Tuperra eta freskagarria
toalla ta... hondartzara
edo berdin du igerileku,
zingira zein errekara.
Udaberririk ez ekainean
uztailean udara...
San Joan sutan erre gabeak
orain kiskaliko gara.
Eta udaran herriko jaiak
udaran eguzki-lore
San Ferminetik Mari Jaiara
txosnako katxi-kolore.
Ta bost handiak igo beharrean,
txikien lepoan gorde
gainera aurten Iruñea baino
agian Lesaka hobe.
III
Paktuetatik berriro ere
bada zerbait ikasteko,
espainola izan behar ote du
alderdikerik uzteko.
Zumaiar eta azpeitiarra
bizio txarra mozteko...
koadro polita utzi digute
Guggenheimen ikusteko.
IV
Zenbait albiste aditu eta
ezin da asko lasaitu
Osakidetzak bi egunez behin
greba deialdia baitu,
denak mediku ta etxerako
errezeta denak aitu
bere burua gaixotuta gu
nola sendatuko gaitu.
V
Lehengo batean umea gaixo
ta pediatra zuena
greba zela-ta bi ordu han zain,
abisatu gabe dena...
etxerakoan mediku batek
irratian zioena...
“gaixoak ondo atenditzeak
ardura gaitu gehiena”.
VI
Kontzientziak azkenerako
ibili kontuz, ez fio
noiz daki batek garen pertsona,
paziente edo prezio
dela osasuna, dela bizitza
besterenetik presio
gaitzerdi beti besteren ona
baizik ez dela desio.
Doinua: Ijituarenak edo “Ari naizela...”