Bertso berriak... Oroimenaren Legeari jarriak


2006ko irailaren 24an

I

Bi mila eta seigarrenetik
hogeita hamaseikora
Oroimenaren lege asmoak
sentimenduak aztora.
Urteek konta al lezakete
desagertuen denbora?
Justizia noiz helduko, gorpu,
beso zabal, ahoz gora
hasi burua altxatzen eta
berriz kuneta zulora.


II

Begira nola Franco harrizko
zaldi gainean joaten dan
haren lagunek kale ta plazen
izena dute berengan.
Altxamenduan kontra borrokan
bizia zutenak eman,
ta eman gabe kendutakoak,
arima galduak hegan
Demokraziak utzi nahi ditu
Kondenatuen zerrendan.


III

Amets gaiztoa bizi zutenak
oraindik ez daude lasai
desagertuen ondorengoek
kuttunen berri jakin nahi
detaile gordin asko dakigu,
oraindik zenbat jakingai
inor ez al da bakoitza bere
lekuan ipintzeko gai
iragana ezin alda liteke,
iragana, Historia, bai.


IV

Denborak dena margotua du
gorri ta hori kolore
justizia eske dabilenari
dena kontua ta lore.
Faxistak altxa ziren garaian
gorriak ez ziren gorde
askok eduki zuen arnasa
emateko lain ohore
ondorengoak, berriz, gauza ez
hortzak erakusteko're.


V

Barkamen hitzak aho askotan
darabilen fantasia
esanaz nola barkamena den
konponbidean hazia.
Hirurogeita hamar urtetan
hitz ahaztu arazia
baldin hitz horrek benetan badu
aitortzen zaion grazia
badauka zeinek eskatua ta
badago nondik hasia.


VI

Non gelditzen da altxamendu ta
diktaduraren kondena
argitu eta epaitu ezean
egin eta jasan zena.
Kuneta ertzetik plazara betor
izen haien oroimena
nolatan egin asmatu ezkero,
askok aze atsedena:
Ta zaildu behintzat ez du egingo
gero etorriko dena.


ASTEKARIA
2006ko irailaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude