Emakumeak plazara salto egin zuenekoa

  • Ondoko argazkia 1936koa da. Ederra, Indalezio Ojangurenek egindako gehienak bezala. Errekartetxo da eskuineko gizasemea baina atentzioa, segituan, itxura trankila, eta etsi-antzekoa, duen emakumeak hartzen du. Gonarekin-eta, dotore-dotore, erretratatzeko harria gainean jarri izan baliote bezala. “Esta señorita, muy agraciada físicamente, realizó numerosas exhibiciones públicas de su fuerza y destreza por toda la geografía guipuzcoana bajo la dirección de Errekartetxo”. Damasa Agirregabiria zuela grazia eta Itziarkoa (Gipuzkoa) zela ere zehazten dute herri kiroletako entziklopediek, gutxi gehiago. Liburuetatik ezin jakin ez Damasari buruz, ezta plazan aitzindari izan diren beste emakumeei buruz ere. Horregatik galdetu diegu beraiei.
Emakumeak herri kiroletan

Damasaren alabek kontatu digute beraien amak ez zuela “gustura hitz egiten azaña horietaz” baina seguru samar daudela beraien ama ez zela plazaz plaza ibili. Seguru, erabat, Joxe Martin Agirregabiriak eman dizkigu azalpenak. Itziarren bizi da bera eta Emakumeen Egunean beteko ditu 86 urte. “Ezagutuko ez nian ba Damasa!? Hura niretzako zuan lehengusu propioa, prima carnala!; Damasarekin ezkondu zen gizonari nik pasa nion abixua neskak bera hurbiltzea nahi zuela esanaz... Hortik atera kontuak. Seguru dakit plazaz plaza ibili ez zena; orain, Lasturko festetan harria jaso zuena egia da”. Atzo izan balitz bezala kontatu digu: “Hogeita pare bat urte izango zizkian. Gaur beste ixtoria ez zuan izaten herriko fiestetan eta esango zioten: ‘Hi, harria jaso behar dun’. Eta, joño, neska indartsua eta heldu egingo zioan harriari. Normala. Niri ez zaidak batere gustatzen karga-jasotzea. Pena ematen zidak gazteak harri handi horiekin ikusteak. Erori eta jota zukututa igual geldituko lirateke”.

Damasak Urkiolak baino 70 urte lehenago

Agurtu eta mahaitik jaiki garenean, batere garrantzirik eman gabe, esan digu liburua seinalatuz: “hemen setenta y cinco kilos jartzen dik baina Damasak zortzi arroakoa (100 kilo) jasotzeko abildadea izan zian”.
 
Jendaurrean beste emakume bat zortzi arroako zilindroa bedintzen ikusteko denbora asko pasa zen. 2005eko abenduaren 26an lortu zuen Miren Urkiolak. Alabaina, inork gutxik dakien arren, tarte horretan izan ziren beste bi emakume behintzat harritzarra jasotzea lortu zutenak.
 
Euskal Herrian emakumeak ez du lekurik izan joko eta kirol lehiatan. Ez protagonista ezta ikusle ere, oraintsu arte. “Orain 40 urte ez zen herri kirolik; zen apustua. Orain 30 urte bidegurutzean geunden; batetik, apustua; bestetik kirola: erakustaldi, txapelketa, marka ahaleginak...” azaldu digu Iñaki Perurenak. Apustuari kirola lekua jaten hasi zitzaion garaian bistaratu ziren aurreneko emakumeak.
 
Baserriko beharrean emakumeak ez ziren begira egoten: “Surtarako egurra, gehiena, beraiek hausten zuten eta soroko lanetan gizonak adina egiten zuten. Zenbaitek gizasemeen adinako karga gaitasuna zuten”, ziurtatu digu Perurenak. Gaitasuna izanagatik, ordea, beste upeleko sagardoa da gaitasuna neurtzeko plazarako pausoa luzatzea, “orduan apustua gizonen ghettoa baitzen”.
 
Salbuespena raketistak dira. Raketista euskaldun mordoska ibili zen Espainiako hirietako frontoietan joan den mendeko aurreneko erdian. Soldata polita, begirunea, eta oihartzun soziala irabazten zuten. Hori ordea mundu urbanoak bere egindako kirolean jazo zen.

Gauez, xelebrekeriatan

Emakumeen arteko lehiak, izatekotan, eguneroko lanek sortutako norgehiagokak izaten ziren. Lanean aritu hala ‘jokatutakoak’, esparru pribatuan. Bestela, apustu arrunta baino, gauez egindakoa edo ikuskizun bufoa izan behar zuen emakumeak parte hartzekotan. Xabier Etxabek Lurtarra da begiratua nobelan kontatzen du benetan jazotako adibide ederra. 1924an Beote baserri atarian 1.000 lagun bildu ziren Bitxori lodiaren, 1’45 metro gora eta 102 kiloko pisua, eta Artzaya gizaseme lerdenaren, 1’90 eta 80 kilo, artekoa ikusteko. Dantzan nork hobeto egin zen apustua eta epaile egiten zuen sagardozaleak emakumea jo zuen garaile. Zeingehiagoka xelebre horiek gaueko ordu txikietan ere jokatzen ziren. Anttoni Ibarrek (Ibañarrieta, Gipuzkoa, 1950) erronkan ari zen Artxiola lasterkariari jokatutakoa ez dauka ahazteko: “Nik hamazazpi-bat urte izango nituen, festak ziren eta goizeko hirurak-laurak aldean egin genuen. Altxa galtzak behetik gora... eta trote! Zer da eta, ni goraino ailegatu eta bera erdi parean alto!”.
 
Eibarko (Gipuzkoa) Mariasun Elejaldek ere goizaldean egin zuen proban: “54 urte dauzkat nik eta hori orain 26ren bat urte izan zen. Usartzako tabernan joan ginen eta balleko bi zeuden gizon-proba kontuan pikatuta elkarri hik hau eta hik bestea eta horrela, teman. Eta ni isilik. Halako batean, neure edadeko beste gizon batek esan zien: nik zuei emakume honetxekin jokatuko nizueke! Ni orduan ere isilik, baina gauza berotu egin zen. Goizeko hirurak-edo izango ziren eta muturra pixka bat berotuta izango genuen igual. Etxera joan, abarkak hartu eta Arratera. Momentuan jokatu eta erraz irabazi genuen”.
Emakumeak gizonari irabazi zionekoa

Noizbait heldu zen egun argiz emakume bat eta gizon baten arteko apustu ‘arrunta’. Maria Ascension Azeo oiartzuarrak (Gipuzkoa) jokatu zuen segan, baserri giroan emakumea frakak jantzita ikustea eskandalua zen garaian.
“Hura grabatua geratu zait”, hasi da kontu kontari Elixabete Iriarte, Azeoren alaba. “Segan ari zela jende artetik emakume batek oihu egin zion ‘Benga atsua!’. Gure amak orduan, jaiki, buelta hartu eta esan zion: ‘aizan, lau umeren ama naun, errespeto pixka bat!”.
 
Maitxo Azeo duela bost urte hil zen baina Euskaldunon Egunkarian 1992an egindako elkarrizketa bati esker jakin dugu nola oroitzen zuen desafioa: “Toki Alai tabernan apustua zerratu behar zuten Antonio Larrazak eta Olatzenekok. Baina Olatzenekoa egin zen atzeratu; orduan, senarra zenak esan zuen: ‘Ouu, nire andreak horrek hainbeste egingo likek!”.
 
“Sekulako enbajadan sartu zuen ama!” ekarri du gogora barrez-barrez alabak. “Etxera joan eta esan zion aitak: ‘apustua egingo duzu San Pedro egunean’. Eta amak: ‘Nik? Baina nola egin duzu nire izenean?’... Gure aita bertsolaria zen baina jokozalea ez; nonbait berotu egin zen. Ordurako Gurutzera aldatuak ginen eta ez ginen baserritik bizi. Amak etxeko lanak egiten zituen eta segan tarteka baino ez, auzoei laguntzeko. 37 urte eta bost seme-alaba zituen”.
 
Kontratuan zehazten denez, Antonio Larrazak, ordubeteko epean, Maitxok ebakitakoaren bikoitza baino gehiago egin behar zuen irabazteko. Bakoitzak 50.000 pezeta jokatu zituen. Hilabete eskas zuten entrenatzeko baina txapeldunaren laguntza izan zuen Azeok, Beñardo Irastorza (Irun, Gipuzkoa 1928) segalariarena. “Maitxo auzokoa nuen” oroitu du Irastorzak. “Bere gizon defuntuak hitz egin zidan lehenbizi. Teodoro Usategieta eta biok jardun ginen emakumeari erakusten”.

12.000 ikusle Hernanin

Iritsi zen eguna, 1967ko ekainaren 29a, eta bete-betekoa fortunatu zen; Federación Atlética Guipuzcoana-k jasotako aktak dio: “El tiempo fue excepcional. La afluencia extraordinaria”. Basarri berak jendearen emanarekin seko harrituta geratu zela aitortu zuen bere kronikan: “El éxito fue apoteósico. ¿Cuántos espectadores había? ¿Diez mil? ¿Doce mil?”. Arrazoia, jakinekoa, Irastorzak esplikatuta: “Exibiziotan-eta zer edo zer igual bai, baina jokoa jokatzen sekulan ez zen emakumerik ikusi. Denbora haietan pentsatzen zuten emakumea joango zela gonarekin-eta segan jokatzera; hura, berriz, galtza luxe batzuekin atera zen elegante asko, aho bete hortz gelditu ziren”.
 
Katedra hasieratik agertu zen emakumearen alde; 100 20ri kantatu zuten artekariek. Irastorzak argi zuen: “Irabaziko zuela aisa igartzen genion guk. Lehendik nirekin aritzen zen segan Larraza eta gero emakumea entrenatzen hasi ginenean ikusten genuen erdia baino askoz ere gehiago egingo zuela. Ondo egiten zuen segan gero! Emakume balientea zen eta aguante handikoa; ez zen korrika ariko baina, patxada-patxadan, rapa-rapa, golpe segurua... Gozo. Zerbaitegatik egin zuen gizonak apustua; hark bazekien!”.
 
Larrazak ebakitakoaren pisua zuen gogoan eta, nahita, narraxeago aritu zen. Azeo ere akordatu zen horretaz: “Nere kontrarioa? Ematen zuen patata jorran ari zela eta ez segan. Nahi zuen pisua egin, lurrak eta denak atera. Jakina, nire doblea egiteko latz jo behar zuen”. Maitxok 1.869 kilo bildu zituen; Larrazak 2.325.

Belar biltzaile Hondarribiko arraunlariak

Ebakitakoa biltzen Hondarribiko (Gipuzkoa) arraunlari koadrilak lagundu zion Azeori, horregatik jantzi zuten denek elastiko berdea. Bigarren apusturako kolorea aldatu zuten, “badaezpada ere”, Orion (Gipuzkoa) jokatu zen eta. Lizargarate baserri ondoko zelai bazterrak lur-estali ziren urriaren zortzian. Migel Irazusta Polipaso ez zegoen onenean, gainera 1000 kiloko aldea eman zion Azeori.
 
Gaixorik, sukarra zuela, jokatu zuen Azeok eta hala ere aise irabazi. Oroitzapen tristea geratu zitzaion ordea. Izan ere, Orion ez zuten fundamenturik egin sarrera kobratzeko. Beñardok oroitzen du nola “zaintzaileak berandu iritsi eta jendea sartu zen, erdia baino gehiago, batere ordaindu gabe. Gero kexa zen emakumea, apenas ordaindu zioten eta deus askorik”. Azeoren hitzetan: “Jaungoikoa! Zortzi mila duro eman zizkidaten lehenengo apustuan eta galdu zuenari hamahiru. Polipasorekin, berriz, sosik ez. Josteko makina erosteko lain atera nuen”.

Lourdes Elorza itzaina

Idiei emandako tratua jasateko gai izan ez eta probalekutik behin baino gehiagotan ateratakoa da Lourdes Elortza (Mutriku, Gipuzkoa, 1952). Plazan itzain ibilitako emakume bakarretakoa; Plazan eztenik gabeko akuilua erabiltzen zuen itzain bakarra.
 
“Nik akuilua eramaten nuen eztenik gabe; eta muturrean ere sekula ez dut jo idia. Eta hori denek kritikatu izan didate. Beste inor ez dut ikusi tipo horretara jokatzen. Beste batek eztenaz gidatu balu idi hark ez zuen egingo nirekin egin zuen beste. Idi hark berez segitzen zidan.
 
Azalduko dizut nola hasi nintzen. Nire senar zenak basoan egiten zuen lan. Behin oso baso malkarra hartu zuen eta enborrak ateratzeko derrigor idia behar! Erosi zuen idia, Txato izenekoa, lan horretarako baina, badakizu zer izaten den, anaia probalaria eta baba pixka bat eman idiari eta ‘joño hi, proba bat egingo diagu igual’... Nire botoz ez ziren egingo horiek. Hala ere, bakarrik ezin zuenez, entrenatzen laguntzen nion gizonari.Gizonak proba jokatu eta galdu egin zuen oso tarte txikiagatik. Artean espektadora bakarrik nintzen. Gainera kritikan jardun nuen. Inguruetako probalari ezagunenak han ziren eta esan nien:
 
–Ez dago eskubiderik gizon batzuen gustuagatik idiari tratu txarra ematea.
–Zure gizona han ibili da ba idiaren aurrean...
–Nire gizona gustuz ibili da eta idia derrigortuta.
 
Bigarren proba irabazi egin zuen senarrak eta tratua itxi zuen idia saltzeko. Nik ez nuen nahi, errezeloa nuelako erosle haien eskuetan ez zela idia behar bezala ibiliko. Treta ibili zen idi harekin eta... pena hartzen dut! Jabe berrien aurreneko proba ikusteko adorerik ez nuen izan; bigarren proba jokatzean, egundoko beroa egin zuen batean, idi horrenak egin zuen. Nik ez dakit zer edo zer eman zioten-edo... Hurrena ekarri genuen idia, Apala, oso idi kuriosoa zen, oso amablea. Hasieran etxean erabiltzen genuen lanerako. Orduan esan zidan nire gizonak: zuk egin behar duzu proba”.

Plazara atera zen eguna

Ekainean egingo ditu hogei urte Elortza aurrenekoz plazara atera zela. “Astebete lehenagotik hasita nintzen tila hartzen. Aizarnazabalen izan zen, gauez, ilun-bistan. Ni idiaren aurretik eta anaia atzetik, harriari helduta. Beti jokatu izan dut anaiarekin, oso elkarmaiteak gara eta.
 
Jende pila bildu zen eta denek animatu ninduten. Igual bateon batzuk aurpegi lodia nintzela pentsatuko zuten baina neuri beti errespetuz hitz egin izan didate. Behor baten kontra jokatu genuen, eta gauzak zer diren, gaur nire gizona denak eraman zuen behor hori. Irabazi egin zidan. Eta egundoko pena hartu nuen.
 
Hala ere ona da lehendabizikoan galtzea, bestela, igual, zarena baino gehiago zarela pentsatu dezakezu; ni ez bainintzen ezer ere, etxekoandre arrunta etxeko lanez gain ganadujatekotan-eta ibiltzen zena; ez nintzen kirolaria, ez nintzen propio prestatzen.
Bigarren aldian irabazi egin nuen. Pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan. Egoten nintzen gaizki plazan sartu arte; baina sartzean idiak eta nardaia lotu eta pronto nintzen”.
 
Guztira hamabost proba jokatu ditu Elortzak; Gipuzkoan; Zestoan, Aian, Mutrikun, Astigarragan; eta Bizkaian, Markinan. Desafioak gehienak eta festetarako erakustaldiak batzuk. “Azkena, behorrarekin, 94an-edo”.

Ermuko MariaRosa

Mutrikuko Kalbaixora, bere jaiotetxetik hurbil joan gara Elortzari argazkiak egitera. Aspaldiko partez eraman du idia eta gustura geratu da, auzoko jaietan agian errepikatuko duela esan digu nahiz eta garbi izan salbuespena litzatekeela: “54 urte dauzkat eta nire hezurrak ez dira orain plazan ibiltzeko”. Lourdesek itzain ibilitako beste emakume baten aditzea baduela esan digu; aspaldi batean izan zela Ermuan. Horren berri jakiteko bertatik bertara dagoen Baldomin baserrira eraman gaitu. Han Madalena Narbaiza topatu dugu orain 79 urte Ermuan sortutako andre kementsua. Itauna egin eta atoan erantzun digu: “Ezagutu nuen bai, bera Urko-Goikoa zen eta ni Urko-Behekoa. Emakume handia, indartsua eta balientea zen. Izena zuen MariaRosa. Bi-hiru proba seguru jokatu zituela; noiz eta zeinen kontra, baina, ezin dizut deklaratu. Ez dakit eta”.
 
Ziriako Ortiz de Zaratek, herri kiroletako esatari beteranoak, badaki zerbait gehiago, bere begiez ikusi zuen eta emakume hura: “Amona hori gerra aurrean hil zen eta neuk ezagutu nuen bete-betean umea nintzela. Akordatzen naiz emakumea zela proban-eta atentzioa deitu zuela, denak harrituta... Plazan behin ikusi nuen. Orduko hartan berba-txarra ibili zuen jendeak: ‘Horrek andre horrek koskabiloak zeuzkak, hori emea barik arra duk’... Gu umeak ginenean maldizioa esatea bekatu handia zen eta horrexegatik gogoan hartzen genituen berba horiek...”.

Urtaingo Anttoni, Joxemanuelen arreba

Anttoni Ibar 15 urte ingururekin hasi omen zen harriari serio samar heltzen. “Ahizpa ere ederki gorritzen zen ahaleginean, baina ezin. Ohitura nuen amak egur bila bidaltzen ninduenean aita zenaren zilindro zaharra (zortzi arroakoa) jasotzeko. Altxaldi bat edo bi derrigor, bestela ez nintzen gustura geratzen. Izterrak-eta dena mailatuta ibiltzen nituen eta segituan antz ematen zidan amak; ‘orain ere ibili haiz harri-jasotzen! Hortxe haixetuko haiz!’ izaten zen haren errieta.
 
Anaiek esaten zidaten pixka bat entrenatu eta jendaurrean ateratzeko; nik beti ezetz: ‘Alperrik ari zarete, ni ez nauk inora joango plazara!’. Panpi Ladutxeren aita asko ibiltzen zen garai hartan Zestoan, lagunak zituen-eta. Trinketean harria jaso nezan nahi zuen. Ezetz esan nionean lanzamiento de jabalina probatu behar nuela. Aldee!”.

Bi emakume aurrez aurre, 1968an?

“Hemezortzi urte nituela etorri zen abisua Pilar Atxegarekin jokatu behar nuela –jarraitu du Ibarrek–. Bera neska bikaina zen, Atxega Orioko harri-jasotzailearen iloba. Gerora nire koinata egin zen. Nik ez dakit Pilarrek osabaren biltegian noiz edo noiz harriren bat jaso ote zuen-edo... Pentsatzen dut bere osabak ez zuela apusturik jokatuko ezer ere jakin gabe. Bi emakumeren lehiatik sarrera ederra sumatuta anaia Manuelekin hitz egin zuten. Han jardun zitzaidan gero: ‘Anttoni, jokatu egin behar dion. Irabaziko dion; hura haundia dun, baina makala’... Ez nuen plazara azaldu nahi eta ez genuen jokatu”.
 
Amak berekin zuen jarreraren antzekoa hartu du Ibarrek bere alabekin harriaren jiran ikusi izan dituenean: “Alabek harri-jasotzen egin nahi dutela esango balidate ez litzaidake gaizki irudituko baina... gustatu ere ez. Ez dakit ba nik harri-jasotzea emakumeentzako modukoa ote den. Nik harria betidanik ezagutu dut etxean eta zer egingo nuen ba? Probatu. Nirea ezta kolpetik bururatu eta entrenatzera joatea bezala”.

Irulegiren umetako ipuina

Anttoni Ibarrek senarra ere harri-jasotzailea du, Juan Jose Lizarralde Irulegi errezildarra. “Karga jasotzen apustua egin zuen eta gure anaiek prestatu zezaten etorri zen etxera, eta horrelaxe ezagutu nuen”. Irulegik esan digu umetan emakume indartsu baten istorioa kontatzen ziela amak.
 
Errezilgo Joakina Amenabarrek argitu digu Irulegiren oroitzapen lausoa. “Nire koinata zen hori, Manuela Artzallus Arruti. Sasoirik onena zuen harria altxa zuenean, 30en bat urte. Bizi balitz 95-bat urte izango lituzke. Nik badakit, ezagutzen nuen noski eta, indarra bazuela. Emakume asko ez dira hark bezala otarrakada arbi bizkarrera airoso jasotzeko gai. Gertatu zen nire koinatu Saturninok harri-jasotzen jokatu zuela. Eta erabilitako harria gurean geratu zen; eskuzulo gabekoa zilindroa, lehengo molde zaharrekoa, zortzi arroakoa. Tarteka mutilak etortzen ziren froga egitera eta haietako batean Manuelak atarian edo ezkaratzean harria heldu eta jaso egin zuen. Ez zen kontu hori urrutira zabalduko”.
 
Izan ere, emakume hauetan inork ez du aparteko zerbait egin izanaren ustea. Historiak ez ditu aintzat hartu. Guk batzuen bizipenak bildu ditugu hemen; denak ez, galdezka hasi eta topatu ditugunak baino ez.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude