Mendebaldeko Sahara: Errefuxiatu guneetako borrokalariak


2006ko maiatzaren 14an
Ahuntzak, harea, harriak... hau izan da Tindufeko sahararren errefuxiatu kanpamenduetara heltzean ikusi dugun lehen gauza. Gauez heldu gara, eta zerua izarrez gainezka dago. Amgala dayra-ko (hiriko) bozgorailuetatik bere etxean hartuko gaituen emakumeari deika ari dira. Nekaturik gaude. Bat batean, urrunean, emakume saharar bat ikusi dugu. Nahiz eta hotza egin, gaua izan, eta bi seme-alabak besoetan ekarri, pauso irmoarekin gerturatu zaigu Muelinmin. Irribarre batekin ongi etorria eman digu. Seme zaharrena lurrean utzi, motxila handia bizkarrean hartu eta atzetik jarraitzeko eskatu digu. Kale ilunetan barrena abiatu gara, bere etxera.

Jada 30 urte bete dira Marokok, Espainiarren begiradapean, Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. Hura jazo zenetik, gauza asko aldatu dira sahararren bizitzan. Aljeria hegoaldeko Tindufeko errefuxiatu guneetan dagoen desertu idorrean, 200.000 saharar errefuxiatu inguru bizi dira. Gehienak emakumeak. 1991. urtetik, Fronte Polisarioaren eta Rabaten artean su-etena dago indarrean. Baina hala ere, gizon sahararrak frontera joaten dira hiru hilabetez. Hamar eguneko atsedenaren ostean, berriro bueltatu behar izaten dute gerra tokira. Errefuxiatu guneetan berriz, emakumeak eta haurrak dira protagonista. Emakumeek zaintzen dituzte etxeak, beraiek hazten dituzte seme-alabak, haiek janaria prestatu, bisitariei harrera egin, etxeak eraiki, dirua administratu, gaixoak sendatu eta haurrei irakatsi. Beste herrialde arabiarrekin eta musulmanekin alderatuta, beharbada eskubide gehiago dituzte emakume sahararrek. Halabeharrak ezarritako eskubideak. Eta ez zaie falta eskubide horiek egi bihurtzeko adorea eta indarra.

Eguzkiak gogor jotzen du basamortuan, esnatu garenean. Adi begiratzen diogu inguruneari, kuriositatez, erne. Haurren irriak eta algarak entzuten ditugu lehenengo. Emakume sahararren kantu eta irrintziak ondoren. Muelinmin sukaldean da, bere ahizpa Mayarekin eta Salmarekin. Haurrak berriz, lurrez eginiko eraikinen artean dagoen patio hareatsuan daude. Oinutsik dabiltza, zikin daude eta mukiak zintzilik dituzte. Baina pozik dirudite. Hiru emakumeak sukaldeko lurrean eserita daude, barazki urri batzuk zuritzen. Kuskusa zapi batean bildurik dago, kazola bateko lurrunarekin astiro egosten. Melfa (sahararren jantzia) koloretsuak dituzte soinean emakumeek. Sukaldean lanean ari diren bitartean, ongi etorria ematen digute hassanieraz. Bat batean, melfa beltzez jantzitako emakume bat etorri da sukaldera, Fatima da, emakumeen ama. Bere eskuari irmo eutsita Gira neskatila dator. Lurrean eseri gara denok, eta Fatimak ongi etorria emateko tea prestatzen duen bitartean, bere istorioa kontatzen hasi da. Hassanieraz egiten du hitz Fatimak. Aldiz behin, isildu egiten da, bere alaba Muelinminek berak esandakoa itzultzen digun bitartean. Hiru emakume, hiru belaunaldi. Baina atzean, istorio latz berbera: beren lurraldetik at bizitzeak ematen duen mina.


Fatima Dedha, 54 urte

«Ni gaztea nintzenean, Saharako basamortuan bizi ginen. Gure jabetza bakarra haima bat eta gure gameluak ziren. Gamelua alde batetik bestera mugitzeko erabiltzen genuen. Nomadak ginen garai hartan. Espainolak eta marokoarrak etorri arte, ez genekien zer ziren autoak. Gamelu haragia eta esnea edaten genuen, eta lasai bizi ginen. Ez genuen ezeren beldurrik. Gizonek, gameluekin, hirietara joan eta behar genuena erosten zuten. 1970. urtera arte horrela bizi izan ginen. Gerra hasi zenean, Marokoko soldaduek basamortuan haima taldeak bonbardatu zituzten, napalm eta fosfatoz. Guk beldur asko genuen eta Esmara hirira sartu behar izan genuen. Orduan nire alaba jaio zen, eta haur txiki batekin, garai latzak izan ziren haiek niretzat. Hassan II.a agintean egon zen garaian, nire familiako jende asko, aita barne, atxilotze zentro sekretuetan preso egon zen. Bertan, familiako kide asko torturatuak eta erailak izan ziren. Aitak, berriz, urte asko pasa zituen kartzelan. Militar espainiarrek ea sahararrei laguntzen ari ginen galdetzen zigutenean, guk ezetz erantzuten genien. Gu lasai bizi ginela, eta ez ginela inongo arazotan sartzen. Sahararrak etortzen zirenean berriz, non zeuden ez esateko eskatzen ziguten. 1975ean, Martxa Berdearen ondoren, Espainiak Sahara Marokori eta Mauritaniari saldu zien. Bi gudak aldi berean izan genituen. Mauritaniarren aurkako guda irabazi egin genuen, baina Marokoren aurkakoa ez. Marokoarrak Esmarara etorri zirenean, ikaragarria izan zen. Nire anaia zaharrenak eta nik polisarioengana heldu ahal izan genuen.

1979an, Fronte Polisarioak Aljeria hegoaldera ekarri gintuen autoetan. Nire ama eta anai-arreba txikienek berriz, ezin izan zuten garaiz heldu eta han geratu ziren. Urte gogorrak pasa ditut, ama han geratu baitzen, eta aita berriz kartzelan nuen. Jende askok, oinez etorri behar izan zuen errefuxiatu kanpamenduetara. Emakume asko haurdun zeuden, eta haurrak bidean eduki behar izan zituzten, medikurik gabe. Haurrak jaio, eta melfa zatitxo batean bildu behar izaten zituzten. Oso esperientzia gogorra izan zen. Hasiera batean, Dajlan egon ginen. Iritsi ginenean, haur guztiak Ekainak 9 izeneko eskolara eraman zituzten. Bertan ahal zutena irakatsi zieten. Urte osoa pasa genuen gure seme-alabak ikusi gabe. Kanpamenduetan geundenak berriz, marokoarren beldur ginen, eta haima azpietan zulo handiak egin genituen, bonbardatzen bagintuzten edo, bertan ezkutatu ahal izateko. Garai hartan ez genituen gaur egun ditugun etxeak. Oihal oso finez egindako haimak besterik ez genituen. Bertan jan eta lo egiten genuen. Libiak eta Aljeriak emandako laguntzekin pasa genituen lehen urte haiek. Irina eta arroza besterik ez genuen jateko. Gizon guztiak borrokan zeuden, eta emakumeak bakarrik geratu ginen hemen. Munduak ez zekien zer pasatzen ari zen, eta ez gintuen herrialde bezala onartzen. Saharar batzuk ere marokoarrei saldu zieten euren burua. Mediku eta erizainak zirela esaten ziguten. Haurrak txertatzera eraman behar zituztela esan, eta guk sinetsi egin genien eta haurrak medikutara eraman genituen. Baina gezurra zen. Pozoitu egin zituzten gure umeak. Gure haurrak ospitaletara eraman genituenean pozik zeuden. Txertoaren ondoren berriz, gaixotu eta hiltzen hasi ziren. Milaka eta milaka haur hil zituzten garai hartan. Emakumeak zerbait sumatzen hasi ginenean, gure seme-alabak gordetzen hasi ginen. 1982an, gaizkile haiek harrapatzen hasi ziren. Batzuk Marokora joan ziren; beste batzuk berriz, harrapatu egin zituzten. Nire ahizpa baten seme zaharrena, gertatzen ari zenaz konturatu zenean, kanpamendutik irten eta zuhaitz txiki baten azpian gorde zen. Eskerrak hori egin zuen, ezen bere adineko gehienak hilik daude orain. Beste asko berriz, errenak edo gaixotasun senda ezinekin geratu dira. Gaur egun, 90 herrialdek baino gehiagok gure herrialdea onartzen dute, eta laguntzen bidez aurrera egin dezakegu. Azken sei hilabeteetan, Nazio Batuen Erakundeak plan bat jarri du martxan, mugaz beste aldeko familiak ikusi ahal izateko. Nik ama ez dut 30 urtean ikusi. Jainkoak nahi izanez gero, bera hil baino lehenago elkar ikusi ahal izango dugu».


Muelinmin Dedha Mahmud, 34 urte

«Ni errefuxiatu guneetara zazpi urterekin etorri nintzen. Bi urte pasa nituen eskolan. Bertan, eskolako ikasgaiez gain, militarki ere prestatu gintuzten, bada ezpada ere. 1982an, 12 urte nituela, Kubara bidali ninduten. Garai hartan Gobernu kubatarrak herri sahararrari laguntza handia ematen zion. Hasieran, 500 saharar Kubako herri txiki bateko eskolan egon ginen. Ondoren, irakaskuntza ikasi nuen Habanan. Han pasatako urteez oroitzapen oso onak ditut. Hala ere, kanpoan bizitzeko aukera izan genuenok, bertan geratu zirenek baino kontzientzia handiagoa genuen. Kubatik indar handiarekin itzuli nintzen. Jende asko gu baino askoz okerrago bizi izan da, Marokoren aurka borrokan.

Errefuxiatu kanpamenduetan, emakumeak dira lan gehien egiten dutenak. Harearekin adreiluak egiten ikasi genuen, eta horrekin gelatxo txikiak eraiki genituen, bertan sukaldean aritu ahal izateko. Bertako ospitaleak asko hobetu dira. Ikastetxeak ere eraiki ditugu, heziketari garrantzi handia ematen baitiogu. Nahiz eta 1991tik su-etena izan, gaur egun, gizon gehienak frontean daude. Besteek administrazioan egiten dute lan, Raguni aldean. Momentuz, egoera politikoak berdin jarraitzen du. Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararrek ez dute inongo eskubiderik. Lan hoberenak marokoarrek egiten dituzte, eta sahararrentzat lan okerrenak besterik ez dira geratzen.

1995a arte ez genuen dirurik. Arroza, olioa eta azukrea besterik ez. Garai hartan egunero arroz zuria besterik ez genuen jaten. Zaporea eman ahal izateko, platerean margoturik zeuden loretxo batzuekin nahasten genuen arroza, honek lore zaporea izan zezan. Kasu horietan, irudimena oso dohain ona izaten da. Nire ustez, gure herriak subirano eta askea izateko eskubide osoa du. Baita duintasunez bakean bizitzeko ere. Hala ere, Espainiako Gobernuak Marokok Mendebaldeko Saharan mantentzen duen okupazioa eta ezartzen duen errepresioa babesten jarraitzen du. Bada garaia Espainiak bere erantzukizuna hartu eta orain arte egindako okerrak zuzen ditzan».


Gira, 11 urte

«Ni Amgalan jaio nintzen. Dayra honetako mutilek eta neskek ikastetxe berean ikasten dugu. Goizeko bederatzietan joaten naiz eskolara, nire anai-arreba txikiak jantzi eta gosaria prestatu ostean. Handiagoa izaten naizenean, ikasketa gehiago egiteko aukera izango dut, Aljeriako unibertsitateren batean. Ikasketak amaitzean, emakumeak kanpamenduetara itzultzen gara, eta gizonak frontera. Nik ziurrenik, irakaskuntza ala medikuntza ikasiko dut, errefuxiatu kanpamenduetan ez baitago beste ezeren beharrik.

1995. urtetik aurrera, hemengo haurrak kanpora irteten hasi ginen. Nire izeba Maya Zaragozan izan zen, ikastetxe batean. Nik berriz, udako bi hilabeteak Galizian pasatzen ditut, harrera familia batekin. Zazpi urterekin joan nintzen lehenengo aldiz, eta 12 urte bete arte joango naiz hara. Oporrak bakean izeneko programa bati esker joaten naiz hara eta hango familiarekin oso gustura egoten nahiz. Galizian denetarik egiteko aukera dut: hondartzara joan, arropa erosi, musika entzun, parkeetan jolastu... Gero, hango familia hona etortzen da gu bisitatzera. Urtero 6.000 haur baino gehiago joaten gara kanpora. Hartu-eman hori oso baikorra da, guretzako laguntza handia da».

Okupazio baten historia

1974. urtean, espainiarrek Saharatik irten behar zutenean, Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizazio Batzordeak Espainiari sahararrei beraien etorkizuna erabakitzeko aukera emateko eskatu zion. Hagako Justiziaren Nazioarteko Auzitegiak ere, Mendebaldeko Sahararen Autodeterminazio eskubidea babestu zuen. Baina 1975eko urria eta azaroa bitartean, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen. Espainiarrak Saharatik irten bezain laster, Hassan II.enak, Martxa Berdea antolatu eta Mendebaldeko Sahara okupatu zuen. 300.000 marokoarrek muga arterainoko bidea egin, eta Rio de Oro eremua hartu zuten sinbolikoki. 1976ko otsailaren 27an, Errepublika Arabiar Saharauiar Demokratikoa aldarrikatu eta Fronte Polisarioak gerra deklaratu zien Maroko eta Mauritaniari. Urte luzez borrokatu ondoren, Mauritaniak amore eman zuen Fronte Polisarioaren aurrean. Baina Marokok ez. Bien bitartean, Marokoko Gobernuak 1994 eta 1995 urteen artean, 150.000 kolono ezarri zituen lurralde okupatuetan. Neurri horrekin sahararren kulturan eta nortasunean eragin nahi zuen. 1991. urtean su-etena hitzartu zutenetik, kasko urdinak daude Saharan. Mundu osoko ikuskatzaileak ere ibiltzen dira Sahara okupatuan. Hala ere, gizonezko saharar gehienak ez dira itzuli abangoardiatik. Orduz geroztik aurrerapausoak eman diren arren, ez dira nahikoak izan Sahararrentzat. Rabatek ez du Mendebaldeko Sahararen independentziari buruzko erreferendumaz entzun ere egin nahi. Mohamed VI. erregeak erreferendumaren gaia ez du aipatu ere egiten. Maroko Mendebaldeko sahararren errolda manipulatzen ari da, erreferenduma eginez gero, bozketa irabaziko ez luketelako. Marokok erreferendumari ezezkoa ematen dio sistematikoki, eta boikot egiten ere saiatu izan da. Gaur egun, 2.200 kilometro baino gehiago dituen hesi batek banatzen ditu bi aldeetako sahararrak. Hesi ondoan, mina ugari ezarri dituzte marokoarrek, sahararren familien arteko erlazioak eten nahian. Nazio Batuen Erakundearen ekimen baten ondorioz, duela hilabete batzuetatik hona, bi aldetako familiak bost egunez elkartu daitezke. Hala ere, itxarote zerrenda ikaragarri luzea da. Bien bitartean, Aljeriako errefuxiatu guneetako sahararrek nazioarteko laguntzaren bidez egiten dute aurrera. Herritarren solidaritaterik eta laguntzarik gabe, galduak leudeke.


ASTEKARIA
2006ko maiatzaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude