Ez dut izan nahi gaiztoegia,
sobera ironikoa
baina herri hau ikus dezaket
ur zikinetan itoa.
Tarte txiki hau hartu nahi nuke
Argiak emanikoa
esplikatzeko ze gaitz mota den
bileritis kronikoa.
II
Talde bateko parte bazara
–kultur-talderen bat kasu–,
nonbait ta noizbait nor izatea
helburutzat badaukazu,
uste baduzu ez dizutela
sekula egiten kasu:
zure bizitza monotonoan
bilera bat jar ezazu.
III
Liberatua da bileretan
falta ezin den figura
hark ekartzen du “dokumentua”
hark antolatu bilkura.
Speecha ere moldatu ohi du
Arnaldoren azentura
ta beti dauzka boligrafoa
eta agenda eskura!
IV
Liberatuak profesionaldu
ondoren bileragintza
beti behar du nork entzun eta
konpartitua speecha.
“Taldekidea” han egongo da
(hori da bere baldintza)
ezer esan ez baina bileran
beti hartuko du hitza.
V
Ketu denean udalarekin
noizbait hitzartu zen gela
akta bere gain hartzen du batek
(inork ez du nahi ahal dela).
Eta kalera irtengo dira
bileraero bezela
beste behin elkar konbentzituaz
zeozer egin dutela.
VI
Irten gelatik eta tabernan
tragoa eskatzerako
galdetzen dute nor gelditzen den
afari-mokadurako.
Jan-hitz-edan-hitz mingaina lodi
jarririk azkenerako
data ta ordua ipintzen dira
hurrengo bilerarako.
Doinua: “Andre txarraren bentajak”.