Irakurleak galdezka: Hagina

  • Kaixo. Argituko zenidake nola lortu haginaren landarea haziak erabiliz? Hozkailuan gordeta dauzkat eta zenbaitetan ahalegindu naiz baina alferrik. Mila esker.
    Maite Madariaga (Bilbo).

Iepa, Maite. Haginak (Taxus baccata) berezitasun ugari du: pozoitsua da, dioikoa –ale batzuk arrak eta besteak emeak–, milaka urte bizi da... Euskaldunontzat zuhaitz mitikoa da eta Gipuzkoako ikurra da. Aparteko zuhaitz egiten dutenen arteko beste ezaugarri bat hazien zuntzen gogortasuna da. Honek ernatzea zailtzen dio, baina baita irauteko babesa eman ere.

Haginaren hazi gogorra biltzen duen fruitu gorri likatsua landare guztiko zati jangarri bakarra da. Bestelako dena pozoitsua da: hostoa, azala, egurra, baita hazia bera ere. Fruitu jangarria gozoa da, oso gozoa. Honela animaliok eta batik bat hegaztiek jan eta barruko hazia gero oso osorik zirinetan bilduta sakabanatuko dute.

Hegaztiaren digestioak on egingo dio haziari: zuntz zakarrak erroetan urratu eta urdaileko azidoetan beratuko dira. Urradurak eta beratzeak ernatzeko behar duen ura hartzea erraztuko dute. Hori gutxi balitz, zirinetan bilduta botako du hazia, beste inork jateko tentazioak uxatzeko eta ernatzen denerako ongarri dosia eskuera duela.

Naturala den bide honen antzekoa, ahal den antzekoena egiten saiatu behar zara. Hotzarena garrantzitsua da, bestela negua igaro gabe dagoela uste eta udaberrian ez da ernatuko.

Hona nire proposamena: udazkenean hazia bildutakoan, fruitu likatsua kendu eta hondarretan sartu. Hondarrez betetako ontzi hau kanpoan eduki lorontzi baten gisara, euriak bustitzen duen tokian, ahal bada, bestela tarteka ureztatu. Neguaren amaieran hazien erdiak atera, hondarrarekin nahasian eskuetan igurtzi eta egun pare batez ur epeletan beratzen eduki. Lur gozotan erein eta maiz ureztatu. Hazien beste erdia urtebetez hondarretan mantendu, lorontzia bailitzan ureztatuz. Beste erdiarekin egindako bera hurrengo udaberrian egin. Denetatik erdiak ernatzen badira kraxkitinka eta irrintzika hasi...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galderak
2017-12-31 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba. Etxe inguruan 4-5 sagarrondo ditugu. Noiz inausi behar dira?

Larraitz Aurrekoetxea (Elorrio)


2017-12-24 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba, permakultura erara jarria dugu baratzea, eta azkenaldian barazki artean perretxiko batzuk ari zaizkigu ateratzen. Zer esan nahi du horrek? Eta desorekaren baten adierazle balitz, zer egin genezake zuzentzeko?   

Bego Tapia (Altzo)


2017-10-01 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba. Hur zuhaitz bat dugu eta urtero ale mordoa izaten ditu, baina heldu ahala guztiak erortzen dira zulo txiki batekin, “hutsik”, ustelduta... Zer izan daiteke? Sagarrondo eta aranen alboan dago.

Ana Zarandona (Etxebarria)


2017-09-17 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo! Baratzea argazkiko belar txarrarekin josita daukagu. Zer da? Ba al dago baratzetik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke.

Asier Altuna (Azkoitia)


2017-09-10 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba. Veza soloari buelta eman ostean ortuariak landatu edo erein baino lehen karea dantzatzea egoki?

Juan de Atxirika (Murueta)


Eguneraketa berriak daude