Capote versus Springsteen

  • Fribolitateaz. Editore batek aipatzen zuen berriki kazetarien aurrean, garaiotan liburuak aurkezten ibiltzea fribolo irudi dakiokeela norbaiti. Friboloa, horixe zen, oker ez banago, erabili zuen adjektiboa. Bai, hala da: ez da beti erraza fedeari eustea, ezta fede hori pasioz besarkatzen dugun ofizio eder bati diogun fede naif bezain kolosala denean ere.
Harkaitz Cano
Harkaitz Cano idazleaDani Blanco
Fribolitatea aldarrikatzen duen horietarikoa naiz, ezagutzen ditut deskonpresio balbula hori umorez eta neurrian irekitzen artista direnak. Baina editorearen kasuan, fribolitateak ez zuen deskonpresio zirtolaritik deus, jokoa –benetakoa jokoa– partitzen den mahaitik aparteko denbora-pasa intraszendentearen kutsu badaezpadakoa baizik (gu “umeen mahaian” afaltzen ari bagina bezala, helduak beste nonbait kontu serioei buruz mintzatzen diren bitartean). Benetako jokoa partitzen den mahaia, ordea, zein da? Lehendik ere, askotan jarri izan da zalantzan idatzitakoak balio ote duen izpirik, eta zorionez, idazleak beraiek izan ohi dira sarri euren lanaren absurdoaz gogoeta egiten lehenak. Izan ere, epaileek eta fiskalek literatura (txarra) egiten dutenean, eta areago, pertsonak pertsonaien gisara erabili eta haien askatasuna inpunitate osoz eta sadismo nabariz bihurritzen eta xehatzen dutenean, ankerrenera jarrita ere idazle zorrotzenaren lumarik zorrotzenetik aterako ez liratekeen tortura testigantzak entzuten ditugunean… horren aurrean, zer egin lezake editore batek, zer idazle batek? Ozenki protesta egin, intrusismoari intrusismoarekin erantzun eta injustiziaz (politika ezaz, politikaririk ezaz, kartzelaratutako politikariez) idatzi, bidegabekeriak salatu, (berriro ere) aski dela esan, esku-zarta bat eman mahaiari (Dostoievskik zioen legez, amorruz botila lepotik hartuta aulkitik altxatu… zertarako eta, geure buruei tragoxka ateratzeko, azkenean). Bai, agian hori da erantzun beharrekoa, urte askotan erantzun izan duguna. Kontua da, mahaia kolpatzea beharrezkoa izan arren, horren oihartzunak autoafirmaziorako besterik ez duela balio gehienetan, dakigunok jada badakiguna behin eta berriro berresteko –elkartasuna dena da batzuetan, baina dena elkartasuna izatea frakaso bat litzateke–. Konbentzitu nahi genukeenaren iritziak pitza ezinak dira, blindatuta daude eta urruti: espiak behar ditugu, infiltratuak, pitzatzaileak. Eta ez dauzkagu. Orduan… beharrezkoa zen energia horiek guztiak xahutzea? Bai, beharrezkoa zen eta da, baina konbikzioak ez du indar galeraren ozpina gozatzen.

Zenbait susmo. Susmoa daukat ez direla gutxi izan gurean beren sen, nahi eta gustu intimoei jarraitu izan baliete politikatik aparte mantenduko ziratekeenak, eta azkenean, gorputzez edo arimaz, politikaren lokatzean eman dituztenak beren onenak (urteak, ahaleginak), dela intermitenteki beren ohiko lana etenez, dela elkartasun ekintzatan edo herriaren ahotsetarik zenbait herren gera ez zitezen hautagaitza emergentziazkoren bat sostengatuz, borondate eta zorte diferentearekin. Are gehiago esatera ere ausartuko naiz: euren benetako bokazioa sakrifikatu dutenak ere badira, sugeak bezala azala derrigorrean eta bortxaz mudatzera derrigortu dutenak euren burua, zeregin ustez noble eta jasoago baten ohore. Idazleak intelektualarekin tupust egiten duen lurraldea da horren kausa gehienetan, badu bere zentzua eta bere tradizioa (finean, zer da, bada, arriskutsuago politikan, idazle bat ala teknokrata bat?), ez da atzo goizekoa, literatura eta konpromisoaren arteko eztabaida. Fernando Savater bat, duela hogei urte irakurzaletasuna eta pentsamendua gai hartuta hain gauza jostari, eder, sakonak idatzi zituena, ez ote du politikak zapuztu? Pernando Barrena bera editore genuen hainbeste urte ez dela… Ez ote dio inbidiarik ematen Jamaica Kincaid edo Paul Austerrekin harremanak trabatu eta haien lanak ezin editatu izanak? Kartzelan eta erbestean egon diren eta dauden idazleen izenak ez daitezke pertsona bakarraren hatzekin zenbatu. Kemen eta gogo gehiagorekin edo gutxiagorekin beren bidetik desbideratu gabeko horiek guztiak gabe, gure herria ez litzateke gaur egun dena, baina zintzoki aitor dezagun: haiekin ere, gure herria ez da gauza handia, mapan koka gaitzaten behar dugu oraindik (eternala obsesioa). Gurari hori ez dagokie abertzaleei bakarrik, gogoratu bestela, Odon Elorza alkateak xalotasun xarmangarri batez esandakoa: “Donostia mapan jarriko du Bruce Springsteenek”. Kantuak aspaldi aurreratu zuen politikariaren kezka: egunkarietan agertzen gara, mapetan ez.

Ezra, tiro, Pound… Eta horren aurrean, zer lezake editore batek, zer idazle batek? Zertarako balio du literaturak? Ezra Pounden hitzak oroitzea komeni da, literatura inoiz berritasun izateari uzten ez dion albiste sorta dela esaten zuenean. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Injustiziaren aurrean, norbere lanean irrikaz eta seriotasunez murgiltzen dena ez da ez koldarra eta ezta friboloa ere, goiz edo berandu bere lanean iraziko baita pairatzen duen horren isla, eta nork daki, inork baino era gogoangarriagoan ez ote duen adierazi beharrekoa adieraziko. Halaxe aitortu zuen Julen Gabiriak Han goitik itsasoa ikusten da liburuaren aurkezpenean, Egunkaria itxi izanak idazteko amorru eta kemen erantsia eman ziola, liburuko azken orrialdeetan azaleratu zitzaiona.

XX. mendeko idazleen artean fribolo ospekorik bada (utz dezagun alde batera Norman Mailer zendu berria), Truman Capote da hori. Baina inork leporatzen dio hari gaur bere fribolitatea? Isil samarrean pasa da gurean Odol hotzean liburuaren idazketa azaltzen duen Infamous filma, Capote filmaren ondotik estreinatu izanak ez dio, ziur aski, mesederik egin. Film honetan ezinhobeto erakusten da sortzailearen kinka eta berekoikeria: Truman Capotek abokatuak ordaindu dizkie hiltzaileei, ez da inori heriotza desio izateko bezain ankerra, ez… Baina bestalde, badaki bi hiltzaileak heriotzara kondenatu ezean, liburuak ez duela amaierarik izango, ez berak nahi lukeen amaiera biribil eta estonagarririk, bederen. Capote bere lanean buru-belarri sartu izan ez balitz, izango ote genukeen kriminal baten buru barrura egindako bidaia zirraragarrienetakoa den Odol hotzean libururik? Literaturaren artifizioak sikatzen jartzen du bizitzaren esentzia, eta haren usain eta kiratsik benetakoenak lortzen ditu horrela: usain eta kirats horiek gogoratuko dituzte ondorengo belaunaldiek, ez albistegietako berriak, eta ezta (barka korporatibismoa) historia liburuetako kronikak ere.

Zergatik estimatu ditugu aspaldian, haien kalitate zinematografikoa gorabehera, igande gauetako euskal filmak? Garai gertu baten fosilak, garai bateko autoak eta janzkerak, aurpegi bizardunak eta karrikak, gutxi gorabeherako gure historia berriaren pusketak direlako. 80ko hamarkadako fikzio zati filmatuak heldu zaizkigu, gutxi-asko. 90etakorik, alerik ez: epokako filmak egin beharko ditugu hutsune horiek betetzeko; lana “denbora errealean” ez egin izanaren zaputza. Literaturan, ordea, errazagoa da iragana berreraikitzea. Berritasun izateari uzten ez dioten albisteen kontaketa da literatura, baiki. Eta guretzat garrantzitsuak izan diren gertaera eta uneak fikzioaren bidez orbitan jarri ezean, fikziozko orbita intimo-konpartitu hori sortu ezean, desagertzera kondenatuak gaude.

Fikzio zaleok ere badakigu lantzean behin errealista izaten: gurean ez dago Truman Capoterik. Baina inoiz sortzen bada halakorik, hark jarriko gaitu mapan, bere fribolitate izugarriari esker, eta bere talentu are izugarriagoari esker.

ASTEKARIA
2008ko urtarrilaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude