Udaberriko ipuina


2006ko apirilaren 16an
Zerikusi gutxi dute elkarrekin Atxagaren udaberriak eta Aoizen gerezi aroak. Komunean duten bakarra, negu luze batetiko ateraldiaren sentsazioa da. Sentsazio ederra. Baina bere irudipenetako tximeleta liluragarrien aurrean Atxaga bezala neu ere hausnarrean jarririk, ezinegonean nauzue. Emeterio Arreseren "udaberriko lilien ahizpa sorginak" baizik ez ote diren pinpilinpauxa horiek izanen, nork bere gustuko loreen gainean pinpirinetan dabiltzan tximeletak baizik ez ote dituen ikusten. Horrela izan behar, baiki. Baina, errana doa, tximeletak bezain ezinegonean nabil ni, eta ez, preseski, gerezi-lore, almendra-lili edo pagotxa xarmanten agertzeak zoratu nauelako.

Nekaturik naute jada udaberriari topa alaiek. Espero dut, dena dela, hizki lerratu hauek argia ikusi orduko irudi sendoago batekin agertuko zaigula urtaro berria, kolore eta usain anitzagoetako loreak, pozoitsuak ere, haien osoan gozatu eta oka egiteko aukera izanen dugula. Kardu halako baten antza, eta eskertzen diot, atera da ezker abertzale ortodoxoko politikaririk onena deritzodan sindikalista hori: "Ez dira ongi hasi gauzak", egin du diagnostiko martxo amaieran. Bat nator harekin horraino, sintomei buruzko iritziraino. Bada zerbait, horren naif pintaturiko primadera itogarri honetan. Baina sintomen erroetan galdu du bidea, nire ustez: "Arineketan presaka, "ea antolatzen dugun mahai bat Nafarroan, bertze bat Baskongadetan" diote batzuek… Gurdia bere bidetik ateratzen ari gara. Hemen herri bat dago eta herri baten eskubideak ezin dira zatitu".

Ez dira, ez, ongi hasi gauzak. Neuk ere bai, seguruenik, Diezek bezala, bidea gal dezaket lerro hauetan, baina bere zidorrean gal nadila nahi badu, zehaztu beharko lidake nola gauza dezakeen "herri bat" hori negoziazio mahaian, Nafarroako mahaikideak eseri ezean. Nola hitz egin Nafarroaz negoziazioetako ur-oturuntzetan, "Nafarroa Euskadi da" oihu zahar haien efektuak, "anexionismo"aren irudikeria, berpiztu gabe?

Kontua ei da Estatutua (Gernikakoa, noski) bereak egin duela. Eta herri bakarra garenez, zuzen dator ondorioa: berdin suertatu zaio foru-baratzekoari. Beraz, hutsaren hurrengoa dira mahai instituzionalak, alderdi eta eragile sozialen mahai politiko bakarra eratu behar. Hori guztiori, jakina, ezker abertzale ortodoxoaren borroka irmo eta mota guztietakoari esker lortu da… Horretaz, bistan dena, ohartu egin da PSOE, eta su-etenak baldintza egokiak eman dizkio mahai hori osatzeko, instituzio autonomoetatik at. Noraezeko PSNko foru-ortuariena gutxienekoa da, Estatu-auzia denez Nafarroarena. PP/UPNkoek, zer erranik ez, galdutzat eman beharko dute Euskal Herriaren aurka harresitu zuten foru-baratzea… Eta, haur-ipuinetan bezala, handik aurrera, palazio hartan, denak zoratzen bizi izan ziren.

Su-etena, ez iraultzarik, ez garai zaharretan kale egindako hausturarik, ez dela izan, aitortu dute ezker abertzale ortodoxoek. Hortaz, iraun artean, ostrukaren politika egitea da gaurko instituzioek existituko ez balute bezala jokatzea. Zerutik ez badator batek daki nor, ez dakit nork azalduko dien goiko ipuinarekin sinetsi ezin dutenei Nafarroaren arazoa konpon daitekeela nafar instituzioek parte hartu gabe. Edo EAEk eta Foru-baratzeak mahai bakarra, edo biek ala biek bana, osatu behar. Bakarrarena, orga idien aurrean jartzea da: zatiketa juridiko-politikoa konpontzea baita, bertzeak bertze, negoziazioen helburua. Egia da bi mahaiak lortzea ere ezinezkoa dela gaurkoz. Baina horrelako eskaera da konponbiderik nahi ez dutenak biluzien uzten dituena, diskurtsoa gehien husten diena. Ala ez?... Eta gero gerokoa.

Alergia sortzen hasi zaizkit udaberriko ipuinak. Konturatu egin da, beharrik, ezker abertzale ortodoxo baten bat gauzak ez direla ongi hasi. Baina oraindik ere, aurtengo Aberri Egunaren bezperan, denok kalpar honekin.


ASTEKARIA
2006ko apirilaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude