Film laburrak: Sormenean luze, azpiegituran motz


2006ko otsailaren 26an
«Gauza txiki batek gauza asko kontatzeko aukera ematen du", hala esan digu behintzat, film laburrei buruz hitz eginda, Asier Altuna zinemagileak. Bada horixe da erreportaje honen xedea, lerro gutxitan zinema mota honi buruzkoak azaltzea. Dena dela, testu hau labur geratuko zaigu akaso, film laburren mundua txikia baino, handia delako oso.

Euskal Herrian film laburren alorra zertan den jakiteko horretan jardundako hiru zinemagilerekin mintzatu gara: Asier Altuna (besteak beste, Txotx eta Topeka film laburren egilea eta Aupa Etxebeste luzearen sortzailea), Ane Muñoz (Basurdea, Beaumonten jauzia eta Furbito putakumiak film laburren "ama") eta Joxe Mari Goenaga (Tercero B edota Sintonia laburren egilea). Dena dela, beste hamaikatxo izan zitezkeen gure erreportajearen protagonistak, Euskal Herrian luzea baita "labur kontalarien" zerrenda.

Are, esan daiteke orain Espainiako Estatuan edo nazioartean film luzeak egiten dabiltzan euskal zinemagile gehienak, denak ez bada, film laburren sarean endredatuta ibili direla. Izan ere, laburrak zinemaren artean murgiltzeko edo esperimentatzeko modu ona dira.

Baina hori baino askozaz gehiago ere badira, "genero" hitza aipatu du Ane Muñozek: "Istorioaren planteamendua, garapena eta ondorioa minutu gutxitan bildu beharrak nortasun berezia ematen dio lanari. Norberak bere diruarekin eta beretzako egiten duenez, ez saltzaile edo erosle batentzat, luzeak baino arriskatuagoak izaten dira, askatasun handiz egindakoak".


Film luzeak amets?

Gizartean zabaldutako ustearen arabera, baina, film luzea egiteko entrenamendu baino ez dira film laburrak. Usteak erdi ustel, gure hiru elkarrizketatuek berehalakoan ukatu digute baieztapena. Esaterako, Asier Altunak laburra egin du Aupa Etxebeste film luze arrakastatsua estreinatu ondotik, eta luze gehiago egitekotan ere, laburrak egiten jarraituko duela nabarmendu digu. Ane Muñozek, ordea, ez du film luzea bere asmoen artean.

Edonola ere, ekonomikoa da film laburra eta luzearen artean dagoen muga bistakoena eta horretan bat datoz gure egileak. Zaila da, halere, film laburren kostua zehaztea, erabilitako materiala, aktoreak, errodajerako zailtasunak eta produktuaren beraren iraupena hartu behar dira kontuan. Joxe Mari Goenagak 30.000 euroko kopurua aipatu digu, berbarako.

Diru laguntzak dira film laburrak finantzatzeko modurik arruntena. Horrez gain, produktore baten babesa izatea ezinbestekoa da maiz. Horretan eskea plazaratu du Asier Altunak: "Nik neuk produktoreei ausartagoak izatea eskatuko nieke, gehiago arriskatzea". Horretan arrazoia eman dio Joxe Mari Goenagak, zinemagilea ez ezik, Moriarti ekoiztetxeko kide ere badenak: "Ekoizpen etxe dezente dago Euskal Herrian baina gehienak ETBri begira daude, hau da, telebista-ekoiztetxeak dira. Ez diot txarra denik baina egia da produktua modu batekoa ateratzen dela telebistara begira egonda: produktu telebisiboa. Denok dakigu telebista seguruago dela, ez dela hainbeste arriskatzen eta, beraz, independentzia eta arrisku hori galdu egiten da. Euskal Herrian zinema-produktora gutxi dago, baina noski, jan ere egin behar da...".


Azpiegitura falta

Ingurumari horretan, azpiegituren gaia hartu dute hizpide gure hiru elkarrizketatuek. "Baliabideak murritzak dira Euskal Herrian, hemen ez dugu laborategirik, kamerak alokatzeko Madrilera edo Bartzelonara jo behar duzu eta bost egunerako gauza denez... Bi hiriotan grabatzea bideragarriagoa da, dena dago han, errazagoa da", azaldu digu Goenagak.

Horrekin kexu agertu da Ane Muñoz ere: "Hemen falta dena industria da. Ekoizpenak daude, ikusleak ere asko, baina bitartekorik ez: erosleak, saltzaileak, banatzaileak, erakusleak... Beharbada administrazioak egin lezakeena alor horietako enpresa eta langileak nolabait bultzatzea da, diru laguntzen bidez edo, laburrei kasu egin diezaieten".

Betiko moduan, gezi guztien jomuga den hitzarekin topatu den irudikapena du kazetariak: administrazioa. Film laburren alorrean, ordea, erakundeek txalorako tartea ere eskaini dute: Kimuak egitasmoa.


Laburren lagun kutuna

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1998an abiatu zuen Kimuak egitasmoa. Ekimenaren xedea Euskal Herrian egiten diren film onenek munduan presentzia edukitzea da. Hori horrela, urtero, sei film labur aukeratzen dituzte mundu zabaleko 400 jaialditan barrena erakusteko.

Txema Muñoz egitasmo honetako arduradun eta sustatzaileak azaldu digunez, euren lana promozioa, hedapena eta banaketa ziurtatzea da. Bada gehiago, "laburren ordezkaritza ere hartzen dugu gure gain, jaialdien arduradunekin eta telebistekin harremanetan egoten gara. Esan dezagun gu garela ikusten den aurpegia baina benetako protagonistak film laburrak direla".

Txema Muñozen taldeak egindako lan eskerga benetan txalotzen dute zinemagileek. Joxe Mari Goenagaren bi lan Kimuak katalogo preziatuan izan dira, Sintonía aurtengoan bertan: "Kimuakek banatzerako orduan dakar abantaila. Guk geuk nabaritu dugu bi film laburrekin; bigarren honetan dena moldatu dugu Kimuaken deialdira; aurrekoan, ordea, urte erdia eman genuen filma mugitzen eta horrek lan eta denbora piloa kendu zigun", dio Goenagak.

Are sutsuagoa izan da Asier Altunaren balorazioa: "Izugarria da pertsona bat edo bi urtean sei film labur jaialdietan barrena erakustea, horrek konfiantza ematen dizu, badakizu ikusiko dela. Eredugarria da, zalantzarik gabe".

Izan ere, Kimuak egitasmoaren oihartzuna ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Espainiako Estatuan tankera honetako lehen ekimena izan zen eta pixkanaka beste erkidego batzuek moldea kopiatu dute. Nazioartean ere oso estimatua da Txema Muñozen lana eta horrek mesede egiten dio euskal film laburrei eta bidenabar, euskal zinemari.

Sariak ere eskuratutakoak dira katalogoan bildutako harribitxiak. Hala, Joxe Mari Goenagak egindako lehen filmak, Tercero Bk, 40 sari pasatxo eskuratu zituen, Aitzol Aramaioren Terminalek, bestalde, sekulako sona hartu zuen nazioartean eta Koldo Serraren El tren de la brujak ere, halatsu.

Sariek, egindako lana eskertu ez ezik, hurrengo film laburrerako bidea ere errazten dute. "Finantzatzeko modua ere ematen du Kimuakek, zeren sariak jasotzekotan dirua lortzen duzu, telebistei ere saldu diezaiekezu...", azpimarratu du Goenagak.


Jaialdiz jaialdi ibiltzera "kondenatuta"

Nazioartekoez gain -orain gutxi egin den Clermont Ferrandekoa da garrantzitsuena-, Euskal Herrian ere film laburrak lehiatzeko jaialdi ugari dago: Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera, Zinebi (Bilboko Zinema Labur eta Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, akaso ezagunena), Bidasoaldekoa...

Izan ere, jaialdien magala dute etxe film laburrek eta hortik kanpo apenas dute presentziarik. Egia da, azkenaldian, Topaguneak antolatzen duen Euskal Laburren Zirkuituari esker, filmak herriz herri ikusi ahal direla, baina orokorrean txikia da oraindik film laburrek kultur eskaintzan duten tokia. "Askotan etxeko jendeari ez zaizkio heltzen. Film laburrak ez daude zinema areto arruntetan. Miraria da norbaitek film labur bat ikustea", agertu du Asier Altunak.

Filmak erakusteko espazioak konkistatzea zaila dela onartu digu Joxe Mari Goenagak: "Egileari ordaindua izatea gustatzen zaio. Batzuetan zalantza sartzen zaizu zure film laburra proiektatzeko baimena eskatzen dizutenean. Alde batetik, ikustea nahi duzu baina, bestetik, ordaindua izatea".

Ukaezina dena zera da: Euskal Herrian badira zinemagileak, badira ikusleak eta film laburrez gozatzeko gogoa, falta dena, euskal zineman gertatzen den bezala, horri eutsiko dion azpiegitura da. Ane Muñozek egin digu horren inguruko galdera: "Utopiaren aurrean ote gaude, berriro ere?"

Euskaraz gutxi
Euskaraz egiten diren filmen kopurua txikia da. Aurten, esaterako, Kimuak egitasmoan bildutakoetatik bakarra ere ez da euskarazkoa. Goenagak, Muñozek eta Altunak -euskaldunak hiruak- denbora kontua dela azpimarratu digute, alegia, gero eta gehiago dira euskaraz egiten diren filmak, arrakasta eta publikoa badutela demostratu dute. Hortaz, zinemagile euskaldunak dauden artean, lanak egin egingo direla nabarmendu dute.

Laburretik luzerako bidaia
"Aspalditik genuen ideia, bagenuen pausoa emateko gogoa eta erronka ere bazen. Lortu egin dugu eta puntazoa izan da!", halaxe, hunkituta baina harro, horrela deskribatu digu Asier Altunak film laburrak egitetik film luzea sortzerako jauzia.
Txotx edo Topeka laburren ostean eta erditze "luze eta zail" baten ondoren, etorri da Aupa Etxebeste, bere lehen lan luzea. Bi iraupenen artean aldea nabaria dela azaldu digu Altunak: "Narrazio aldetik gehienbat, laburra oso gauza txikia da eta berehala bukatzen da. Luzea, berriz, laburraren minutuak asko biderkatzea da. Errodatzeko orduan ere, luzean baldintzak askozaz hobeak dira, jende asko duzu lanean, zentzu horretan erosoagoa da, baina era berean, asko luzatzen da, pazientzia handia behar duzu. Horrez gain, filma zinema aretoetan izatea izugarria da".
Euskara hutsez errodatu dute filma, eta alde horretatik, arrakastatsu joan da, bai kritika zein ikusle aldetik. "Laburretan berdin dio zein hizkuntzetan egiten duzun, festibaletan mugitzen dira eta han ohitura da denak azpititulatuta agertzea. Film luzeekin beldur hori bagenuen, baina konfiantza ere bai eta azkenean ondo atera da. Bada, aurrerantzean ez dago aitzakiarik euskaraz ez egiteko; hori, ordea, elikatu beharra dago, mantendu, euskaraz film gehiago eginda alegia".


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude