Ane piratari jarriak

I
Zer da beldurra? Zer da denbora?
Zer, kimioa tantaka?
Zure ohea barku bihurtu
belak zabaldu ta hanka!
Koloretako zapia jantzi,
lotu egurrezko hanka,
tira sokari, igo mastara,
eman haizeari branka...
mundu berrien bila joan zaigu
maitasunaren pirata.
II
Eskuak hoztu, oinak isildu,
kolorez hustu azala;
ilea hosto gorri bihurtu
zainetan sua doala;
aho morean hortz zartatuak,
betazpietan itzala...
Ta bat-batean irrifar batek
irentsi du ospitala...
Munduarekin halere pozik
baldin bazeunde bezala.
III
Aita ta ama ohe ertzean
esertzen zirenerako
oinekin ezin ta begiekin
egiten zenuen salto.
Bi ezpain ertzak gora begira:
ilbehera gau beltzerako,
haurrak sehaska bat eraiki du
bere gurasoentzako...
irribarrea kulunkatzea
errazagoa delako.
IV
Ez gara hezur, ez gara mami:
ura gara, soilik ura!
nola aingurak labaintzen diren
itsasoetan barrura.
Bi begi beltzak bi amu dira
bi galdera, bi lotura
esanak sare; izana, berun
irribarrea, aingura...
gure bihotzen hondoa jo du
eta bertan geratu da.
V
Orain bandera haizetan dago,
orain hautsi da anfora;
itsasontziak ihes egin du
zeruertzetik kanpora.
Hautsi zaizkigu ordulariak,
traidore bat da denbora!
Zure izena oihukatzen dut
olatuen erritmora...
ta pentsatzen dut nire pirata
irribarrez egongo da.
VI
Irribarre bat dut ezpainetan
itsasoari kantari;
irribarre bat dut ezpainetan
ta begietan Kantauri;
irribarre bat ipini diot
malko gazi bakoitzari;
irribarre bat ausardiari,
minari, maitasunari…
Zenbat irrifar zor dizkiogun
zure irribarreari

Doinua: Itsasoari begira.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude