Saldu gabekoen patu beltza

  • Berrikuntzaren, nobedadeen eta azken produktuen kontsumo gizarteak kultura ere harrapatu du. Hilabeteak dituzten liburu eta diskoak topatzea gero eta zailagoa da eta dendetako apaletan best-seller berrienentzat baino ez dago lekua. Baina horiek ere, asko saldu ezean, aste pare bat barru zokoratzen dituzte. Eta ondoren? Zer gertatzen da liburu eta disko «zaharrekin»? Biltegi-hilerriak eta gillotinak al dira beraien azken zoria?

2006ko abenduaren 10an
Irakurle finaren gau-mahaian bukatzea da edozein libururen ametsa; egongelako minikatean urte asko ematea edozein diskoren ilusioa. Denek, ordea, ez dute zorte hori. Abiapuntu bera dute, baina zoriondunek bakarrik lortuko dute kontsumitzailearen eskuetan amaitzea. Gainontzekoak, dendetako apaletatik banatzaileen furgonetara eta hauen biltegietatik argitaletxera edo diskoetxera bueltatuko dira, azken hauek baitaukate liburu nahiz disko baten destinoaren gaineko azken erabakia. Guk ibilbide hori egin dugu, saltzen ez diren lanekin zer gertatzen den jakin nahian.

Normalean olerki liburuen tirada 1.000 bat alekoa izan ohi da, eleberriena 1.500 ingurukoa eta diskoena berriz, 2.000 aleren bueltakoa. Kopuru bat argitaletxean edo diskoetxean geratuko da, ekoiztutakoa gordetzeko ardura beraiena baita. Beste ale kopuru bat banatzailearekin negoziatuko dute, Euskal Herriko dendetara eramateko. Bigarren negoziaketa dendekin egiten du banatzaileak. Pixkanaka, dendak ari dira zein produktu eta zein kopurutan jaso nahi duten zehazten, baina oraindik hainbat banatzaile ez daudela ados dio Donostiako Hontza liburu dendako langile Ramon Tatiegik, "bestela hainbat titulu biltegitik atera gabe geratzen zaizkielako". Hontzan, adibidez, iristen zaienaren %10-15 inguru zuzenean albo batera uzten dute banatzaileari itzultzeko, interesatzen ez zaielako.

Hartzen dituzten liburuetatik, hilabetean alerik ez bada saldu askotan kendu egiten dute apaletatik. "Nobedade pila sartzen da eta egunetik egunera nobedade batek bestea jaten du, espazio arazoa dugu", dio Tatiegik. Berriak jartzeko beste batzuk kendu behar dira, baina liburu interesgarria iruditzen bazaie eta oraindik mugimendua eduki dezakeela uste badute, nobedade ez diren liburuentzako apalen batean uzten dute. Espazioaz gain, faktore ekonomikoa ere garrantzitsua da. Banatzailearekin abonu sistemaren bidez funtzionatzen dute dendek, hau da, batez beste 60 eguneko epea dute liburua itzultzeko eta itzultzen dena fakturatik deskontatzen da. Horregatik, salduko ez dela uste duen liburua epe horretan itzuli egiten du dendak. Batez ere, azalera handiek jokatzen dute horrela eta bi-hiru hilabetean saldu ez dena, automatikoki bueltatu egiten da, zein liburu den ere begiratu gabe. Azken finean, nobedadeak hautatzeko garaian espazioa erabakigarria bada, fondo zabala izateko orduan dirua da beharrezkoa; liburu asko izateak diru asko izatea eskatzen du.

Hala ere, hainbatetan, liburuzainak egilea eta titulua kontuan hartu eta gustukoa badu mantentzea erabaki dezake. Denda txikientzat, espezializatzea edo liburu mota jakinak izatea saltoki handiekin lehiatzeko modu bakarra da, hauek best-sellerrak eta epe motzeko liburuak saltzen dituztelako batik bat. Baina Donostia bezalako hiriburu txikietan fondo zabala izatearekin bakarrik bizirautea ezinezkoa da, "kaxa handitu egiten duena epe motzeko produktua baita; jendeak nobedadeak nahi ditu", aitortu digu Tatiegik. Gorka Arrese Susa argitaletxeko buruak dendarien politika ulertzen du: "Gero eta azkarrago egiten dira liburuak, dendan gero eta gehiago jasotzen dituzte eta soldata atera eta lokalaren alokairua ordaindu nahi badute, ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta diru gehien ateratzeko behar dena egingo dute. Liburu onak dendetan denbora luzez kontserbatu beharko liratekeela? Agian bai, baina nork emango dio diru laguntza liburuzainari hori egin ahal izateko?".

Eider Rodriguez idazlearentzat ere liburuak gero eta bizitza laburragoa izatea ez da soilik denden errua, jendea liburu horiek erostera joaten baita eta ez duela 17 urte argitaratutakoak. "Denbora gutxian liburuak gure egunerokotasunean hil egiten dira eta liburu dendak horren isla baino ez dira". Liburu dendek ahalegin handiagoa egin beharko luketela hori gerta ez dadin? Ados dago, baina ez bakarrik beraiek. Izan ere, liburugintzan sistema osoa akatsez josia dagoela uste du Rodriguezek: "Demokratizazioaren ondorioz komunikabideek eta gainontzeko eragileek berdin tratatzen dituzte 57 liburu egin dituen idazlea eta ipuin-liburuxka idatzi duen egilea. Gainera, egunkarietan ez da kritika zaintzen, argitaletxeetan ez da literatura zaintzen, idazleek ez dute idazkera zaintzen, politikoek ez dakite zer den ere. Hain daukagu barneratuta funtzionamendu hori, oso zaila dela orain aldatzen hastea". Liburugintza eta literatura bi errealitate paralelo eta askotan elkarren etsai direnaren seinale, gutxien ezagutzen diren edo oihartzun mediatiko gutxien izan duten liburuek osatzen dutela askotan literaturaren historia. Baina nork erabaki behar du zer den ona eta zer txarra? "Kontua ez da hori; literatura eta ezinbestekoa den marketina ahalik eta modu zintzoenean bideratzea baizik, literaturari buruzko berriak ahalik eta objektiboenak izan daitezen". Dendetan literaturaz gutxieneko jakintza duten liburuzainak jartzea ere eskertuko luke Rodriguezek, liburuak saltzeko "bokadilo saltzaileak" jartzea zabaltzen ari baita saltokietan.


Internet, telefonoa eta enkarguak

Horregatik guztiagatik, dendetan bizitza mugatua dute liburu eta diskoek eta hauek eskuratzeko bide berriak irekitzen joan dira. Tatiegiren esanetan, liburu zaharraren bila datorrenak jakin ohi du liburu dendan aurkitzea zaila izan daitekeela eta eskatu beharko duela; askok zuzenean telefonoz egiten du. "Garraio zerbitzua asko hobetu da eta eskaria egun pare batean hemen egon daiteke". Gainera, agortuta dauden liburuak nahiko merke berrargitaratzea ahalbidetzen duten inprentak sortzen ari direla komentatu digu liburuzainak. Internet ere beste aukera bat da. Atzerriko liburu eta diskoak edo agortuak daudenak eskuratzeko, bigarren eskuko sareen web guneez baliatzen denik bada. Halaber, hainbat banatzaile, argitaletxe eta diskoetxek biltegian dituzten produktuak Interneten jartzen dituzte salgai, berriak nahiz zaharrak -azken hauek merkeago-, stockari irteera emateko asmoz. Hain zuzen ere, dendetako salmenta behera doan neurrian, batez ere musikaren kasuan salmenta zuzenak gero eta garrantzi handiagoa du, nagusiki teknologia berrien edo kontzertuen bidez.

Bide tradizionalari jarraiki, ordea, dendan saltzen ez den produktua banatzaileari itzultzen zaio, honek biltegian gordetzen du eta kopuru handia izanez gero argitaletxeari edo diskoetxeari itzultzen dio. Elkar Banatu enpresako Xanti Jakaren hitzetan, orokorrean saltokiek gero eta gehiago itzultzen dute, gero eta argitalpen gehiago baitago. Urtarrila, otsaila eta urrian itzultzen da gehien, Eguberri eta testu liburu kanpainen amaieren ondorioz. Nolanahi ere, banatzaileek biltegian dutena bizirik iraun arazten dute, merkatu berriak bilatuz eta produktuen prezioa beheratuz, baina horrek titulu batzuekin baino ez du funtzionatzen. "Arazo handienak inongo salmenta aukerarik ez duten produktuek sortzen dituzte; esaterako, musikan LP eta kaseteek eta liburutan testu liburu zaharkituek. Kasu horietan argitaletxeei ematen dizkiegu, beraiek erabaki dezaten zein irtenbide eman", dio Jakak.

Saltzen ez diren liburu eta diskoen gaineko azken erabakia, hortaz, argitaletxeen eta diskoetxeen eskuetan dago, jaiotzen ikusi zituztenen menpe. Oro har, bueltan datozen liburu eta diskoak biltegian gorde eta kontatu egiten dira; kopuru jakin bat gainditzen badute (100-200 baino gehiago) ohikoa ez den banatzailearekin hitz egiten dute, merkeago saldu al daitezkeen ikusteko -liburu eta disko azoketan, esaterako-. Nahikoa saltzen den lana berrargitaratzea ideia ona dela erabaki dezake editoreak edo ekoizleak eta gutxi saltzen dena berriz, agortu egingo da eta azkenean katalogotik at geratuko. Asko produzitzen duten argitaletxeek urte oso gutxitan titulu gehienak katalogotik kentzen dituzte, baina hemen ez da hain ohikoa. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradun Xarra Azkarateren hitzetan, oso gauza gutxi kendu ohi dute katalogotik. Biltegia dute eta beraiek sortutako guztiari ahalik eta irteera gehien ematen saiatzen direla dio, baina erremediorik gabe disko batzuk nobedade izatetik zaharrak izatera pasatzen dira. Beste lan batzuk atenporalagoak dira, beti dute nolabaiteko kontsumoa, txikia izan arren, musika estiloaren arabera. Hasiera batean behintzat, dena gordetzen dute, berrargitaratzeak ez duela merezi erabaki edo agortu arte. "Dena den, agortua egoteak ez du esan nahi ez dela batere geratzen -zehaztu digu-, beti dago kaxatxoren bat. Ale gutxi batzuk kontserbatzen saiatzen gara, arrazoi sentimentalengatik beharbada".


Gillotinara

Gorka Arreseren esanetan, Susako biltegian itzultzen dizkieten liburu guztiak gordetzen dituzte, "baina lekurik ez dugun egunean, idazleari esan beharko diogu zenbat nahi dituen beretzat eta gainontzekoak bota egin beharko ditugu". Rodriguezen ustez, jendearentzat liburugintzaren prozesuan deigarriena liburua bera deuseztatzea izan daiteke, baina ez zaio halako garrantzirik eman behar, ordura arte gertatutakoa ere hori bezain deigarria baita, ondorioa baino ez da. "Txikitzen dutela? Eta zer axola dio biltegian lekua betetzen badu eta hezetasuna pilatzen baino ez badago? Nahi adina liburu gordetzeak biltegi handia izatea eskatzen du eta zenbat eta biltegi handiagoa, orduan eta garestiagoa".

Baina ez al dago soberan dauden produktuez libratzeko modu hoberik? Kanpoko enpresa handiek, batzuetan, herrialde behartsuagoetako liburutegietara liburuak eta diskoak bidaltzen dituzte, baina gure kasuan, euskarazko liburuak atzerrira bidaltzeak ez du zentzu handirik, hizkuntza dela-eta. "Nik gustura bidaliko nizkieke euskal preso guztiei, baina bidalketa horrek bere kostua dauka -dio Arresek-. Oparitzea erraza dela dirudi, 0 kostua duela, baina ez da hala, oso garestia da". Bere esanetan, almazenean liburuak izateak kostu jakin bat du, baina gainetik kentzeko 1.000 laguni bidaliz oraindik diru gehiago gastatzea ez da zentzuduna. "Editoreak ez du horretarako dirurik; liburuaren salmentaren %10 idazleak hartzen du, %15 banatzaileak, beste %30-40 dendariak eta %40arekin gainontzeko guztia egin behar da: edizioa ordaindu, soldatak, azpiegiturak, garraioak. Irabaziak lortzea zaila da". Gainera, legez liburu baten prezioa %5 baino ezin da aldatu saltokietan. Zer egin orduan soberan dauden liburuekin? Eider Rodriguezentzat arazoa globalagoa da: "Zertarako nahi dituzu inori gustatu ez zaion liburu batetik 700 ale? Zer egin behar duzu, hori oparitu? Liburu onak ateratzea da benetako bidea".

Konponbiderik egokiena, dena den, biltegian liburu eta disko gutxi izatea da, argitaletxe eta diskoetxeek stock gutxi egin dutela eta tiradarekin asmatu dutela -gehiena saldu dela, alegia- esan nahi baitu horrek. Editorearen lana, halere, kasinoko erruletaren gisakoa dela dio Arresek, kontrolatzen ez dituzten makina bat faktoreren menpe dagoen liburuaren tirada asmatzea ez baita erraza. Horrexegatik, beti egongo dira almazen hotzaren izkina batean amaituko duten liburu eta diskoak, irakurle edo entzule fin batek noizbait berreskuratuko dituen itxaropenarekin.

Basamortuan oasiak
Merkataritza gunez eta saltoki erraldoiez inguratuta gaude, apaletan azken asteko hit eta top berrienek protagonismo osoa duten establezimenduz. Noizbehinka, ordea, salbuespen interesgarriak aurki ditzakegu eta horietan aspaldiko liburu kuttuna edo gehiengoari arrotz zaion diskoa topa ditzakegu. Gainera, egun aurkitzen zaila den beste abantaila bat izan ohi dute: saltzen dutena -eta ez dutena- ondo kontrolatzen duten dendariak dituzte, genero eta estilo anitzetan eta oro har beren lanaren gainean jantziak. Liburu denden kasuan, adibidez, Bilboko Anti-liburudenda aipatzekoa da: hain ohikoak ez diren lan bereziak dituzte eta komikiei aparteko garrantzia ematen diete. Berdin Gasteizko Zuloa saltokian. Iaz 50 urte bete zituen Manterola liburu denda donostiarra berriz, euskal gaietan eta antzinakoetan dago espezializatua eta Bilboko Likiniano liburu eta disko dendan oraindik posible da estilo askotako kaseteak, libeloak, biniloak eta fanzineak lortzea. Horietan denetan, kulturari lotutako ekintza ugari antolatu ohi dituzte.

Musikaren arloan, nabarmentzekoa da Irungo (Gipuzkoa) Bloody Mary denda. 1990etik, rock-and-rollean espezializatutako saltoki honek abeslari eta talde andanaren disko, binilo, argazki eta posterrak biltzen ditu, berriena eta historikoena uztartuz. Asko dira Euskal Herritik at ere telefonoz nahiz Internet bidez (www.bloodymary.biz) ezohiko lanak eskuratzeko bertara jotzen dutenak. Zine klasikoa atsegin duenak ere, badu berau DVDan eskuratzeko aukera Iruñeko Potemkin Filmoteka bideoklub berezian. Klasikoez gain, dokumentalak, film laburrak, euskal zinema, zinema independentea eta Ekialdeko zinema eskaintzen du guneak, besteak beste.

Erakunde publikoen betebeharra?
Argitaratzen diren liburu eta diskoak kontserbatzea erakunde publikoen ardura ere badela uste du kultur arloko eragile askok. Agortutako lanek zakarretan edo gillotinan baino, liburutegi publikoetan edo erakunde publikoren batean bukatu beharko luketela esan izan du idazle ugarik. Baina Administrazioa gai honetan ez dela nahikoa inplikatzen uste du Rodriguezek. «Literaturaren inguruan etxafuegoak eta argazkiak botatzeari uzteko eskatuko nieke eta horren ordez, esparru horretan dauden hutsuneak detektatu eta konpondu egin beharko lituzkete. Hemen egiten den literatura ezagutzen hastea ez litzateke hasiera txarra».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude