Ipuin zaharrei jarriak

  • Txanogorritxo

    Amonaren etxeraino
    nindoalarik kotxean,
    Elgoibarko irteeran
    tipo bat bide ertzean.
    Gustura hartuko nuke
    aurrean edo atzean…
    Behatz lodia haizean,
    ilea nahas-mahasean…
    “Baina amona jango du!”,
    esan zidaten etxean.
    Beraz, otsoa utzita
    bere bidegurutzean,
    amonarena heldu naiz
    gaur ere malaletxean.
Uxue Alberdi
Andoni Otamendi

Hiru txerritxoak

Harrizko baserri bat nahi
nuen mendian, larrean;
baina bankura joan eta
mila zero ezkerrean!
Harria garesti dago,
saia nadin egurrean…
Gazte soldata xu(hu)rrean
negarra daukat hurrean!
Lastozko bat egingo dut,
zerbait, bere kaxkarrean!
Otsoa badator baina
hortz gosetien aurrean
airezko etxe bat daukat
ta hura alkilerrean!

Peter Pan

Txikitan Peter Pan-en zain
egiten nuen gaubela
albora erretiratuz
gantxillozko errezela.
Banekien krokodilo
maltzur-maltzur bat bazela,
erloju bat jan zuela,
minutuz betez sabela…
Orain handitu naiz baina
beldurra dut, lehen bezela.
Badakit zer den estresa
eta alderantziz dela:
denborak krokodiloak
irentsi ohi dituela..

Hansel eta Gretel

Joan nahi nuke Malira,
joan nahi nuke Nepala,
ikusi nahi dut Singapur,
ukitu nahi dut Kerbala,
usaindu nahi dut Caracas
dastatu nahi dut Bengala
Mongolia, Guatemala,
Montevideo, Kampala…
Ez itzultzeko beldurrez
ez naiz joaten eta, hala,
gozokizkoa den arren
ohartu naiz, ze tamala…
etxea ogi apurrez
betetzen ari zaidala.

Mari Errauskin

Bere ilargi ta guzti
iritsi da larunbata.
Hamabiak dira baina
ez dut galduko zapata!
Printze usteko pila bat
dabil tabernan jiraka…
Atzetik diote “guapa!”,
buelta eman eta, kaka…
Nik bat dut gustuko baina
ipuinak egin dit tranpa!
Neuk joan behar izan dut
kalabazari tiraka;
zapata ez, bihotz puskak
eskaileretan lagata.

Pinotxo

Konturatu naiz sudurra
luzatzen ari zaidala.
Esan nuen betirako
maitatuko zintudala;
esan nuen: “Utziko dut
ta izango naiz formala…
Maitale hau? Berehala!
tabakoa utzi ahala”…
Baina gorri dut bihotza
eta hori atzazala.
Gezurti hutsa naiz baina
eskerrak nik zuk bezala
sudurra ebakitzeko
zerra bat badaukadala.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude