Udaberriko loraldian jarriak

Xabier Paya
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
I
Etxekoandre bik lehengo hileko
patioan, goiz batean,
loreak ureztatzen zituzten
berba egin bitartean:

II
PSE: Egunon, Pilar. PP: Kaixo, Paloma.
PSE: Ai ene, zenbat denbora,
azken aldian ez zara sarri
ateratzen patiora!

III
PP: Franciscorekin ibili izan naiz
modistotik modistora…
PSE: Estibaliz gaur ere ez da azaldu
egongelako leihora…

IV

PP: Ez al duzu ikusi mudantzen
kamioia behera eta gora?
Entzun dudanez joan behar du
bizitzera Laudiora.

V
PSE: Baina geranioen potoak
ahaztu ditu erlaitzean…
PP: Ziur orbelik ere ez duela
utziko etxez aldatzean.

VI
PSE: Egia esan, hosto idorrak
moztu beharko lituzke.
PP: Nireak balira, zurtoinetik
kimatu nahiko nituzke.

VII
PSE: Zure pentsamenduen artean
erramu asko daukazu…
PP: Hiru koloreko bioleta
“pentsamendu” deitzen duzu?

VIII
PSE: Batzuek asun, besteek osin,
erramu edo ereinotz,
gauza beraren bi berba dira
tulipa eta idi-bihotz.

IX
PP: Zure erlaitza beti izan da
oso gustu onekoa,
kolore ugarikoa, baina
pentsamendu gabekoa.

X
PSE: Landareak mintzagai izanik,
ezetz asmatu esaten
zure senarrak eta aloe
verak zer antza daukaten?

XI

PSE: Zenbat eta gehiago ikertu,
zenbat eta gertuago,
aurkitzen zaio orduan eta
propietate gehiago.

XII
PP: Tira, zuek ere ez zaudete
diruaren eskasian;
txanpon-lore gehiegi dauzkazu
ezkerreko lorontzian.

XIII
PSE: Zergatik ez dituzu zeuk ere
hazitxo batzuk landatzen?
Abilezia sumatzen dizut
barrabas-belarra sartzen.

XIV
PP: Zure arrosak ere aspaldi
zimeldu ziren erabat.
PSE: Gehienak bai, baina guztiak ez,
bada biziraundako bat.

XV
PSE: Arrosa haren haziak, nire
potoan landatu arren,
hazi orduko zure potora
alde egin zuen pozarren!

XVI
PP: Nik aldaketa onartu nuen,
ustez, loreen onerako,
baina arantza gehiegi ziren
poto bakar baterako!

XVII
PP: Hemengo hau arantzatsua da,
baina hazten dabil ongi…
PSE: Zehazki ez al da pestizidarik
gabe hazitako hori?

XVIII
PP: Beno, Paloma… PSE: Bai, Pilar, agur…
Ostendu ziren etxean,
elkarri lorerik bota gabe
lore-aipu bakoitzean.

XIX
Auzokideak ibiltzen dira
beti elkarri mokoka,
baina berehala batzen dira
hirugarren baten kontra.

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...