(In)dependentzia

  • Nafarroan 180.000 pertsona omen daude independente bizi ez direnak. Zakuan sartzen dira adingabeak oro, adineko anitz –gehienak?– eta menpekotasun-mota batek edo bestek jotako guztiak. Nafarren ia heren bat menpeko bizi da, beraz, besteek eman behar dieten laguntzaren beharrean. Nafarroaz ari naiz, baina pentsatzekoa da inguruko erkidegoei buruz ere antzeko kontuak atera daitezkeela.
Inma Errea
Inma ErreaMikel Saiz
Menpekotasunen arazoa ez da aztertzeko erraza, dependentziak berez askotarikoak baitira, eta menpeko bizitzea bera zer den zedarritzeko zaila delako. Gauza bat argi dago, hala ere: menpekotasunei buruz mintzatzen hasita, errealitate oso diferenteak aipa baditzakegu ere, hedabideek gehienetan beren kabuz baliatu ezin diren adinekoen eta gaixoen arazoak ekartzen dituzte hizpidera.

Adingabeen menpekotasuna alde batera utzita, hori, kasu gehienetan, zorionez, denborarekin pasatzen den dependentzia baita –gizartean gazteenak Peter Panen edo Latorrizko Danborrako Oskarren ereduetara lerratzeko joerak nagusitzen ez badira behinik behin...–, helduen eta, batez ere, zaharren menpekotasunaz ariko naiz hemen. Batetik, gure artean pil-pilean dabilelako eztabaida, errealitate horri eman behar zaizkion erantzunei buruz, eta, bestetik, afera hurbiletik ezagutzea tokatu berri zaidalako. Hurbiletik ezagutu beharrak gizarte-eztabaidan ukitzen ez diren alderdi ezkutuagoak ekarri dizkit begien bistara.

Zaharretxeak –edo, hizkera ustez zuzenagoan, adinekoen egoitzak nahiz gerontologia-zentroak– menpekotasunen arazoari aurre egiteko habe printzipaletako bat dira. Halako tokietan, erakunde publiko zein pribatuen mende, haien premiak beraien kabuz ase ezin dituztelako beren betiko etxeak utzi dituzten adineko pertsonak bizi dira, besteen eskuetan jarrita haien dirua eta konfiantza osoa. Zaharretxeetan, bizimodu nahiko kolektibizatua daramate hain justu zaharretxera iritsi arte etxeko pribatutasun hertsian bizi izan diren gizon eta emakume askok, eta hori da niregan harridura sortzen duen lehen gauza: haien etxeetan sarturik eta batzuetan pentsamolde indibidualistetan gotortuta bizi izan diren eta kasu askotan harreman sozial urriak izan dituzten pertsona horiek zaharretxeko bizimodu kolektibizatuan aise samar moldatzen direla ikustea.

Benetan diot: nik ez dakit hain erraz onartuko nukeen egoera hori. Are gehiago: ez dut uste haiek bezala onartuko nukeenik. Eta are gutxiago onartuko nuke halako tokiei maiz darien kutsu paternalista. Izan ere, bertako antolamendua ona eta zerbitzuak bikainak direnean ere, zaharretxeetako jarduna –aisia barne– goitik behera egoten da antolaturik, eta nahiz arduradunek jarduera guztiak han bizi diren pertsonen hobe beharrean bideratu, despotismo ilustratu moduko baten antza du toki horietako barne-eraketak: dena egiten da egoiliarrendako, baina haiei galdetu gabe. Bigarren harridura sortzen du niregan horrek: egoiliarrek oro har –herritarrek gizartean nola?– nahiko ongi onartzen dute sistema, eta ez dute eskatzen parte hartzea, hein batean haiena den dirua baliatuta arduradunek hartzen dituzten erabakietan.

Ez dakit zaharretxeak gure gizartearen isla ote diren, baina edonola ere zer pentsatu ugari ematen dute. Seguru bainago dependentziei eman beharreko erantzunak ez direla soilik ekonomikoak edo asistentziazkoak. Gizarte benetan demokratiko batek beste zenbait konturi ere heldu beharko lioke. Esaterako, menpekotasunek jotako pertsonen burujabetza bermatu beharko luke, eta batez ere, haien partaidetza, haiei beraiei dagozkien erabakietan.

Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude