"Inurri gara, elefante garela uste badugu ere"

  • Euskadi Irratian entzuten dugu haren ahotsa. Libanotik jarduten du, Ekialde Hurbileko berriak ematen. Alabaina, ez omen da berriemaile, analista baizik. Hantxe bizitzea du abantaila. Bertatik bertara ezagutzen du inguruko errealitatea, bertan murgil eginda ari da, bertako bezala. “Albiste on gutxi sortzen da gure alderdian”, entzun izan diogu inoiz. Min horixe helarazten digu irrati bidez hitz egiten digunean. Aurrez aurre izan dugunean, berriz, analistarik puruenaren pare jardun du, mundua aztergai.
Mari Jose Lasa
Mari Jose LasaDani Blanco

Elkarrizketa galderak helarazi nizkizun…


Gustura erantzungo nizkizuke kazetaritzari buruzko galderak, baina ezin, ez bainaiz kazetari profesionala. Bai, kazetaritza ikasi nuen, baina ez dut kazetari lanik egiten.

Ekialde Hurbileko berriemaile zaitugu Euskadi Irratian.


Gaia bertatik bertara eta oso ondo ezagutzen dudalako. Interes handiz jarraitzen dudalako, euskalduna naizelako... Hamaika arrazoi litezke. Ez naiz pasadizoan dabilen kazetaria, erreportajea egin eta beste norabait abiatzen dena. Ni ez naiz benetako kazetari, nahiz eta berriemaile izan. Analisia da nire lana: bertakoa izan eta egoera jarraitzen duenaren ikuspuntua eskaintzen dut nik.

Zuri arretaz entzuten egoten gara, hitz egokienaren bila nola jarduten duzun borrokan.


Momentu bakoitzean behar dudan hitzaren bila ibiltzen naiz, bai, eta ez da erraza. Gainera, egunean hiruzpalau hizkuntza erabiltzen ditut, hizkuntza batetik bestera jauzika beti, eta beharbada horregatik, are eta zailago zait behar dudan hitz xuxen hori mingainera ekartzea. Ariketa bat da, beti erraza ez dena. Eta kontua ez da zuzentasuna, egokitasuna baizik. Esan nahi dudana zehatz esatea. Eztabaidako momentu bakoitzean behar dudan hitza egoki ekartzea. Horixe da, izan ere, irratiaren magia. Gramatika ezak ezinezko egiten du komunikazioa, dudarik ez horretan. Aldiz, zehaztasun ezak bihurritu egiten du mezua, faltsutu. Hori oso larria da.

Urte asko daramatzazu atzerrian…


Gizonak Nazio Batuen Erakundean (NBE) egiten du lan. Horregatik egin ditut azken 25 urteak Euskal Herritik kanpo. Lekuan lekuko, bertako bezala bizi gara, ez diplomatikoen gisan. Gure haurrak tokian tokiko eskoletara joaten dira, bertako umeekin nahasirik. Guk ez dugu espainiarrekin edo frantziarrekin bat egiten… Euskaldunak garelako, beharbada, edota jatorri ezberdineko ezkontideak garelako.

Libanon eta munduan, jende asko bizi da bertako jendearekin batere nahastu gabe.


Frantziarrak, adibidez. Beren kultur inperialismoa –edo, esan dezagun, kultur hedapena–, oso-oso handia delako. Frantses eskolak munduan barrena zabalduta daude eta beraientzat posible da beren umeak frantsesez eta inguru frantsesean haztea. Horixe da naturalena, izan ere. Euskaldunok ez dugu egiten, ezin dugulako. Baina gure kulturari diogun atxikimendua ikusita, ahal bagenu egingo genuke, dudarik gabe. Beste alde hori ere ikusi behar da! Gakoa, norberarenari eutsi eta bestearenarekin nahasteko gai izatea da. Japoniarrek egin ohi dutena, alegia.

Horixe aditu nizun irratian egin zenuen aurreko solasaldi batean. Eredu jarri zenizkigun japoniarrak.


Bai. Nahiz eta gerrakoan jipoi handia hartu, txinatarren parean jartzen dute beren burua, oilartuta. Hortik atera kontuak zein indar izango duten! Konparatu Txina eta Japonia… Eta ez dago konparatzerik! Horrek erakusten digu japoniarrek duten kultur indarraren neurria. Bestalde, nik ezagutu ditudanetan, kanpoko kultura batekiko ardura gehien dutenak dira. Harrigarria! Eta haien errespetua, eta galdetzeko gogoa! Ea noiz hasten den euskalduna japonieraz ikasten, haiek guri ematen ari direna bihurtzen! Globalizazio aroan, atzerrian lagun bat izatea, norbait gutaz interesatzea ez da erraza.

“Globalizazioa”.


Globalizazioa ez da, bakarrik, txarra; ona ere bada. Japoniarrak hona etorri, gurekiko interesa izan… Hara hor globalizazioaren alde on bat, behingoz! Globalizazioa da euskalduna Japoniara joan, japonieraz ikasi –haiek euskaraz ikasi duten moduan–, eta Euskal Herriaz japonieraz hitz egitea, han. Hori da globalizazioa. Horrelako herriei begiratuta ikasi behar dugu, juzkurik egin gabe, nazionalismoa den, ez den… Horretan sartu gabe, badakigu-eta hori ez dela nazionalismoa, kultur inperialistek erabiltzen dituzten amarrukeriak besterik ez dira kontu horiek.

Uste nuen amarrukeria horiek jendearen baitara heltzen zirela…


Baliteke. Baina orduan, kultur munduan ari denaren lana klixe horien kontra borrokatzea da. Edo, akaso, ez da borrokatzea ere, ez du merezi eta! Zertan dabilen pentsatu, bide bat hartu eta harixe jarraitu, hori egin behar da. Horrela egiten dute alde guztietan. Inertziaren kontra saiatu. Baita hedabideek darabilten inertziaren kontra ere.

Egoerak horrela eskatzen duelako jarduten dute hemengo hedabideek kanpoko miseriak kontatzen, ala horixe delako errazena?


Ekonomia kontua da. Horixe da naturalena. Errazena hartu, irudirik grafikoena erabili… Geuri dagokigunean baino ez diogu gaiari bigarren pentsamendua eskaintzen. Ikus-entzule edo irakurlearengana sentimenduaren bidez heltzen da hedabidea. Hori da errazena, baina hori gainditu beharra dago. Onartu era jakin horretan lortzen dela erreakzioa, baina ondoren, eskailera maila bat igo eta bigarren pentsamendua egin.

Bigarren pentsamendurik ezean, Mendebaldearen ikuspegia da nagusi, bestelakorik gabe.


Ikuspegiak egon badaude, baina ikuspegi menderatzaileak gainerakoak integratu eta beretu egiten ditu. Hori puskatu behar da. Elefanteak eta saguak daude. Nork bere tamainaren arabera egin behar du estrategiarik eraginkorrena. Hori da inportanteena. Alda litezkeen gauzak ez dira asko, baina txikiak ere baditu aukerak, eta are gehiago egoera aldakorra denean. Eta, izan, oraingo egoera oso-oso aldakorra da. Azelerazioa da ezaugarririk bistakoena. Denbora azeleratu egin da, eta hori gertatzen denean iraultza egoera da nagusi. Iraultza, ez hitzaren esanahi politikoan, baizik eta egoera ikaragarri aldatuko delako denbora laburrean. Hori ez dute beti handiek baliatzen. Batzuetan, txikiek hobeto asmatzen dute hartaz baliatzen. Horretan datza iraultza, askotan. Nire ustez, badaude bideak, baina ez da behar besteko ahaleginik egiten. Uste dut jendeak ez duela bizi gareneko garaiaren kontzientziarik. Edo kontzientzia eskasa duela.

Zer esan nahi duzu?


Globalizazioa uste baino askoz lehenagotik datorrela. Eman dezagun, gure herria. Zein da Euskal Herriaren apustua? Batak independentzia esango du, besteak elkarbizitza, hurrenak… bakea, presoak askatzea, indarkeria… Nork bere erronka esango du. Nire ustez, bata zein beste esan, gehienek herri bezala jarraitzea esan nahi dute, hizkuntza babestu, desager ez dadin, horretaz ari gara eta. Funtsezkoena nahi dugu, kultura ez desagertzea, ez dadin hil. Horixe da datorren hogeita bost urte hauetako apustua. Zer behar da horretarako? Ongizate gizartea defendatu gabe inork ez du lortuko gobernatzea. Inork ez. Ongizate gizarteari eusteko, berriz, jendea behar dugu, lan egin dezan, ez dago eta lan egiteko nahikoa jenderik.

Kanpotik datozkigu lanera.


Ez dugu izango arrazista izateko luxurik, fabrikak martxan izateko kanpotar gehiago beharko dira eta: %15-20 kanpotar. Beraz, ez dira euskara hiztunak izango. Horrek esan nahi du gurean, gaztelania ez ezik, hiru-lau erdara mota izango ditugula. Bi edo hiru kanpotar mota izango dira hemen, immigrazioa taldeka gertatzen da eta. Euskal Herrian eroso bizi ahal direnak etorriko dira: Pakistangoak izango dira batzuk, marokoarrak beste batzuk, eta Erdialdeko Amerikakoak hirugarrenak, Ekuadorrekoak eta Kolonbiakoak. Gainera, talde txikiago batzuk izango dira, sektore jakin batzuetan lan egingo dutenak; argentinarrak, kasu. Horiek euskaraz ikasten ez badute, ez baditugu maitasun berezi batekin hartzen, ez dute euskaraz ikasiko. Espainolen gaztelania ikasiko dute, askoz errazago zaie eta… Etorkizuneko terminoetan ari naiz. Kanpotar batentzat nahiko zaila da eguneroko bizitza, eta maitasun berezia beharko du halako hizkuntza bat –euskara, alegia–, ikasteko, jakinik euskara gabe ere bizi litekeela. Are gutxiago ikasiko du, hizkuntza horrek berarenganako sinpatiarik ez baldin badu. Hori da daukagun apustua. Erronka. Alferrik izango dugu independentzia, alferrik polizia edota armada… Balioko ote lukete gure helburua lortzeko?

“Maitasun berezia”.


Esate baterako, harrigarria da frantziarrek zein atxikimendu duten beren hizkuntzarekiko, eta zein kezka ingelesaren aurrean, frantsesa atzera ari delako… Non uzten gaitu horrek gu, euskaldunok? Hori da bizi dugun mundua. Kontziente al gara? Horregatik diot ez dakigula zein momentutan bizi garen. Trenak harrapatuko gaitu –tren horrek ere harrapatuko gaitu–, eta, orduan, adios! Eta ongizate gizartean, benetan etsenplu emateko moduan gaude. Baina emango al dugu? Izango al dugu eskuzabaltasun hori? Geuretzat eskatzen dugun kultur errespetuaren mailan egongo al gara? Besteri ezer eskatzeko, sinpatia sortu behar dugu. Hizkuntza ez da bortxaz ikasten. Hizkuntza barneko interesez ikasten da. Bestela ikasiz gero ez dator onik.

Diozu, geuretzat eskatzen dugun kultur errespetua izatea besteri.


Arazoa ez da erraza. Errespetua da funtsezko hitza. Ezagutu egin beharko genuke kanpotarrek dakartena. Beraiek egunero dakarte. Erakundeetako erantzunak behar dira, bai, baina erakundeek ez dute gizabanakoa ordezkatzen. Agintariak nahi duen legea ezarri lezake, baina auzoak ez badio atzerritik etorritakoari egunonik ere opa, ez dugu aurrera egingo.

Frantzian izaniko auto erreketak ditut gogoan.


Ingalaterra eta Frantzia, hara hor bi eredu, biek porrot egin dutenak. Batean, atzerritarrek etxean egiten zuten bizia egin dute bertan, inertziaz, eta ez da integraziorik gertatu. Kultur uharteak sortu dituzte, baina ez da arazorik izan, zeren hirietan uharteetan funtzionatzen du jendeak. Tira, hamazazpi milioi bizi direneko hiri bat ez da uhartea, artxipelagoa baizik. Beste eredua, Frantziakoa, errepublikarena: denok berdinak gara legearen aurrean; ez dago aljeriarrik, ez euskaldunik, ez besterik: frantsesa eta kito! Hortik aldenduz gero, zalantzan jartzen dira giza eskubideak. Hor kinka ideologikoa dago. Eta, esaterako, hortik hautsi da ezkerra. Ezkerrak ez daki zer esan horren aurrean. Eskuinak ez du ezer esan beharrik.


Mendian nintzen batean, Irakeko inbasioa hasiberria zen artean. Ezker muturreko ordezkaria parean eta nire kezka, ezkerrak erreakzionatu ez zuelako. Bere erantzuna: “Ezkerra, zein ezker?”. Ba al da eskuin-ezkerrik?


Eskuina badago, bai. Ekosistema eskuinean dagoelako ez da nabarmentzen. Gaur egunean mundua hartzen ari den tankera oso egokia da eskuinarentzat. Horregatik ez dago krisi ideologiko sakonik eskuinean, ezkerrean baizik. Horregatik da ezkerra. Gaur egun krisian ez dagoela dioen ezkerra, ez da ezkerra. Zure lagunak zioena, “ezkerra, zein ezker?”, bada, ezkerrik ez dago. Ezkerra bere buruaren bila dabil oraintxe. Eta ulertzen dut egoera, zailegia, konplexuegia egin delako mundua. Ez da erraza Chavez baten aurrean juzku egitea, baina are zailagoa da amediazin baten aurrean iritzia ematea. Ezkerrak bi aldiz pentsatuko dizu Chavezi buruz iritzia eman baino lehen. Amediazinekin ez dute dudarik. Eta, azken finean, oso antzekoak dira biak. Baina ba al dakite oso antzekoak direla? Oso konplexua da. Bestalde, ezkerraren lana da konplexutasuna bereganatu eta aztertzea.

Eta lan egitea.

 


Baina ez dira ari. Ondorioz, desagertu egingo da eta beste zerbait sortuko da. Eta ez da ezer gertatuko. Besterik gabe. Norberaren biziraupena ez da ezkerraren helburua, ezta? Denbora hain azkar doanean, aste batean etsenplua eta haren kontra-etsenplua ikusten dituzu. Eta biak ulertzen dituzu… Zein da, orduan, bidea? Zaila da erabakitzen… Supersonikoaren abiadura darama gure garaiak. Arazo bat bistaratzen zaiguneko, konponbidean jartzen gareneko, beste bat dugu konpondu beharrekoa. Denbora oso azeleratua da. Zail da epai zintzorik ematea. Epai interesatua ematea, berriz, oso erraza, alde guztietan daude-eta argudioak. Argudio horiek ondoen erabiltzen dituenak irabazten du. Horrek egiten du hedabideetan bidea, horrek marketin eraginkorra. Garaia oso zaila da, baina aldi berean, inoiz eman ez dituen aukerak ematen ditu. Aukera horiek baliatzeko, nork bere neurriaren jabe izan behar du, zein eratako ekimenak gauza litzakeen jakiteko.

Zertan da Aljazira telebistaren arrakasta?


Behar zuelako izan du arrakasta. Kazetarien artean zentsura ikaragarria dago. Gobernuak kontrolatzen dituen hedabideetan, behintzat, zentsura gogorra da. Dena den, jendeak ez ditu gobernuaren hedabideak jarraitzen: guztiek dute satelite bidezko telebista. Arabiar etxe guztietan dago satelitea. Bestalde, ekimen handiko jendea da arabiarra, eta Ekialde Hurbilekoa, are gehiago. Egoera guztiak baliatzeko abildadea dute. Batak katea pirateatzen du, agentzia muntatzen du eta auzo osoari saltzen dio seinalea. Kable bat pasatzen dute leihotik leihora eta denek ikusten dute delako satelitezko katea. Libanon horrela da. Beti erdi extranjis, erdi pirateoan… Beraz, satelitea denek daukate. Aljazirak bi kirol kate ditu: Espainiako futbol liga lehen-lehengoa da, adibidez. Eta globalizazioa dela eta, Aljazirako esatariak bakanetakoak dira Osasuna talde euskalduntzat jotzen, eta Osasuna-Erreala euskaldunen arteko derbi izendatzen dutenak. Gainera, iruzkin politikoak egiten dituzte partida ari den bitartean. Hori ere globalizazioa da.

Ez nekien horrelakorik.


Hemen horretaz ez dakizue ezer. Haiek hainbat dakite guri buruz. Guk, aldiz, ezer ez haien gainean. Larrutik ordain genezake globalizazioaren alderdi hori: guk ez dugu ezer ikasten; haiek bai. Txiki gara, baina ez dakigu txiki garela, ez dugu txiki bezala jokatzen. Eta txiki bezala jokatzen ikasi behar dugu. Inurriak elefantearen estrategia ekologikoa balu, ez legoke inurririk. Jakin behar duzu inurria zaren ala elefantea zaren. Ez dago beste erremediorik.

Eta gu inurri gara.


Bai, gu inurri gara, askotan elefante garela uste badugu ere. Zergatik eta, txiki izanik, aberats garelako, Europako Batasunaren estalpean bizitzeko zoria izan dugulako. Gure belaunaldikook ez dakigu zer den zori hori: handi bagina bezala aritzen gara, eta hori oso-oso arriskutsua da. Txikia ezin da aritu handi balitz bezala, ezin da. Txiki gara eta txikien estrategiak baliatu eta asmatu behar ditugu globalizazio garai honetan.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude