Fruta
CSICeko Hotzaren Institutuko taldeko zuzendari Sonia Ramosen ustez, gakoa kertzetina izeneko substantzian dago. Fruta eta barazkietan nahiz tea bezalako landare-edarietan usu agertzen den flabonoidea da kertzetina. Ikerketaren arabera, antioxidatzaile hori gibeleko minbizia sendatzeko gai izango litzateke, beste tumore batzuen garapena moteldu eta prebenitzeaz gainera, eraginkortasun handiz.
Journal of Nutrition aldizkarian argitaratu den ikerketak frogatu du kertzetina gai dela heriotza zelular programatua (apoptosia) eragiteko, gibeleko minbizi zelula tumoralen lerro batean. Minbizi zelulek duten ezaugarri nagusietako bat “hilezkortasuna” da, zelula osasuntsuen kasuan gertatzen denaren alderantziz. Azken horiek, zelula normalak alegia, beren zikloa bete ondoren hil egiten baitira. Zelula tumoralak, aldiz, mugarik gabe bizitzen jarraitzen dute.
Orain, ordea, eta apoptosia eragiteko gaitasun hori berresten baldin bada, bide berria zabalduko da minbiziaren kontrako estrategia terapeutikoan. Kertzetinak eragina du gibeleko hepatoma-zelulen apoptosian funtsezkoak ziren proteinetan. Zelula kantzerigenoak hemezortzi orduz tratatu zituzten flabonoide horrekin, eta lortutako emaitzei erreparatuta, bi izango lirateke minbiziaren kontrako borrokan ekarriko lituzkeen aurrerapausoak: tumorearen ugalketa inhibituko luke batetik, eta minbizia sendatzeko erabili ahal izango litzateke bestetik, zelula kaltegarrien gainean jarduten baitu, horien heriotza eraginez.
Egunean bost fruta ale eta barazki anoa bat edo gehiago jateak kertzetina eta beste flabonoide batzuk ekarriko dizkigu, eta horrek minbizia garatzeko arriskua gutxitzen lagun dezake.