Iruña-Veleiak merezi du

  • “Zer da Iruña-Veleia?” galdetu diegu ingurukoei. Eta erantzunetan “iruzurra” izan da nagusi. Erreportaje honen helburua ez da eztabaidan nahastea, erantzun hori aldatzen ahalegintzea baizik. Iruña-Veleiara joan gara eta askoz gehiago dela esan digu, polemikaren itzalak ikusten uzten ez digun altxorra, Euskal Herriko aztarnategi nagusietakoa.
Ponpeia Valentinaren etxea delakoaren patioaren mosaikozko zoladura, atzean Tresponde herria duelaDani Blanco
Egun lainotsua da, grisa, eta Iruña-Veleiako aztarnategiaren ikuspegia goibela da. Ez dago ez indusketan ari den arkeologorik, ez bisitaririk. Inor baimenik gabe sar ez dadin zaintzen duen segurtasun langilea baino ez.

Egunkarietako titularretan agertzeak berri pozgarria izan beharko luke hainbestetan gutxietsita dagoen historia eta arkeologia ondarearentzat. Baina Iruña-Veleiari kalte egin dio bat-bateko ospeak. 2005 eta 2006ko kanpainetan aurkitu eta gero iruzurtzat jo dituzten inskripzioen gaineko eztabaida betean, aurkikuntza jakin horiez gain aztarnategi eskerga dagoela eta mende askotako historiaren lekuko dela ahaztu dugu. Eta larreez eta lur sailez inguratuta, zaila da Zadorra ibaiak eratutako meandro honetan garai batean hiri bat zegoela imajinatzea.

Baina Felix Lopez Arabako Foru Aldundiko Historia, Arte eta Arkeologia Ondarearen zerbitzuburuaren eskutik egin dugu bisita eta, polemikak albo batera utzita, arrazoi mordoa azaldu digu aztarnategiaren garrantziaz jabetzeko. Lehenik eta behin, “legeak berak ezartzen du Iruña-Veleia munta handiko aztarnategia dela”, dio Lopezek. Duela ia mende bat, 1915ean, Espainiako Ondare Nazional izendatu zuten. Eta 1985etik aurrera, EAEko kultura ondasun kalifikatua da, eta babes mailarik handiena du.

1.500 urteko lekukotza lur azpian

Bestalde, nagusiki erromatar garaiko aztarnategitzat jotzen bada ere, Brontze Aroaren amaieratik (K.a. X. mendea) Erdi Arorako lehen mendeetara (K.o. V.-VI. mendeak) bitarteko arrastoak biltzen ditu Iruña-Veleiak, 1.500 urte inguruko arrastoak, alegia.

Harresiak babestutako oppidumean sartu baino lehen, sarreratik ezkerrerantz jo dugu, harresia inguratuz, eta Felix Lopezek parean azaldu zaigun muinoari erreparatzeko esan digu: “Arkiz da, Brontze Aro amaierako jatorri indoeuroparreko herrixka”. Aztarnategiko arrasto zaharrenak kokatzeaz gain, Iruña-Veleiaren benetako azaleraz jabetzen hasi gara.

Aurrerago, Burdin Aroan ere eremu hau populatuta egon zen. Baina loraldia Erromatar Inperioaren garaian iritsi zen, K.o. I., II. eta III. mendeetan. Iruña-Veleia Ab Asturica Burdigalam erromatar galtzadan zegoen, hots, Asturica Augusta (Astorga, León) eta Burdigala (Bordele) gune garrantzitsuak lotzen zituen bidean. Zenbait adituren arabera, 10.000 biztanle izatera iritsi zen inguruko merkataritza bide nagusietakoan ederki kokatuta zegoen hiri handi hau. “Zaila da esatea –dio Lopezek– eraikinak noraino hedatzen ziren eta zenbat eraikin publiko zeuden ikusi beharko da gutxi gorabeherako biztanle kopurua kalkulatzeko”.

Baina Inperioaren krisialdiarekin bat, erromatar hiria txikitu egin zen, biztanle kopuruak behera egin zuen, azalerak ere bai eta, gatazka gero eta sarriagoek gunea harresiz babestera behartu zituen bertako biztanleak. Hala, hiria ez zutela harresiek mugatzen ulertu dugu, harresiak gero eraiki zituztela eta, beraz, Veleia erromatarra harresitutako kaxkoa baino askoz handiagoa zela. Horrez gain, harresiak eraiki ondorengo garaia oso interesgarria dela adierazi du Lopezek: “Erromatarren ondorengo garaia, Erdi Aroaren hasiera, garai iluntzat jotzen da, teknikan eta kulturan atzera egin zela onartu ohi da. Baina arrasto horiek adierazten dute ez zela hain iluna, erromatar garaiko teknologia eta distira ez zela erabat galdu”.

Aztarnategi birjina

Halaber, Iruña-Veleiak beste aukera bat eskaintzen die ikerlariei. “Hirian erromatar hiritarrak bizi ziren, baina inguruan bertako biztanleak ere baziren. Hortaz, aztarnategiari esker erromatarren eta biztanle autoktonoen arteko harremanetan sakondu ahal izango da”. Zer ekarpen egin zieten erromatarrek bertakoei? Eta bertakoek erromatarrei?

Galdera hauek eta beste asko erantzuteke daude, aztarnategi zabalaren zati txiki bat baino ez baita industu gaur arte. Eta Iruña-Veleiak erantzun asko dauzka gordeta. Izan ere, antzina erromatar hiriak izandakoak gaur egun gune populatuak dira oraindik. Egungo Iruñea, esaterako, Ponpaeloren gainean eraikia dago. Ondorioz, arrasto ugari hondatu edo desagertu egin dira, halabeharrez. Baina Iruña-Veleiaren gainean ez da eraiki. Erdi Aroaren hasieran populazio gunea utzi zutenetik, laborantza lurrak izan dira hauek eta, horri esker, arrastoak ez dira hondatu, alderantziz, egoera onean gorde dira.

Horrenbestez, Iruña-Veleia, “gure ondare arkeologikoaren ikur bat izateaz gain, aztarnategi birjina da, potentzial izugarria duena”.

Hutsetik hastea

Indusketa lanak etenda daude aztarnategian, baina Arabako Foru Aldundian lanean ari dira, erakunde horrek baitu Iruña-Veleiaz arduratzeko eskumena. Aztarnategiaren etorkizuna zehazteko plan gidaria prestatzen ari dira. Hau da, hutsetik hasiko dira aztarnategia kudeatzen. Foru Aldundiko Historia, Arte eta Arkeologia Ondarearen zerbitzuburuaren hitzetan, “datorren urtean edo, gehienez 2011n prest egongo da”. Baina ez da indusketa arkeologikoaren plangintzara mugatuko: “Diziplinartekotasuna oinarrri izango du planak, plan integrala izango da. Industu egin behar da, bai, baina egiturak babestu eta gorde behar dira eta ondarea herritarrei helarazi, eta horrek diziplina askotako adituen lana eskatzen du”.

Arkeologiari dagokionez, ez dute itsumustuan industen hasi nahi, batez ere eremua hain zabala izanda. Aurretiko azterketak ezinbestekotzat jotzen dituzte, lehentasunak ezartzeko. Toki berean hainbat garaitako egiturak eta arrastoak bat bestearen gainean daudenez, hor ere erabakiak hartu beharko dituzte. Iruña-Veleiako oppidumean gaude, Ponpeia Valentinaren etxea delakoan, eta mosaikoz estalitako patioaren inguruan garbi antzematen da hori: azaleko egituren azpian, antzinatasun handiagoa duten beste egitura batzuk daude, gainekoekin bat ez datozenak. Horrelako kasuetan zer egin behar da? Sakontzen jarraitu geruza azalenekoen kaltetan? Ala arrasto berrienak lehenetsi eta horiek gorde? Kasu bakoitzean balio gehien zer mailak duen erabaki beharko da.

Aztarnategia babesteko neurri batzuk hartu dituzte dagoeneko. Arabako Foru Aldundiak inguruko lur sailen jabetza lortu du, nolabaiteko babes eraztuna osatuz. Azpiegiturak ere prestatzen ari dira pixkanaka. Ura eta elektrizitatea helarazi dituzte aztarnategiraino, eraikin bat atontzen ari dira eta aparkalekua ere prestatzen hasiak dira, beti ere lurzoruari eta azpian egon daitezkeen arrastoei ahalik eta kalterik txikiena eraginez.

Iruña-Veleiaren aurpegia berritzea

Plan gidariak Iruña-Veleiako ondarea herritarrei helaraztea ere barne hartzen du. Bisitaldi gidatuak, tailerrak eta halakoak etenda daude eta bertara sartu nahi duenak Foru Aldundira jo behar du. Aztarnategia 4.000-5.000 pertsonek bisitatzen zuten urtean, eta azken urteetan, ostraken aurkikuntzaren berriak erakarrita seguruenik, 10.000 ingurura iritsi ziren. La Hoyako herrixka da Arabako aztarnategi bisitatuena eta, Felix Lopezen ustez, “Iruña-Veleia ere maila horretara irits zitekeen eta, ondo bidean, iritsiko da”.

Baina aztarnategiaren irudiak kolpe gogorra jaso du eta arduradunek lan handia egin beharko dute Iruña-Veleia eta iruzurra hitzak bereizteko.

Bisitaldia Tresponde eta aztarnategia lotzen dituen zubian amaitu dugu. Zubiaz bestaldean, zuhaizti mardul itxia dago, baina duela 2.000 urteko hiri bizia ikusten hasiak gara zuhaitzen atzean, lur azpian eta polemika guztien gainetik.
Asko egin arren, askoz gehiago dago egiteko
Iruña-Veleiaren lehen erreferentzia historiografikoa XVI. mendekoa da, Diego de Salvatierraren eskuizkribuan jasoa.
Azternategian lehenengoz XIX. mendean egin ziren lanak, dakigunez behintzat, Florencio Janer buru zuen Arabako Monumentuen Batzordearen eskutik.

1900. urte inguruan, Jaime de Verastegui presbiteroa harresiaz barruko eremuaren iparraldean ikerketa lanak egiten hasi zen. Lan horien ondorioz, egitura handi baten arrastoak azaleratu ziren. Castellum aquae moduan identifikatu zuten orduan; Goi Inperioko eraikin bat zen, gerora, erromatarren gainbehera garaian eraikitako harresiak hartu zuena.

Lanak ez ziren berriro abiatu joan den mendearen erdira arte. 1949tik 1954ra Gratiniano Nietok hainbat sektore industeari ekin zion. Zenbait eraikin aurkitu eta garbitu zituen esparru harresituan, eta harresiaren kanpoko zati bat ere garbitzen aritu zen.

Indusketa lanak berriro eten eta gero,1974-75ean Juan Carlos Elorzak kanpaina burutu zuen harresiaren sarbide nagusiaren inguruetan.

Azken urteetan Lurmen enpresa aritu da aztarnategian indusketak egiten, Eliseo Gil buru zela.

Baina lanak duela ehun urte baino gehiago hasi arren, hainbat hektareako azalera duen aztarnategi zabalaren zati oso txiki bat baino ez da industu. Soilik oppidumak 10 hektareako azalera du eta harresiz kanpo hiri erromatarrak askoz azalera handiagoa hartzen zuen. Beraz, Iruña-Veleiaren benetako dimentsioa eta garrantzia deskubritzeke dago.
Lorena Lopez de Lacalle, Arabako Euskara, Kultura, eta Kirol diputatua
"Aztarnategia belioetsi behar dugu, aukera handiak dituela jakitun"
1985ean Iruña-Veleia EAEko historia eta kultura ondarea izendatu zutenetik, aztarnategia babesteko eskumena Arabako Foru Aldundiarena da.

2007ko abuztuan Lorena Lopez de Lacallek hartu zuen Euskara, Kultura eta Kirol saila, eta 2008ko urtarrilean zabaldutako ohar batean adierazi zuenez, “neure gain hartu nuen berehalakoan Iruña-Veleiako aztarnategiaren egoera orokorraren analisia”. Honela laburbildu zuen, ordean, egoera: “Hedabideetan grafitoen ‘aurkikuntza harrigarriei’ buruzko informazio kontrajarriak agertzen ari ziren eta ohartu nintzen ez zegoela ikerketa proiekturik eta ez zegoela diziplina anitzeko talderik edo batzorderik”. Adierazpenak nonahi agertzen ziren, egiaztapen zientifikorik, ordea, ez. Hortaz, beti ere Lorena Lopez de Lacalleren esanetan, “eskua sartu beharra zegoen, ezinbestean”.

Horrenbestez, Iruña-Veleia Proiektuari buruzko aholkularitzarako zientzia batzordea jarri zuen abian. Eta handik aurrerakoak hedabideek jaso dituzte azken urte eta erdian.

Orain beste fase bat zabaldu da aztarnategian. ‘Iruña-Veleia auziaren’ fasea iragan martxoaren amaieran aldatu zen, duela hiru hilabete inguru, Aldundiak kereila aurkeztu eta bide penala abian jarri zuenean. Diputatuaren hitzetan, “horixe izan zen mugarria guretzat, horrek Justizia Administrazioaren esku ipini baitzuen kasua, erantzukizunak argitzeko nahiko zantzu badagoelakoan”.

Auzia albo batera utzi eta aztarnategiaren ardura dutenek ondare zati garrantzitsu horrekin hemendik aurrera zer egin behar den aztertzen hasi dira. “Gauzak horrela, aztarnategi berriaren garaiari ekin genion itxaropentsu, Euskal Herrian garrantzi handikoa dela jakin baitakigu. Gaur egun lanean ari gara bete-betean aurtengo bigarren seihilekoan hasi beharreko fase berri horren prestakizunetan: balioetsi egin behar dugu aztarnategia, eta horretarako pauso sendoak emango ditugu gure legealdiaren bigarren zatian, Iruña-Veleia berriak aukera handiak dituela jakitun”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Neandertal arkaiko baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen

Neandertal baten 18 arrasto aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorín kobazuloan dagoen beheko galerian, Lehenengo Osina deitua. Guztiak banako bakarrarenak direla uste dute, eta, haien ezaugarri morfologikoetan oinarrituta, neandertal arkaikoenak direla azaldu du Asier... [+]


Ebakuntza onkologiko zaharrena

Duela bi urte, Edgard Camarós arkeologo katalanak bi giza garezur eta "Minbizia?" zioen txartel bat topatu zituen kartoizko kaxa baten barruan, Cambridgeko Unibertsitatean. Garezurrak Gizatik zetozten, Egiptotik eta berriki Frontiers in Medicine aldizkarian... [+]


Mikroplastikoak ondare arkeologikoan

York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta Queen’s Hotela dagoen tokitik igarotzen zen harresian arku bat jarri zuten. Bi aztarnategiak... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Eguneraketa berriak daude