Jose Enrike Urrutia Capeau: «Barkoxen ikasi nuen badaudela gauzak esateko beste bide baztuk»


2007ko urtarrilaren 07an
Zer diozu, aste bete beharko dugula elkarrizketa burutu orduko?
Azaldu dizkidazun galdera horiek guztiak erantzutekotan, bai.


Ez zara zu mezaluzagarri jardun ohi. Ikusi izan zaitut telebistan elkarrizketaren batean edo bestean eta ez diozu galderari itzuri egin ohi.
Galdera ulertzen badut, behintzat. Kar, kar, kar...

Kar, kar, kar... Galdera ulertzen lanak, batzuetan.
Batzuetan bai.

... Ergelen nombrea liburu berriaren barne azalean, idazleari dagokion tartean, aipatzen da Zeruko Argia, aipatzen da Anaitasuna, aipatzen da Pott... Horietan eta bestetan idatzi zenuen. Liburuko ipuinetako bat, berriz, "Kadrila alegera elhestan da" dugu, sasoi bateko Kadrila alegera festan da liburua egunera ekarri diguna. Bestalde, Jose Julian Bakedano eta Joseba Sarrionandia oso dira zureak, edo beharbada, zeu zara haiena... Nor da Jose Enrike Urrutia Capeau?
Ikusten duzu zelako galdera egin didazun? Nondik oratuko diot erantzunari? Bada, literaturarekin dudan lotura euskararen alde nuen zaletasunetik dator. Eskolara joatearekin batean, bost urterekin-edo, galdu egin nuen euskara. Iurretan bizi izanagatik, zortzi urterekin ia ez nekien "gabon" eta " bihar arte" baino esaten. Gero, ikasten hasi nintzenean, dena ikasi nahi nuen. Iruditzen zitzaidan erronkariera ere ikasi behar nuela. Idazteko zaletasuna hizkuntzatik etorri zait, ez neurri berean literaturatik beretik. "Neuk ere nahi dut Borgesek bezala egin...", ez. Nire kasuan hizkuntza izan da. Han eta hemen ikasitako moldeak nahastea-eta. Jolas hori.

Kuriosoa da. Antzekoa da zure herrikide eta lagun Joseba Sarrionandiaren kasua. Hark ere ia galduan eduki zuen euskara...
Ez dut uste.

Bai. Idatzia du. Gurasoei erdaraz erantzun eta hainbestean, baina aitaita-amamei ezin horrelakorik egin eta inkomunikazio garaia izan zela. Horretan antzeko kasuak dira zuen bionak... Egin dezagun aurrera. Liburuaren barne azal horretan ez da esaten pintore ere bazarela.
Hori ipuin liburua da. Ez da zertan aipaturik, esaterako, puenting egiten dudala. Kar, kar, kar.

Baina ez duzu egiten.
Ez baina gutienik marrazkiak badaude liburuan, neuk eginak, ez?


Sarrionandiari emango diot berba, beraz. Garai bateko giroaz ari, eta dio: "Durangon Jose Julian Bakedanok zinea egiten zuen, edo egin nahi zuen, behintzat; egin ezin zuen zinearen John Huston zen. Jose Enrike Urrutiak pintura egiten zuen, surrealismoa erreferentzia literarioekin, elefantea milimetroaz maiteminduta zebilela esaten zuen Hans Arp-ekin". Pintura, alegia.
Arrazoia! Ni berandu hasi nintzen idazten, bada, iruditzen zitzaidan, idazten hasteko ez nekiela euskara behar bezain ongi. Gero, artikuluak eta itzulpenak egitearekin batean istorioak ere idazten hasi nintzen, eta hola. Horrexegatik, Josebak zuzen dio. Sasoi hartan, irakurri eta pintatu.


Irakurri, asko eta on.
Hori ere, hein batean Bakedanori zor diot. Oraindik gogoratzen naiz André Bretónen manifestua ekarri zidan egunaz, Argentina-ko edizioa zen, pintore surrealistek eginiko marrazkiekin. Halaber, behin liburu eta idazle zerrenda batekin etorri zitzaidan, bada, haiek guztiak ezinbestez irakurri behar nituela! Beste arazo bat liburuak lortzea zen, baina "Bake"-k lagun asko zituen, bidaia asko egiten zituztenak esaterako, eta handik...

79koa duzu lehenengo liburua, Kadrila alegera festan da. Aurrekoak, aldiz, Alkohol poemak itzulpen lana eta aldizkari haietako artikuluak.
Bai, Bakek eta Sarrik orduko Zeruko Argian zineari buruz idazten zuten, uste dut "Joseba Basarte" sinatzen zutela. Haien eskutik hasi nintzen neu ere idazten. Anaitasunan, aldiz, hango zuzendaria ezagun nuelako, Joseba Llerandi lekeitiarra. Hura oso eskola ona izan zen niretzat ze, Llerandik zuzendu egiten zizkidan artikuluak. Berak beti jakin izan du euskara oso ondo. Eskola ona.


Iurretatik Durangora, Durangotik Bilbora, Bilbotik Barkoxera, orain Barkoxetik Habanara... Nongo xoria da Capeau?
Habanan nagoela, berdin banabil kalean "Barkoxeko apezak..." kantari. Beste aldetik, Iurretakoa kontu sakona da. Esaterako, Iurretako hilerrian daukagu panteoia, eta ni urtero etorri behar naiz bertara Domusantu egunean, badakizu. Barkoxe, berriz, Pirinioko edertasuna eta "izigarriko jende una", bereziki lagun batzuk. Baina hura guztia ez ezik, niretzat euskara kontua ere bada. Han ikasi nuen euskara beste molde bat, badaudela gauzak esateko beste bide batzuk. Horixe Barkoxe. Kuba, badakizu, kristolako argitasuna, Karibe, tropikoa... zer nahi duzu?! Gainera, euskaldun zenbait bildu gara, batzuk besteekin harremanetan egoten garenak eta elkarri laguntzen diogunak. Esaterako, arin batean izaten dut Athletic-en berri, baten batek deituta.


Noizkoak dira zure lehenengo pausuak Barkoxen?
Ez dakit...uste dut 76koak edo.


Han egin zenituzten lehenengo ibilerak kontatu zenizkigun duela urte batzuk. Maskarada tarteko, han zineten Joseba Sarrionandia, Bakedano eta zu zeu, festa grabatzen.
Bakedano ez zen egon. Filmatzeko aparailua eta zinta batzuk eman zizkigun eta han ibili ginen, maskarada grabatzen. Baina guti grabatu genuen ze, Joseba, dantzariak heldu baino lehen, burdinazko hesiak, kanposantua eta halako gauzak grabatzen hasten zen. Super 8n grabatu genuen.


Handik goiti, erroak egin zenituen Barkoxen.
Bai, sarritan joaten nintzen. Opor guztietan. Gero, lanean hasi nintzela, hiru hilabeteko oporrak hartzeko aukera izaten nuen, eta Barkoxera joaten nintzen. Etxeren bat alokatu, eta hantxe egoten nintzen.


Patrick Queheillerekin mintzatu ginen ARGIAn bertan joan den irailean. Badu zure gomuta: zu, koaderno ttipia hartuta, ohar idazten.
Horrek lagunduko zidan hitzak eta hango moldeak ikasten. Oraindik gogoratzen naiz esaldi batzuez. Maggi Larrasketek esandakoa eta: "Zer egin liro, aitetamak hil balitez?". Edo "Holibu" izengoitia zuen lagunaren amak esana: "...telefonatu behar deioat, lurraren itzularaztera jin dakidan".


Hitz eta esamoldeak bilduz beste ere egiten zenuen zuk...
Hara joaten nintzenean, esan bezala irakurri, idatzi eta pintatu. Baina ez beti berdin. Esaterako, urte batzuetan pintatu egin dut beste deusen gainetik ze, Barkoxen bizi da Gonzalo Etxeberria, bera ere pintorea, eta harekin joaten nintzen ia egunero pintatzera. Azkeneko urteetan, ordea, gehiago idatzi nuen. Azken aldia 99an egin nuen. Orduantxe bururatu zitzaidan Ergelen nombrearena. Ze, aurreko liburua plazaratu zenean, lagunek -Josebak berak eta-, kritika egin zidaten, euskara aldetik eta gaien aldetik korapilotsua zela.


Izar beltzaren urteaz ari zara?.
Bai, kritika hori egin zidaten eta konturatu nintzen arrazoi zutela. Oraingo libururako, beraz, bideren bat topatu behar nuela pentsatu nuen, loturaren bat.


Diozu, liburu hura euskara aldetik nahasia zela, Joseba Sarrionandiak esan zizunez.
Bai, eta arrazoi zuen. Ipuin batean zuberera, beste batean erdi lapurtera erdi zuberera, etab. Uste dut liburu honetan antzekoagoa dela ipuinetako hizkuntza, salbu ipuin batean, "Johanes Sarü-koa" izenekoan. Zuberoako istorioa denez gero, ekialdekoagoa den euskara erabili dut.


Nire ustez, lehenengo ipuinetan zaharragoa da euskara, ipuin luzeetan baino. Eta ez dakit zuzen ari naizen ere.
Batzuetan aipamen batekin hasten naiz; hark kutsu zaharra du eta haren arabera segitzen dut. Edo Temistokles-en denborako ipuinean, esaterako, greziar zaharren ponperiaz idazten saiatzen naiz, badakizu. Dena dela, orain gauzak kentzen saiatzen naiz. Konturatu naiz arrazoi zuela Txema Larreak "Garlopatu, garlopatu" esaten zidanean. Horretan saiatzen naiz.


"Garlopatu", zurginek egurrean egiten dutena.
Bai, egurra lisatu, soildu.


Aizu, eta zer dela eta jo behar du iurretarrak ekialdeko euskara kultu batera?
Beharbada, exotismoagatik izango da. Kar, kar, kar... Kontua da ni euskara ikasten hasia nintzela, eta Oñatibiaren metodoko hizkuntza eta Lafitteren gramatikakoa. bada, badago aldea! Nik beste maila bateko hizkuntza nahi nuen, landuagoa. Euskara batua egiterako orduan oinarria hor egon behar zela uste nuen.


Gauza segurua da Xuxen eta gainerako zuzentzaileek erabat gorrituko zutela zure testua. Gaurko euskara estandarra bestelakoa da.
Nik ez dut hausten Euskaltzaindiaren araurik. Adibidez "erhi" idatziko dut, eri (gaixo) eta erhi (atzamar) desberdintzeko, baina areago, ekialdean ez dutelako "eri" esaten, baina bai "erHi". Berdin "ele" izkribatu orde, "elhe" jarrito dut,"h" hori gogor egiten dutelako. Puntutto horretaz aparte, ez dut uste arauen kontra ezer topa daitekeenik. Beste aldetik, oraingo euskara estandarra eta. hori ez da nire kontua. Adibidez, oraingo gazteek telefonoz mezuak elkarri bidaltzean "...ke te klles" idazten dute. Seguru asko horixe nagusituko da.


Esan duzu: ez da zure kontua. Ergelen nombrea liburuko ipuinetan, kutsu zaharragoa dutenak ipini dituzu lehenengo eta, berriagoak, modernoagoak, berriz, ondoren.
Ez. Begira: ordena kronologikoan jarri ditut. Lehenengoak Greziakoak dira. Gero, erromatarrak, gero juduak, arabiarrak, Erdi Arokoak, XVI. mendea, gero bat XIX. mendekoa, eta azkena gaur egungoa. Luzeetan berdintsu: lehenengoa Grezia zaharrekoa, gero Pertsia zaharra, ondotik bi, musulman lurraldeetakoak, gero Erdi Aroko bat, XVII. mendeko beste bi, XIX. mendeko bat eta gaur egungo beste bat.


Liburuaren kontrazalean idatzi duzunak ere badu munta: "liburu honen lehen zatia irakurtzeko aski pazientzia dukeen hainak...". Explicatio non petita bat dugu hori.
Pazientzia eduki behar da-eta, hori irakurtzeko.


Zergatik eduki behar da pazientzia, ipuin laburrak izaki?
Laburrak... ez dira hain laburrak! Kar, kar, kar... Oraingo liburu honetan aurrean ipini ditut laburrak.


"Pazientzia". Uste nuen hizkuntzaren korapiloagatik ariko zinela, irakurleak izango dituen ajeen jakinaren gainean.
Nik ez dut horretan pentsatzen. Idazten ari zarenean ez zara horretan pentsatzen ari. Ahalik hobetoen egiten saiatzen zara.


"Ergelen Nombrea fingabea da"
"Eklesiastikoa"-k dio.


Zuk bat egiten duzu horrekin.
Jakina. Ergel horietatik naiz neu ere, liburuko azalean ageri den moduan. Hainbat lagunen buruak dira horkoak, eta bertan nago neu ere: Txema Larrea, Luigi Anselmi, Jose Angel Irigarai... eta denok daukagu zerbait buruan, eromenaren seinale. Bakedano da zoratuta ez dagoen bakarra, osorik den bakarra.


Ergelkeria dugu liburuaren izenburuan, testuak biltzen duen hari ezkutua. Hainbat ergelkeria istorio kontatzen dituzu aitzin-solasean. Halako batean diozu: "... ardurenean honakoa gertatzen baita: aldi batez, osatu gabeko egiak balioa ukaiten du. Ondotik, egia zuzenagorantz egin orde, bat-batean errakuntza liluragarriren bat sortzen da. Munduak aski baitu harekin, engainuak mendeetan gaindi dirau indarrean". Hori ez duzu Eklesiastikoa liburutik hartuta, horratik! Zeure hitzak dituzu.
Bai, oraingo Big-Bang delakoan bezala. Denak aaa! eta ooo!. Badirudi badakigula dena. Betirako egia aurkitu dutela. Finean, horretarako bagenuen Bibliako Genesia! Beste bat kontatuko dizut: Einsten-en formula ospetsuan denborarik ez denez ageri, handik tiratzen omen da denborarik ez dagoela. Gogoratzen naiz Scientific American aldizkarian horretaz irakurri nuenaz: hemendik urte batzuetara, denbora-makina bat egingo dute; bertan sartu, eta denboran atzera joan ahal izango da. Halatan, norberak bere aitona hil ahal izango du. "Halako paradoxa", zioen artikuluak. Arestian berriz irakurri dut beste artikulu batean: etorkizunera joatea errazagoa izango dela.


Iraganera joatea baino, esan nahi duzu.
Bai atzera joatea zailagoa dela. Zer deritzozu? Azkenean ezin izango dugu geure aitona akabatu! Horregatik diot, momentu batean aldatu egiten da "egia". Baina, sarritan, aldaketa oker bidetik joan da, seguru asko erakargarria delako, edo errazki lotzen zaielako jendearen gurari eta nahikundeei: Katapun! Big Bang! Ez dakit non irakurri nuen "mirari laiko" bat dela.


Hala diozu zuk: "Genesi deitatu liburuan izkribatua den ortzearen sorkuntza: 'Egin bedi argia!' izkribatu orde, engoiti 'Egin bedi Big-Bang' izkribatuko da".
Horixe.


Bukatu baino lehen, Capeau, ipuin jakin bat ekarri nahi dizut gogora, aurreko liburu baten aipu delakoan. Ispilu jokoa ere bada, nahi baduzu. Kadrila alegera festan da zen orduko liburua, eta "Kadrila alegera elhestan da" oraingo ipuina.
Baneukan ideia bat ipuintxo bat idazteko. Istorioaren barruan Bakedanok kontatzen duena, hain zuzen. Baina iruditu zitzaidan bera soilik izkribatuz biluziegi zegoela. Horregatik, janzteko, lagunak sartu nituen, eta azkenean ipuina beste bat bihurtu zen. Lehenengo hartan "kadrila alegera festan" jarri nuen eta oraingoan, "elhestan". Bat, gainera, Internetetik agertzen da.


Horretara nindoan. Ipuin horretan Bakedanorena da azkenaurreko arrazoia. Hari erantzunez, honakoak ditugu ipuineko azken hitzak: "Ez, Qun-Fu-Tzu-rena da garaitza, taoismoa estaduaren profitarako erabilia zuelako -erran zuen Josebak interneten bidez".
Kuadrilan falta zelako.


Joseba Sarrionandia falta, baina beti presente.
Horixe, bada, nahiz eta Internetetik izan.

Capeau
«Jose Maria Capeau Argudo zen gure aitaita. Benissakoa (Alacant) zen eta Blasco Ibañezen laguna. Errepublikazalea zen eta Blasco Ibañezekin hegazkin bat alokatu eta panfletoak jaurtitzen ibili omen ziren Valentzia-Alacant aldean. Marokoko gerlaren kontra idatzi zuen, bai eta Primo de Riveraren kontra ere. Las Juntas Militares de Defensa liburua idatzi eta ihes egin behar izan zuen. Amamak kontatzen zuen aitaita Kataluniako mugatik iragan zela Frantziara, pelikuletan bezala, gurdi bateko lasto-zaman ezkutaturik. Handik New Yorkera joan zen. Gure amama aldi berean Bilbotik AEBetara joan zen, umezurtza izan eta han senideak zituelako. Bada, itsasontzian elkar ezagutu, maitemindu eta ezkondu egin ziren. Orain dela gutxi jaso nuen amaren bataio-agiria Habanako auzoa den Casablancako elizan. Ohartzekoa: bataiatzailea Ajuria izeneko frantziskotarra izan zen, iduriz arratiarra. Gure aitaitak Habanako Diario de la Marina egunkarian idazten zuen, baina pilo bat liburu ere bai. Nik, Habanako lagun bati esker, zazpi lortu ditut: Juarezen biografia politikoa, Martíren beste biografia bat..., baina batez ere, Tres dictadores negros aipatuko nuke. Hartan, Haitiko iraultza kontatzen du, oso prosa arin baina dotorean. Kuban esan zidaten Alejo Carpentierrek, berea idatzi aurretik, aitonarena irakurrita zuela, hark kilikatu zuela berea idaztera».

Lagunei eskaintzak
Eskaintza bana dute Ergelen nombrea liburuko ipuinek. Hona eskaintza jaso duten lagunei buruz Capeauk esana.

Federico Krutwig.
Euskara klasikoa aurkitu dudalako poztasunean, are pozago aurkitzen dudanean hori guztia teorizatuta! Pentsa!

Luigi Anselmi.
Euskal Ezra Pound.

Mikel Agirreazkuenaga.
Oso liburuzalea, oso kultua. Halako enpatia nuen berarekin. Aspaldian ez dut ikusi.

Txema Larrea.
Neure buruaren erdia zor diot; beste erdia, Bakedanori.

Jesus Etxezarraga.
Bera ere «kadrilakoa», idazlea. Oso liburu polita idatzi zuen: Sugearen negarra.

Txema Aranaz.
Iruñeko jefea. Lanean jartzen gaituena. Zer litzateke Euskal Herria Pamiela gabe?

Asisko Urmeneta.
Artista handia. Bizia, alaia. Axularren liburua buruz dakiena. Ezinago laket harekin baltsan.

Kotxemari Garmendia.
Historian jakitun. Aspaldiko laguna.

Rene Mitxelot eta Henri Epherregaina.
Barkoxeko lagunak. Nire irakasleak; esan nahi dut, festa eta tabernetan. Lagunek barre egiten zuten, Rene eta biok beti elkarrekin ibiltzen ginelako. Biak donado direnez gero, «Johanes de Sarü» ipuina idatzi nuenean beraiei eskaini nien, fin gaitza duen amodiozko istorioa da-eta.

Javier Agirre Gandarias.
«Kadrilako» beste poeta bat. Bera ere Pott sasoitik ezagutzen dut, hain zuzen Fidel Azkoagak liburuxka baterako azala egin zionetik. Sasoi hartan La Concordian biltzen ginen.

Mixel Larrasket.
Harengatik berarengatik agertu ginen Barkoxen, edo zuzenago esanda, haren emazte Jasonek erakarriak. Mixelen ama Barkoxeko «Etxe Tipia»n bizi da, abegi ezin hobea eskaintzen zigun joaten ginen bakoitzean. Haren etxean aurkitu nuen Tartasen liburua, seguruenik Jasonek eramana, oso euskaltzalea den aldetik.

Jose Mª Sanchez Carrión.
Sasoi batean, hizkuntzei buruzko teoriak zirela-eta, interesgarria iruditzen zitzaidan, ideia berriekin heldu zen-eta. Harengandik zer edo zer ikasi nuela uste dut.

Karmelo.
Anaitasunako zuzendari Llerandiren lagun mina. Bera ikustearren joan nintzen Kubara, eta bertan geratu!

Ebrotarrak.
Neure haurtzaro guztia Ebron igaro nuen, Iurretan, zortzi urte izan arte. Ebro etxea, Elkorre, Txonpolo, Amatza, horixe da txikitako nire mundua.

Nortasun agiria

Jose Enrike Urrutia Capeau (Iurreta, 1954). Pott taldeko partaide. Huraxe izan zuen literatura eskola bikaina. Irakurle eta idazle kultua da Capeau, nahiz eta pintura izan zuen lehenengo artea. 1979an argitaratu zuen lehenengo liburua, Kadrila alegera festan da, eta 2000n, berriz, hurrena, Izar beltzaren urtea, oraingo Ergelen nombrea honen aurrekoa. Idazle partikularra da Capeau. Haren idazkera du seinale. Gaztetan Barkoxe jo zuen begiz eta han ikasitako euskara dario haren idatzietatik. Horrekin batera, pintura du langai. Surrealistatzat definitu zuen Jose Julian Bakedanok. Kuban bizi da gaur egun.

Pott
«Astean behin biltzen ginen. Pentsa, euskara ikasten ari den batentzat, bada, Atxaga ezagutzea, Jimu Iturralde, Andolin Eguzkitza... Bernardok Etiopia argitaratuta edukiko zuen ordurako. Liburu polita, Susperregik egin zituen argazkiekin... Bakedano ere etortzen hasi zenean «iraultza» tipia gertatu zen, zeren ezagutzen ez genituen gauzak ekartzen zituen. Gogoratzen naiz Marcel Schwoben Alegiazko bizitzak liburua ekarri zuela, eta izan zuen harreraz. Hara joatea literatura eskolara joatea zen».

Pintura
«Hamabost urterekin edo finkatu zitzaidan pintatzeko zaletasuna. Horretan zerikusirik izan zuen arte irakasle batek, irakurri edo testuak irakurrarazi orde, filminak erakusten zizkigunak. Koadroak eta koadroak ikusten genituen. Gogoratzen naiz Miróren koadro batzuez, baita El Boscorenak ziren beste batzuez ere. Beste alde batetik, Durangoko bibliotekan bazeuden arte liburu onak, batzuk handi-handiak, argazki askorekin. Bereziki liburu batez gogoratzen naiz, hartan pintore modernoak zetozen banan-banan: Braque, esaterako, eta haren koadro bat, eta ondoan, haren erretratua. Sasoi hartan bereziki Miró eta Léger nituen gustukoen. Halatan, neu ere hasi nintzen neure zirriborroak egiten. Ikusi eta, Bakedanok esan zidan: 'Zu surrealista zara, jakin gabe ere'. Orduan ekarri zidan Bretonen izkribua. Orain, Habanan barrena nabilenean, beti neure argazki-kamerarekin joaten naiz. Argazkiak egin, inprimatu eta txintxeta batez hormari eratxeki. Haren egitura edo nahi ditudan formak kopiatu eta, argazkia kentzen dut, handik aurrera koadroak autonomia behar duelako, badakizu, marrazkia konpondu behar delako, bada, Delacroixek esan zuen bezala, 'natura oso gutitan ageri da modu plastikoan'».


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude