argia.eus
INPRIMATU
Baratzearen gozoa
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a

Aspaldian baratzea abandonatu samarra daukagu eta urte sasoi hau oparoena ez bada ere badira, nahi eta nahiez, garaitsu honetan egin beharreko lanak. Marrubiak bakandu eta birlandatzea edo baba-ilarrak ereitea bezalako bitxikeriaren bat gorabehera, oraingo lan gehienak Alliazeae familia zabaleko kideei lotutakoak dira.
Lehen Liliazeae eta Amaryllidazeae familiatan sartu eta atera ibili ondoren azken sailkapenen arabera Allium genero zabalari aparteko familia baten izaera aitortu zaio. Genero bakarreko familia gutxi da landaretan eta hau da halakotako bat (Nothoscordum bezalako sinonimoak familiako dituenik ere bada…).
Alliumtarrak, Eurasian jatorria duten bostehunen bat barazki, ezagunak ditugu oso, etxekoak. Nork ez du egunero tipula edo baratxuria edo porrua edo txalota ez bada tipulina eskuartean, aho-sabaian edo pituitarioan?
Gerri-mehe eta ipurtestuak dira Alliumtarrak. Buruz behera bizi dira eta hauxe, buruan dute balioa. Geure espeziean bezala buruhandiak eta txiki askoak topatuko ditugu, baina geurean ez bezala beti beteak diren buruak…
Porruak jateko onenean diren urte garai honetan udaberrian gozatuko ditugun baratxuriak eta era guztietako tipulak orain landatzen dira. Nola berdetan freskotan paderaratzekoak hala urte osorako jaso eta lehorrak jatekoak.
Familia honek erabiltzen duen perfume ezaguna ondo berea duten sufreak dario. Negarra, atzerakoa, goragalea… denetatik eragiten omen dute hauen usainek, txarrerako dena. Gure kulturaren beste atrofia bat, osasunarentzako ezin hobeak direla gero eta argiago dakigunean…