Unibertsitate irakasleok


2006ko apirilaren 16an

Ez gaitu maite gizarteak. Alegia: gurekin bizi diren gainerakoek, bestelako lanak dituztenek ez gaituzte begi onez ikusten. Martxoaren 29ko greba-egunean izan nuen horren berri zuzen, kalean, dendetan "Ze, zu ere greban?" doinu xelebrez galdetzen zidatenengandik.

Nire ingurukoak bitan banatzen dira gure lanari dagokionez. Alde batetik daude asteburu oso bat edo bakazio "normalak" noiz, galdetzen didatenak. Bestetik, ongiegi bizi garela, lan-txoiloa dugula, nahi duguna egiteko denbora dugula diotenak.

Ulertzen dut astearte buruzuri batean goizeko hamaiketan paseatzen ikusten gaituenak pentsatzea zorriak baino alferrago garela. Eta egia da asteartean paseoan ibili ahal izateak plazer handia ematen digula askori: erlatiboki eskola gutxi izateak errazten digun ordutegi askatasuna "a" txikiz idazten diren altxor horietakoa dela -ba ote, funtsean, besterik?-.

Baina nork nahi du egon abuztuan zortzi orduko ordutegia betetzen irailaren hasierarako komunikazioa prestatzen, edo editoreari eraman behar dion saiakera liburua zuzentzen, edo udaberriko lehen igande eguzkitsuan ikastaro bat prestatzen edo, ohean buelta eman eta beste ordu-erditxo bat gelditu beharrean goxo-goxo, proiektu baten txostena erredaktatzera jaiki, edo afalondoko telefilma ikusi beharrean saiakera aspergarri bat irakurtzen jarri? Guk nahi izaten dugu.

Horregatik, ez naiz negarrez hasiko. Horixe besterik ez genuen behar. Ez zaie munduko egoera lazgarrienei begiratu behar, gure lana onenetakoa dela jakiteko. Gehienok ez genuke ezeren truke aldatuko. Etengabe ikasten egotea zulo existentzial beltzetan ez erortzeko modu osasuntsuenetakoa da. Eta guri ordaindu egiten zaigu horregatik.

Egia da ez zaigula agian gure espezializazio mailako neurrian ordaintzen. Batez ere, egia da, unibertsitate barruan soldata eta baldintza desberdintasun handiak daudela, askotan oin moral eskasekoak… Hori gehienon unibertsitatean, publikoan. Pribatuetan are okerrago omen dabiltza hierarkien, uhertasunen eta desberdintasunen alderditik. Asko dira hobetu beharreko arazoak -ikus beza nahi duenak sindikatuen egunotako literatura-.

Baina bestelakoa da gaur hona ekarri nahi izan dudana, erabat aparteko ez bada ere: nola hartzen den unibertsitate-irakasle eta ikerlarion lana, zein den ingurukoen oharmena, zenbat -zein gutxi- balio dugun hor. Erakunde publikoek ere ez dute asko laguntzen egia esan… eta erakundeak gizartearen ispilu dira, baina, baita gidari eta kultur eraikitzaile ere.

Baina, tira, esan dezadan arazoaren zati bat zein den nire ustez. Unibertsitate-irakasleak irakasle eta ikerlari gara. Gure gizarte txikiegi honetan lotsa-edo ematen du hori norberak esateak, baina hala da. Gure eguneroko lanean badira ikusten ez diren buruhauste, lo-galtze, diziplina, hitzaldietarako urduritasun eta lan ordu piloa.

Errua ez da kanpokoena bakarrik. Badira gure irudia famatzen ez duten lankideak, eskola orduez gainerako denbora bestelako hobbyetan edo bestelako lanetan ematen dutenak, edo eskola gehiago dituzten irakasleek bezainbat bakazio "hartzen" dituztenak. Bestelako lan horiek ordaindu egiten direnean, arazoa benetan da larria. Baina horretaz beste batean, agian beste lekuren batean, aritu beharko genuke.

Oro har gutxi balioztatzen da ikasketa isila, ikerketa berez, pentsamendua. Ikerlariak, salbuespen mediatikoak ezik, ez du prestigio handirik. Askoz hobeto saltzen da, adibidez, nobela bat linguistikazko liburu bat baino -hemen ez naiz ari, noski, diruaz edo ale kopuruaz-. Horrek zerbait esan nahi du gutaz, zuetaz, gizarteaz, Italo Calvinori esamoldea ostuz, elkarrekin biziz osatzen dugun infernu honetaz.


ASTEKARIA
2006ko apirilaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude