Ekialdeari jarriak

  • I
    Itxarotea garestia da,
    denbora ez dago merke
    baina bizitzan ezartzen dira
    legezko hamaika epe,
    zai jarri eta egonaldia
    burokraziaren menpe
    urtebetera, bira, hirura
    ere luzatu daiteke;
    haurdunaldiak ez du irauten
    bederatzi hilabete.
Alaitz Sarasola
Alaitz SarasolaNagore Legarreta
II
Eguneroko ongizatean
diruak gaitu egurtu,
antzutasuna eskaini digu,
eta sormena lapurtu,
eskerrak ez den esperantzaren
katebegirik apurtu
zilborrestea lotura bila
nola nekez den beldurtu,
Txina ez al da mendebaldeko
sabel handia bihurtu?


III

Patuak ere parte hartzen du
behin egindako aukeran,
datorren hori imajinatuz
zer nolakoa ote dan…
erditzearen erdibidea
hegazkin batean hegan…
gero etxean ezin da poza
ez den beste ezer edan,
mundu handi bat zabaltzen baita
begi txiki horiengan.

IV

Berez erraza ez bada hala
erabakitzearena,
bizi dutenek esaten dute
zailtzen dietela dena:
hainbat galdera psikologiko,
etikoetan barrena,
mila tramite, hamaika froga…
azkenerako baimena;
nola neurtu ote daiteke
zeinek duen ahalmena?


V
Haurra “erabat” integratzeko
aita-amen eginahala:
nahiz nabarmena den begijera,
ta nabarmena azala,
sendi berrian bigarren aldiz
jaio balitza bezala
izen berri bat ipintzen zaio,
bestea ahaztu dezala…
beldur naiz berez konpleju hori
umearena ez dala.


VI
Baina detaile horrekin ez dut
aldegin nahi urrutira;
mugatu nahi dut haurrak dakarren
hunkidura berezira,
bizia eman daitekeelako
mila era ta neurrira:
inor guraso bihurtzen duten
ume horiei begira…
norbere sabelean ez baina
bihotzean hazten dira.

Doinua: “Aita izena”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude