Agenda 22


2006ko uztailaren 16an

Irudimen lana

Altzan ginen Santa Ixabeletan Maialen Lujanbio eta biok. Eguarteko saioaren ondotik herriko apaiza hurbildu zitzaigun. Txirrita izan berri genuen kantagai, Altzan eman baitzituen bizitzako azken urteak. Apaizak Joxe Manuel Lujanbio Retegiren heriotza-agiriaren kopia bat oparitu zigun. Bi datu egin zitzaizkigun harrigarri. "En la villa da Alza" hasten da idazkia, 1936ko ekainean Altza herri zen seinale. Halere, ez da hori harrigarriena. Txirritak testamentua egin eta herentzia utzi zuela jakiteak jarri zigun irudimenaren errota kalakan. Ba al zeukan ba ezer uztekorik? Zer? Zerrenda balizkoa egiteari ekin genion: txapela irabazi berria, makila andregaiari arkakusoak hiltzekoa, Canovasen alargunak oparitutako urrezko erlojua, Kantabriako partearen mapa, zezen-suzkoaren burukoa adar eta guzti, Latin Gramatika liburu bat, orriak artean elkarri itsatsiak zituena banatzeko alferrez... Beste inork baino testamentu luzeago eta aberatsagoa utzi zigula erabaki genuen.


Zer da HABE?

Altzan bertan, bazkari garaian mutiko argi bat egokitu zitzaigun aurrez aurre. Hogeita bat urte zituen, asko zekien eta gehiago jakiteko grina antzematen zitzaion. Ingeniari eta musikari ikasketaz, gure solasgaiei tenple handiz heltzen zien eta berak berriak ateratzen zituen tarteka. Ezagutzen zuen bertsolaritza aski ongi; ezagutzen zituen Joan Mari Irigoienen liburuak eta Koldo Izagirrerenak; ezagutzen zituen gorabehera politikoen nondik norakoak. Elkarrizketaren harira, HABE azaldu zen ez dakit nik nondik. Mutil gazteak segituan egin zuen galdera: zer da HABE? Uste dut mutil gazte euskaldun eta euskaltzale batek HABEren berri ez izateak eman behar liokeela zer pentsatua bati baino gehiagori.


Sindrome berria

Aspalditxoan begiz joa neukan "Irailaren 2ko" sindrometzat izendatua nuena. Uztaila eta abuztua pakeoso samar eman ondoren, etxeko telefonoa sutan hasten da urtero irailaren 2an. Jendeak izaten du presa bere lantokira itzultzearekin gauzak "lotzen" hastekoa! Denek uste dute norbera lantokian badago gainerakoek ere eskura eta lanerako prest behar dutela. Orain sindrome berriari izena jartzeko moduan nago: "Ekainaren 28koa" deituko diot. Ez da ezer arriskutsuagorik lur-mintzean, ikaslerik gabe geratu eta eskolara joaten segi behar duen irakaslea baino. Orain, gizartearen abiadak horretara garamatza, aldez aurretik "lotu" nahi izaten dira lanak, oporretara joan aurretik. Norbera joan aurretik, alegia. Inoiz edo behin esan izan dut gehiago gozatzen dudala besteak oporretan daudelarik neu nagoenean baino. Uztaila, plazak plaza, atseden hilabete izango da niretzat.


Segura Irratian

Jon Sarasua eta biok gonbidatu gintuzten San Juanak aldera Seguratik, irratian ordubeteko hitz-aspertua egin genezan. Mikrofonoen aurrean biok bakarrik izango ginenez aurre-gidoi bat prestatzea bururatu zitzaigun. Beti bezala, ez genuen ezer egin. Gero, inprobisazioan ari ginelarik, Jon xaxatzea bidezkoa zela iruditu zitzaidan. Epe motzean bere burua plazan berriz kantuan ikusten zuen galdetu nion. Sudurra muzindu zuen eta ezezko tankerako bat toteldu. Ez al zuen plazan faltan sumatzen galdetzean, baiezkoa aitortu zidan.

- Txaloengatik? galdetu nion.
- Txaloengatik ez.
- Plazaz plaza ibiltzeak egunera egotera behartzen hauelako?
- Ez, ez... Horregatik ere ez.
- Buru-lanera eta ideiak sakondu eta egituratzera derrigortzen gaituelako?
- Ez... Ez duk hori...

Sarasuak faltan sumatzen omen du, herri batera bidean autoan beste bertsolariekin batera joatea. Saio ondorengo txolartea eta trago parea. Itzulerako autoko berriketaldia eta sekretutxoen kontaketa... Beti esan izan dut bertsolariok oso jende arrunta garela. Hilkor gehienen modura, guk ere lagunak eta gaztaroa ditugu eskas.


Loaz

Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta hiruok ikasle batzuekin egin genuen bertso-afari batean jakin genuen. Ez dut nongoak diren esango, udaltzainei lanik ez jartzearren. Ikasle horiek, gehienak Colegio Mayor horietako batean bizi dira. Ostegunero parranda egiten dute ordea, ikaslea ikasle denetik egin izan duen modura. Egoitzako ateak goizeko ordubietan ixten dizkiete nonbait. Parrandara irten den ikasleak ordu biak aurretik erretiratu beharra dauka gau-pasa egin nahi ez badu. Irtenbide bat badu autoa duen ikasleak. Autoarekin irten parrandara eta ordu bietarako egoitzaratu ez bada, autoan egin lo. Autorik ez duten ikasleek, beste babesleku bat aurkitu dute. Aurrezki Kutxatako kutxazain-automatikoaren gelatxoan hartzen dute ostatu. Ideia ona iruditu zitzaidan, batik bat negu gorrirako. Paradoxa begi-bistakoa du gainera: orain loa ahalbidetzen dienak berak galaraziko die hemendik urte gutxira.


Udarako jolasa

Zazpi "i"dun hitzaren jolasa proposatu nizuelarik ez nuen hainbesteko erantzunik espero. Horrexek animatu nau udarako beste jolas bat luzatzera. Espainolek, irudimenez murritz, duela gutxi egin dute lehiaketa bat euren hizkuntzako hitzik politenaren bila. Ideia xinplea zen eta emaitza negargarria gertatu da. "Amor" berba izan da garaile. Nik pittin bat zaildu egin nahi nuke lana. Adierazten duen hura ongien islatzen duen hitzaren xerka jarri nahi zaituztet. Esaterako, "xuxurla" hitzak badu xuxurlatik asko. Eta "zakarra" berbak zakarretik ere bai. "Miraila" aldiz, gogorregia da ispilu garden eta lixu batentzat. "Eskua"ri falta zaio eskuak behar lukeen zerbait... Ez dakit. Zuen esku uzten dut, irailerako, erantzuna. Epaimahaikoa neu izango naiz. Badaukat gogoa lehiaketen beste aldean ohitzen hastekoa.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude