan ikasiz batera ospitale kualifikatuetan ariko dira lanean; eta azken urtea mediku berriek interno ematen dute Kubako ospitale batean

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude