Frutak eta barazkiak jatea ona da osasunerako. Baina ez gorputzarentzat mesedegarriak diren bitaminak dituztelako bakarrik, minbiziaren kontra ere eraginkorrak direlako baizik. Hori frogatu du Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) talde batek.
CSICeko Hotzaren Institutuko taldeko zuzendari Sonia Ramosen ustez, gakoa kertzetina izeneko substantzian dago. Fruta eta barazkietan nahiz tea bezalako landare-edarietan usu agertzen den flabonoidea da kertzetina. Ikerketaren arabera, antioxidatzaile hori gibeleko minbizia sendatzeko gai izango litzateke, beste tumore batzuen garapena moteldu eta prebenitzeaz gainera, eraginkortasun handiz.
Journal of Nutrition aldizkarian argitaratu den ikerketak frogatu du kertzetina gai dela heriotza zelular programatua (apoptosia) eragiteko, gibeleko minbizi zelula tumoralen lerro batean. Minbizi zelulek duten ezaugarri nagusietako bat “hilezkortasuna” da, zelula osasuntsuen kasuan gertatzen denaren alderantziz. Azken horiek, zelula normalak alegia, beren zikloa bete ondoren hil egiten baitira. Zelula tumoralak, aldiz, mugarik gabe bizitzen jarraitzen dute.
Orain, ordea, eta apoptosia eragiteko gaitasun hori berresten baldin bada, bide berria zabalduko da minbiziaren kontrako estrategia terapeutikoan. Kertzetinak eragina du gibeleko hepatoma-zelulen apoptosian funtsezkoak ziren proteinetan. Zelula kantzerigenoak hemezortzi orduz tratatu zituzten flabonoide horrekin, eta lortutako emaitzei erreparatuta, bi izango lirateke minbiziaren kontrako borrokan ekarriko lituzkeen aurrerapausoak: tumorearen ugalketa inhibituko luke batetik, eta minbizia sendatzeko erabili ahal izango litzateke bestetik, zelula kaltegarrien gainean jarduten baitu, horien heriotza eraginez.
Egunean bost fruta ale eta barazki anoa bat edo gehiago jateak kertzetina eta beste flabonoide batzuk ekarriko dizkigu, eta horrek minbizia garatzeko arriskua gutxitzen lagun dezake.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...